Euskararen strip-tease bat (II)
Jaurlaritzako langile euskaltzalez osatutako Tiraka taldeak euskaldun berriei bereziki zuzendutako kontaketa pertsonalen bilduma egin du. Hamar istorio pertsonal jaso ditu taldeak, eta ZuZeun argitaratuko ditu. Euskararekin bizi izandako pozak, tristurak…nahi adina nahastuz, pasadizoak, frustrazioak, ilusioak…
(II) Euskaraz bizi na(h)iz
Iñaki Martinez de Lunari, hitzaldietan-eta, gustatzen zaio esatea: «Nací en Vitoria, a mediados del siglo XX; eta orain Vitoria-Gasteizen bizi naiz.» Nik esan beharko nuke «nací en Tolosa hace mucho tiempo, eta orain Gasteizen bizi na(h)iz».
Familia erdaldun batean sortu nintzen. Erdaraz eskolatu ninduten. Erdaraz bizi izan nuen kalea, lagunartea… 19 urte arte, gutxi gorabehera. Tolosa oso herri erdalduna ezagutu dut nik (ez Tolosaldea, halere, baina horiek gehiago ziren kaxeroak guretzat, beste toki askotan bezala). Osaba bat banuen, beti euskaraz egiten zidana (“jun nitxoan”, “esan zitxioan” eta horrelakoak esaten zizkidan, gainera, guatxitxi-guatxitxe); ez nion erdia ere harrapatzen; sufritu egiten nuen, disimuluan, tarteka “A, bai?” fatiko horietako batzuk esanez, jakin gabe txiste bat edo hileta bat kontatzen ari zitzaidan.
Gaztetan, aurkikuntza arraro bat egin nuen etxean. Oso titulu arraroak zituzten liburuak aurkitu nituen apalategi batean: Elsa Sheelen, Egunero hasten delako, Kalendrera, Biotz-begietan (1932koa)… Ulertezinak erabat, noski. Uste dut aitak konpromisoak edo militantziaz erosiak zirela.
Esan bezala, 19 urterekin San Pabloren zalditiko erorikoa bizi izan nuen. Euskara ikasteko beharra sentitu nuen, eta euskaltegian izena eman nuen. Binaka pasatzen nituen kurtsoak; dena xurgatzen nuen; dena apuntatzen nuen (meza-liburuak, gramatikak, folletoak…). Neure kasa nenbilen eta, normala denez, ahozkoan larri, nahiko akonplejatua: irakaslea (Martxelo Otamendi) galdezka hasten zenean, makurtu egiten nintzen, aurreko ikaskideen atzean ezkutatzeko. Izan ere, alfabetatze talde batean sartu ninduten, Bedaio, Albiztur Berastegiko… hainbat autoktonoren artean, dena “banetxekian”, “giñuztean”… dena guatxitxi-guatxitxe. Ez nuen ulertzen zergatik ikasten genuen “zenidan” esaten, gero denek “zidazun”, “dite(g)u” esaten bazuten.
Baina azkar egin nuen aurrera, asko irakurriz, beti antena jarrita, azokara propio joanda baserritarrei entzutera, lagunen etxeetan ahal nuena ikasten (Goierriko lagun baten etxean “Hau penea!” estrainekoz entzun nuenean, kontrako eztarritik joan zitzaidan jaten ari nintzen zopa). Eta asko gozatuz.
Emaztea Nafarroako Erriberako dut (etxetik ez Txindoki ez Gorbeia, Moncayo baizik ikusten den parajeetako). Berak ere ederki ikasi du euskaraz, eta etxeko hiru alabak euskaldun zaharrak dira. Euskara dugu etxeko hizkuntza. Bueno, segun… Esan nahi baita “familia nuklearra” deitzen den hori bai, euskalduna dugu, baina kontatzen hasi eta, osaba-izebak, lehengusuak, koinatu-koinatak… 30 ateratzen zaizkit!, eta horiek ere familia dira, eta denek erdaraz funtzionatzen dute, erabilera sinboliko trixte batzuk salbu. Pentsa, 5 vs. 30… Zuzenagoa litzateke esatea burbuja batean bizi garela, eta batzuetan, koladore edo pasadoreekin bezala, zuloz betetzen zaigu etxeko giroa. Faktore hori sarritan ahaztu egiten zaigula iruditzen zait, alegia, tipularen erdigunea euskalduna izan arren, ondoko geruzek egiten duten indarra. Dena den, horko kontuak ez daude nire esku, neurri handi batean.
Lagun batzuekin aspaldikoa dugu euskaraz egiteko konpromisoa. Baina uste dut batzuk-batzuk bueltan daudela, eta agian ez da hain gauza ez-ohikoa (hau da, 20 urterekin euskaraz egiteko kontzientzia bizia eduki arren, 40etara heldu eta erdaltzaletu, gaztetako beroaldiak ahaztuta, antza). Anai-arrebekin duela 10 bat urte erabaki nuen euskaraz egingo nuela (haiek ere euskaltegitik paseak izanik), eta eutsi egiten diot erabakiari, nahiz eta haiek beren artean erdaraz egiten duten.
Horixe bera gertatzen zait hemengo lankide askorekin ere: Pili eta Manolorekin euskaraz egiten dut, baina Pilik eta Manolok erdaraz egiten dute haien artean. Uste dut ez naizela bakarra hori gertatzen zaiona. Eta lan-giroa aipatu dudanez, horrekin bukatuko dut strip-tisa. Esaldi bakar batekin laburtu beharko banu nik ikusten dudana, «euskaldun asko, euskara gutxi» esango nuke (egoera txarra, baina aldatzeko aukera handiak dituena). Harritzekorik ez, ordea, gizartearen ispilua baino ez, nire ustez.
Horiek denek eta beste batzuek osatzen dute nire biografia linguistikoa. Kuriositatea daukat besteona jakiteko (Natxorena, Nievesena, Gerardorena, Arantxa, Guillermo, Gorka, Rebeka, Txetxu, Edurne eta beste hainbatena). Ez dago hizkuntza bat bizitzerik komunitaterik gabe. Niri neuri, disgustuak disgustu, hemengo lankide batzuen bultzadak eta egoskorkeriak kemen ikaragarria ematen didate aurrera jarraitzeko. Adibidez, zuk, Armando, zergatik tematzen zara tabloian beti euskaraz egiten, si en castellano nos entedemos todos?
(Kultura Saileko langile bat)