Kiratsa
Bizkarreko min sendaezin izugarria zela eta, pilatesera apuntatzera animatu nintzen. “Hori amonentzat” zela, askok esaten zidaten bezala, pentsatuz. Hura sorpresa eraman nuena gelan sartu eta 40-50 urteko emakumeak ikustean. Horiek ez ziren amonak, ez, horiek emakume arruntak ziren, egunero zortzi ordu lan egiten zituztenak, nagusia agoantatu behar zutenak, seme-alabak zaindu behar zituztenak (edo agian ez). Era baten edo besten, estresak sortutako tentsioa ahaztu, mina baztertu eta erlaxatu nahi zutenak. Ohikoa.
Baina hau Donostia da, eta zerbaitengatik deitzen gaituzte ñoñostiar. Bada, hauetako emakume gehienek ez zituzten perlazko belarritakoak, urrezko eraztunak eta ezta ezpainetako gorriak ere kendu luzaketak, arnasketak eta erlaxazio-ariketak egiteko. Errespetatu beharrekoa iruditu zitzaidan, azken finean, bakoitzak bere maniak eta erritualak baititu. Gelatik atera ginenean, ordea, begi urdineko ilehori batek oihukatu zuenak bihotza estutu zidan:
– ¡Por Dios, aquí huele a tigre!
Tigre usaia ez dakit, baina kirats izugarria bai, bazegoen. Hamar emakume pijo kiroldegi baten 40 bat mutilez inguraturik. Sasoi batean zeuden mutilak, gainera. Gihartsuak. Altuak. Handiak. Testosterona hutsa eta izerdia barra-barra. Ulertezina zen, jakina, izerdiak usai desatsegina sortzea giroan, pertsona garbi baten izerdiak ez duelako zertan gaizki usaindu. Kirolak elegantea behar duelako izan.
Oilategia zirudien horrek: lotsagarria zela kiroldegiak usai hori baimentzea, gelaz aldatu beharko gintuzketela, pertsona batzuei dutxatzea komeni zitzaiela, eta beste hainbeste astakeria. Benetako emakume donostiarrak onetik atera ziren, harrigarria. Baina are harrigarriagoa izan zen irakasleak, isilean dena entzun zuenak, ustekabean bota ziena:
– Ba jakin dezazuela, andereak, zuen ostean gelara datozenek leihoa irekitzeko eskatzen didatela beti. Agian zuek zarete dutxatzeko beharra duzuenok.
Aho bete hortzekin, aldageletara ospa egin zuten. Zein gogorra den bizitza, munduko makillaje, perfume eta urrezko pitxi guztiek ere ez dutela usai korporala ezkutatzen.