Frantzia: belo islamikoaren ondoren, burka
“Ikerketa honen ostean burkaren erabilera derrigortua dela, hau da, errepublikako printzipioen aurkakoa dela baieztatzen bada, orduan parlamentuak ondorioak erabakiko ditu”, erantzun zien diputatuei, Luc Chatel gobernuko bozeramaileak. Burka debekatuko duen lege bat ezartzea ere posible dela dio Chatelek. Nicolas Sarkozy presidenteak gaur goizean hitz egingo du honi buruz.
Proposamena, André Gerin diputatu komunistak (PCF) jarri zuen martxan, nazio eztabaida eragin asmoz eta ikerketa batzordeak burkaren gertakaria hobeto ulertzen laguntzeko. Hemizikloaren %10-k babestu du Gerinen proposamena. Aurrera aterako balitz, ikerketa batzordearen ondorioak azaroaren 30erako helduko lirateke. Besteak beste, Gerinek idatzitako proposamenean burkak emakumearen gorputza eta burua “literalki estaltzen” dituela dio, “ziega ibiltari” bat bezala. Niqab-ari ere, begiak bistan uzten dituen jantziari, eragingo lioke neurriak.
Eztabaida honek, baina, 2004ko gertakariak dakartza gogora. Hain zuzen ere, Frantziako ikastetxeetan erlijio sinboloak debekatu zituzten urte hartan eta debekuak eragin dituen polemikak ekarri dituzte gogora hedabideek egunotan.
Europa bitan banatzen duen eztabaida
Frantzia ez da eztabaida hori duen estatu bakarra. Holandan ere eztabaida puri-purian egon da azken urteotan, eta azkenik, “erlijio askatasuna” dela eta, kasu jakin batzuetan soilik debekatu zuten. Irakasleek eta erakunde publikoetan jendaurrean lan egin behar duten emakumeek dute burka janzteko debekua, iazko abendutik.
Turkian urteak daramatzate buruko estalkien inguruko eztabaidan murgilduta. Aurten, hain zuzen ere, unibertsitatean basorturu-a (Turkian ohikoa den estalki txikia) eramateko debekua kendu behar izan zuten iaz. Antza, hainbat emakumek goi mailako ikasketak debeku hori zela medio egiten ez zituztelako.
Obamak ere badu zer esana honi buruz, duela gutxi Egiptora eginiko bisitan “mendebaldeari” dei egin zion musulmanen erlijio ohiturak errespetatzeko.