Barrura begiratzeko leihoak

Barrura begiratzeko leihoak –

Barrura begiratzeko leihoakBaziren hilabete batzuk “Barrura begiratzeko leihoak” filma ikusteko gogoz nenbilela. Nahiko berritzailea eta erakargarria egiten zitzaidan bost euskal presori buruzko pelikula bat ikustea. Interneten hamaika aldiz bilatu harren, Filmin plataforman kontua egin dudan arte ezin izan dut ikusi. Ba bai, hilean hamar euro ordaintzera animatu naiz, hau bezalako beste titulu asko bertan soilik aurki daitezkeelako. Gainera, kontsumo modelo honetan sinesten dut. Uste dut hau dela bidea. Hala ere, gai honi beste artikulu oso bat eskainiko diot hurrengo batean. Heldu diezaiogun gaurkoari.

 Euskal gatazkari lotutako presoei buruzko pelikula bat egiteak bere onurak eta arriskuak eduki ditzake. Gai indartsua, erakargarria eta zineman behintzat apenas landua izanak puntu asko ematen dizkio alde. Aldiz, gogoratzen dut pelikula estreinatzekotan zegoela Donostiako Udalak emandako bederatzi mila euroko laguntzak ekarri zuen eztabaida. Biktimentzako iraingarria zela salatu zuten alde politiko batzuetatik. Baina xelebreena da kalifikatibo hau jarri aurretik ez zirela pelikula ikusten ere molestatu. Azkenean ekoiztetxeak uko egin behar izan zion laguntzari.

 Polemikak polemika, eta pelikulak kontatzen duenean sartuta, uste dut planteamendu zuzena duela orokorrean. Narratzaile orokor bat eta honen azpian bost pieza txiki, bakoitza zuzendari baten eskutik eta preso bakar bati buruzkoa. Aldiz, pieza batzuek beste batzuek baina hobe funtzionatzen dutelakoan nago.

 Gustatu zaizkit, batez ere, Mireia Gabilondok eta Eneko Olasagastik hurrenez hurren zuzendutako “Gotzone” eta “Mikel”. Lehenengorako, Gabilondok, Gotzone eta bere senideen arteko hamahiru urtetako elkarrizketen zintak ditu erabilgai, eta bere pelikularen alde bikain erabiltzen ditu. “Gotzone”n presoa ez dugu inoiz iruditan ikusten. Bere presentzia bakarra zintetan azaltzen den ahotsa da, baina horrekin bakarrik sortzen duen enpatia maila oso handia da. Gainera, dispertsioari buruz esplizituki hitz egin gabe, pieza guztian zehar egiten zaion kritika egin daitekeen onena da, zalantzarik gabe.

 Olasagastiren “Mikel” piezan planteamendua ezberdina da, baina oso ondo funtzionatzen duela uste dut. Zuzendariak protagonismoa hartzen du eta kamera aurrean hainbatetan azaltzen da. Aldiz, benetako protagonistari ez dio sekula lekua kentzen, nahiz eta oraingoan ere ez dugun presoa zuzenean ikusten. Erakusten den zuzendari eta presoaren arteko harremana ezin zintzoagoa da. Nabaria da ezer ez dela behartzen pelikularako. Uste dut horrexegatik funtzionatzen duela ongi pelikula ixten duen pieza honek.

 Aspektu negatiboetan sartuta, nabarmenena narratzailean aurkitu dut. Alde batetik ETAren kronologiaren azalpenak ematen joatea zuzena iruditzen zait, batez ere pelikulari Euskal Herritik kanporako proiekzioa emateko. Aldiz, zuzendariek, ahotsa iparraldeko pertsona batek sartzea erabaki zuten, eta honen zergatiari bueltaka ez dut inondik inora aurkitzen. Kontraesankorra iruditu zait aipatzen nuen kanporako proiekzioari begira. Uste dut azentu frantses nabarmen horrek nahastea sor dezakeela.

 Hala ere, nahiz eta biren aipamena besterik ez dudan egin, pieza guztiak dute zer irakatsi. Beraz, artikulu hau “Barrura begiratzeko leihoak” pelikula ikusteko gonbite soilean utzi nahi dut. Baita proeiktua zapuzten saiatu ziren haiei ere, ziur bainago oraindik ez direla ikustera animatu. Gero hitz egin dezatela.

IRUNTZI DANA