Aiert Goenaga: “Boterekeria da atzean dagoena, bi ereduren arteko talka, ez besterik”
Atzo Gerediaga Elkarteak Goenagaren kaleratzea azaltzeko argitaratutako oharrari erantzun dio gaur ondarrutarrak, Euskadi Irratian. Atzo ZuZeuk argitaratu zituen ideiak baieztatu ditu Goenagak. Bere kaleratzearen atzean dagoena “boterekeria” dela adierazi du, “bi ereduren arteko talka. Bata, geurea, horizontala eta, bestea, Gerediagarena bertikala”. Esan duenez, Gerediaga Elkarteak beti azken hitza izan nahi du: “proposamenak jaso, ez erabakiak”. Goenagaren arabera, hori elkarlanaren eta auzolanaren aurkako jarrera argia da.
Bere aurka esandakoei buruz, Gerediaga Elkartearen oharrak “iritzi publikoaren aurrean justifikaezina dena, eraso pertsonalarekin itxi” nahi duela dio Goenagak. Durangoko Azoka inoiz ez dela proiektu pertsonala izan adierazi du, “inoiz baino horizontalagoa izan da”. Ustezko zintzotasun faltari buruz Durangoko Azokako zuzendari ohiak dio bere gain “mamu bat jarri” nahi izan dutela: “ez dago nondik heldu”. “Euskal Herri osoarekin zintzo ez dabilena, gezurretan dabilena Gerediaga Elkartea” izan dela dio Goenagak. Hedabideetara bidalitako oharrean ez bezala, berari arrazoi deberdinak eman zizkioten: “etxe barruko lanak ez zirela ondo egin eta konfidantza galdu dutela”.
Goenagak bere eta lantaldearen lan ona azpimarratu du, nahiz eta Durangoko Azoka 47aren emaitza ekonomikoak txarrak izan ziren. Hori kudeatzaileen arazoa ere badela jakinarazi du eta krisi ekonomikoaren unea ikusita emaitza onak “miraria” liratekeela argudiatu.
Gerediaga Elkarteak zuzendari kargua kendu izanaren arrazoien “bertsio bateratu bat, fartsa bat” egitea eskaini ziola ere eman du jakitera zuzendari ohiak. Liskarra ahalik eta azkarren amaitzeko nahia azaldu du Goenagak: “Durangoko Azoka Gerediagako zuzendaritzaren gainetik eta nire gainetik dagoelako. Proiektuaren urak bere bidera joatea nahi nuke”.
Aiert Goenaga-ren prentsa oharra:
Prentsa Oharra – Agoenaga by Garoa Kresal
RT @zuzeu: Aiert Goenaga: “Boterekeria da atzean dagoena, bi ereduren arteko talka, ez besterik” http://t.co/yOSVkCSM
Euskadi Irratiko elkarrizketa: http://www.eitb.com/eu/audioak/osoa/1257994/aiert-goenaga-durangoko-azoka–zuzendari-ohiaren-erantzuna/?utm_source=dlvr.it&utm_medium=twitter
Eskerrik asko, Gonzalo. Estekatuko dugu testuan.