Barcinaren kontraerasoa: Barkosek 150.000 euro eskatu zituen Euskalerria irratirako, bera akzioduna izanik

Diario de Navarrak, Nafarroako eskuinaren berripaperak, CANeko eskandalua baretzeko erasora jo du. Maniobra kaskarra bada ere, Barkosi egozten diote interes gatazkak izatea Euskalerria irratian parte hartze ekonomikoaren eta bere kargu publikoaren artean.

 

(Euskalerria Irratiak albisteari ohar bidez erantzun dio: “Beste hainbat akziodunek bezala, Uxue Barkosek akzio horien agiririk ez du jaso, eta enpresaren esku geratu dira, helburua ez baita inoren partetik diru etekinak izatea, baizik eta euskarazko komunikazio sozialaren proiektuari ekarpena egitea”)

Kakak UPNko enparauak gotitik behera zipriztindu ditu, agerian utziz dirua barra-barra ezer egin gabe poltsikoratzeko izan duten azal gogorra. Baina, dimisiorik ez da nafar lurraldean. Aitzitik, defentsa onena erasoa dela uste dute, eta horren emaitza da gaur Diario de Navarrak dakarren azala.
dn

Euskalerria irratia, lizentzia behin eta berriz justifikaziorik gabe ukatua zaion irratia, tartean da. Entzuleen ekarpen apalarekin funtzionatzen duen komunikabide euskalduna akzio paregabeen antzera marraztu du Diario de Navarrak. Azaldu dutenez, Uxue Barkosek maiatzean erosi zituen irratiko 200 parte hartzeak edo akzioak, baliogabetzen dute diru-laguntzak eskatzetik. Espainiako Kongresuan 150.000 euroko subentzioa eskatu zuen Barkosek irratiarentzat, aldez aurretik jakin bazekien ere ez zutela onartuko. Euskalerria irratia Petronor edo Iberdrola bailitzan, mozkinak lortzeko mauka. Nafarroako Gobernuaren utzikeriaren ondorioz babestu du Barkosek Euskalerria irratia. Baina dirua beste asmorik gabe euskararentzako uztea beti da susmagarria batzuentzat.

Diario de Navarrak iradoki du diru-laguntza hori bere poltsikora joango zela, modu batean ala bestean. Mozkin propio bila eskatu zuela diru-laguntza ukatua. Barcina bezain zikinduta dagoela. Diario de Navarrarentzat ez da inondik inora euskara sustatzeko ardura pertsonal gisa, probetxu indibidual gabeko elkartasunik ez baita existitzen nafar eskuinaren buruan. Horrez gain, ondasunen deklarazioan akzio horiek ezkutatu dituela leporatu diote. Inork ez du oraindik iruzkindu Diario de Navarran: Cree el ladrón que todos son de su condición.

UPNren txollo forala urperatzen ari denean badator Diario de Navarra erreskatera. Birritan pentsatuta, hau bada “abertzale-ustelkeria” lotzen dituen kasu handiena jai dute. Hain da agerikoa Diario de Navarrak argitaratu duen huskeria (CANekoarekin konparatuz zeresanik ez) ez duela bazterrak egun batzuz nahastea besterik lortuko. Oxigeno bila dabiltza ozeanoko koba sakonenean.

 

8 pentsamendu “Barcinaren kontraerasoa: Barkosek 150.000 euro eskatu zituen Euskalerria irratirako, bera akzioduna izanik”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2013-04-08 11:08

    Bai, noski, eta denok dakigu Euskalerria Irratiko akzionistak sekulako negozioa egiten dutela… Jendea ergeltzat hartzen dute, eta okerrana da agian arrazoia dutela.

  • Eskuin muturreko kazeta horretatik besterik ezin daiteke espero. Arrazoia Peru.

  • “Diario de Navarrak, Nafarroako eskuinaren berripaperak… ”
    .
    Soilik dago eskuma bakarra Nafarroan? Eta Diario de Navarra da Nafarroan dagoen eskumako egunkari bakarra?
    .

    Esaterako; Euzko Alderdi Jeltzalea ez da Nafarroakoa? Diario de Noticias ez da bere jabetza?
    .
    Diario de Navarra-ren kasuan nire ustez askoz zuzenago izango zen “Nafarroako eskuin muturra espainolistaren berripapera”, “Nafarroako eskuin frankistaren berripapera” edo anteko zerbait.

  • “Eskuin muturreko kazeta horretatik… ” esan dut nik, Larrea. Eta hori ere zuzentzat dut nik. EAJ-k baduela bere berripapera, eta hori ere eskuinekoa dela? Zalantza barik. Baina Diario de Navarraren aldean, Diario de Noticias ia leninistatzat jo litike…

  • Hori da herri honetan dagoen eskuin muturraren arrakasta politiko bat; hain faxista izanda gainontzeko eskumak, esaterako EAJ edota PSOE eta haien egunkariak, “ia leninistatzat” edo ezkertiartzat hartzen dituztela askok.

  • Amonamantangorri 2013-04-08 21:25

    Hasieran uste nuen inork ez zuela txorakeria honi batere kasurik eginen, ezta navarrista porrokatuenek ere. Ez ba. Merezi du Diario de Navarrako berrien azpian ageri diren iruzkinak irakurtzea. Desesperatuak daude.

  • EAJ eta Diario de Noticias; Nafarroako beste eskuma bat. UPN eta Diario de Navarra ez dira bakarrak.
    .
    “Iñaki Anasagasti vota a Capriles y sospecha de la manipulación del voto electrónico”
    http://www.noticiasdenavarra.com/2013/04/14/mundo/inaki-anasagasti-vota-a-capriles-y-sospecha-de-la-manipulacion-del-voto-electronico
    .
    Eta Euskadin Deia:
    “Anasagasti vota a Capriles y sospecha de la manipulación de resultados”
    “http://www.deia.com/2013/04/14/mundo/anasagasti-vota-a-capriles-y-sospecha-de-la-manipulacion-de-resultados

  • Muturreko eskuin inperialistaren eta EAJren arteko loturez kezkatzen hasi beharko dugu beharbada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude