Hesiak Gainditzen: ‘maketo’ euskaldunei maitasunez eskainitako dokumentala
30 minutuko dokumentala da ‘Hesiak Gainditzen’. Atzerritik Euskal Herrira etorri direnek hizkuntzarekin izan duten harreman berezia du hizpide. Sarean dago ikusgai, euskarara hurbildu diren beltz, moro, latino edo maketo guztiei esker onez.
Ideia Arrasateko Txatxilipurdi elkartearena izan da, eta gidoia Jon Maia eta Gorka Etxaberen (Arteman komunikazioa) artean idatzi dute. Dokumentala atzerritarren eta haien seme-alaben testigatzek osatzen dute, euskara haiei hurbiltzeko lan egin duten lagunen hitzek eta Jon Maiaren kontakizun pertsonalak. Arrasateko Udalak lagundu du filmaren ekoizpenean.
‘Hesiak Gainditzen’ lanean bereziki lantzen da 1960-1970 hamarkadetan Espainiatik etorri zirenen ikuspuntua, integraziorako zailtasunak eta horietako batzuk egindako ahalegin emankorra. Dokumentalean aipatzen denez, euskarak iraungo badu transmisioan etorkinek ere sensibilitatea izango dutelako izango da, eta horren ardura bertakoena ere bada. Hala, herriz herri euskara irakasteko borondatezko lana egin dutenei ere eskaini diote dokumentala. Gaitik haratago, ikus-entzunezko dotorea eta polita sortzea lortu dute egileek. Arrasate inguruetako irudiak mailako teknika ezberdinez lortu dituzte, herriaren ikuspuntu berri bat plazaratuz.
Egunotan Debagoienetik Euskal Herri osora zabaltzen ari dira lana, baina sarean ere doan eskuragarri jarri dute. Hemen duzu ikusgai ‘Hesiak Gainditzen’.
Hesiak Gainditzen from Arteman Komunikazioa on Vimeo.
Hunkitu nau dokumentalak… polit-polita benetan!