Mozorroak

Mozorroak

Joan den astean, inauteriak zirela-eta, mozorroturik joateko eskatu ziguten ikastolan. Beraz, lau izugarrien elastiko ailegatu berria jantzita ibili nintzen mamoxarro, sorgin eta joaldunen artean (irakurlearen esku utziko dut erabakitzea nire mozorroa zehazki zerena zen, super-heroi batena edo berez gazteendako diren tixertak janzten dituen berrogei urteko gizon heldu penagarri batena): lekuz kanpo egotea landu egin behar den artea baita, niri gehienetan natural samar ateratzen bazait ere.

Baina, inauterien aldeko aho batezko onespena aurkitu dudan bezala, San Balentin egunaren aurkako jarrera erabatekoa sumatu dut inguruan: zenbaitek ezin dute irentsi kanpotik ezarri izana gure amodioa ospatzeko data bat (ez dute problemarik, ordea, alaitasuna eta senidetasun unibertsala uztailaren 7tik 14ra adierazi behar izateko); opariak saltzeko aitzakia merkea omen da (Eguberrietan –erran didate–, Jesus sortu izana oroitzen dugu –erlijioa bueltan da, lagunok–); San Balentin eguna, laburbiltzeko, kontsumismo hutsa da.

Alta, uste dut konent egon beharko genukeela otsailaren 14a bezalako egun bat eskuar izateagatik: horri esker, urtean behin, aski dugu aldez aurretik prestaturiko lelo batzuk botatzea (ikus aitzineko paragrafoa) kritikoak garelako planta egiteko. Niri, halere, inguruko guziek antikontsumista arduratsuaren mozorroa jantziko duten egunean, iduritzen zait memento ona dela gazte txoro enamoratuaren soinekoa paratzeko: ez da kritiko kezkatuarena baino egiazkoagoa izanen, baina bai aise irri-emangarriagoa.

Eta dena da zilegi gure barneko ni aspergarri horren kontrako borrokan.

mozorroak
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

2 pentsamendu “Mozorroak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude