Spero lucem
Obabakoak liburuaren 25. urteurrenaren karira, Plagioa Vs. Originaltasuna goiburuko jardunaldiak izango dira datozen asteotan, Bilbon. Oso itxura interesgarrikoak. Espero dut –euskal literaturarentzat bezala niretzat, pertsonalki, erreferentziala izan den- liburu horretaz argibide berriak ekartzea. Besteak beste, liburuko plagio gehiagoren berri.
Horregatik, ez nuke aukera galdu nahi aspalditik gogoan gordetako misterio pare bat argitu aldera. Hasteko, Henry Bengoa inventarium ere plagioa ote den. Hain zuzen, berriki 30. urteurrena bete duen Gauzaren atzekaldean nobelarena.
Inolako asmo inkisidorerik gabe, esan gabe doa. Ez dut ardura plagioa egitea zilegia den, beti, inoiz ez, behar denean soilik… Edo ondo egiten denean soilik, Atxagak –Axular lagun- proposatutako metodoari jarraituz. Gianni Rodariren proposamenaren antzekoa, Mikel Hernandez Abaituak Egan aldizkarian (2009-1/2) seinalatu zuenez.
Beste kontu bat da, arduragarriagoa, Henry Bengoa benetan plagioa balitz, zuzenbidean egindako plagioa litzatekeen. Alegia, Atxagak berak proposatutako ereduaren arabera.
1- “Plagiatzaile batek argumentu garbiko testuak aukeratu behar ditu. Ekintza soil batzuetara labur daitezkeen ipuin edo nobelak…” Lehen puntu honetan, eta lehen itxura batean, balirudike bai araua bete egiten dela. Erdozaintzi-Etxartek berak aitortu zuenez, Argiarako elkarrizketa batean, 1983ko urtarrilean:
“Gauaren atzekaldeak nobelaren gaia oso xinplea duk: Migel errefugiatu politiko bat duk, Parisen bizi dena, bere adin betean heriotze absurdo batek eramaten duena; honen bi lagunak, Jose eta Txomin, haren gelara badoatzik pusken biltzera, honela Mireni eman hitza betez.”
Halere, soiltasun horretatik haratago, istorioa gutxienekoa da Erdozaintzi-Etxarten nobelatxoan. Pisu gehiago du kutsu poetikoak –eta politikoak ere-.
2- “Plagiatzerakoan, bitxikeriak alde batera utzi behar dira beti”. Liburu arraroak, ezezagunak, oro har. Hizkuntza aldetik, esaterako. Gauaren atzekaldean euskaraz dago, jatorriz –Oztibarreko aldaeran-. Eta ez zuen zertan plagiatzailearen hizkuntzara itzulita egon. Villiersen ipuina ere ez zegoen euskaratuta. Nolanahi dela, Atxagak argi utzi zuen bere ikuspegia –ausart eta kritikoa, eta itzal handikoa azken mende laurden honetan-, euskal idazlearen hizkuntza literarioaz, hain juxtu ere Gauaren atzekaldean kaleratu zen garaian (Jakin 25, 1982 Urria-abendua).
Bistan da, sei urteren buruan –1988an- dezente apalduta legoke nobelatxo horren oihartzuna. Erdozaintzi-Etxarten heriotzak –1984an-, oso oker ez banago, ez zuen berrargitalpenik ekarri. Eta euskal narratiban eta gizartean izandako bilakaera handiek 2. puntuko 3. atala ere betetzat jo lezakete: “Zenbat eta zaharragoa izan eredua orduan eta hobeto plagiatzailearentzat.” Erdi Arora edo klasikoetara itzuli beharrik gabe.
Alabaina, puntu horrek lehen misterio batera eraman ninduen, hemen argitu ezina: nola iritsi ote zen nobela horren ale bat nire etxeko liburutegira?
Gogotik saiatu naiz gogoratzen. Argi daukat ez zela 1988 baino lehenago izan. Eta irakurri egin nuela, hitz ezezagun ugarien ondoan sinonimo familiarrak idatzi bainituen, arkatzez. Argi daukat, halaber, ordurako irakurriak nituela bai Obabakoak,bai Henry Bengoa. Beraz, onartu behar, berdin Gauaren atzekaldean aurretik irakurri banuen, edo ondoren, ez nuela plagiorik antzeman. Eta antzeman banuen, nire kolkoan gorde nuela, edo nire korroan. Eta ahaztu, azkenerako.
Dena den, argitzea espero dudan beste misterioa Gauaren atzekaldean liburuaren azalarena da.
Izan ere, etxeko alearen azalaren irudia ez da Interneteko gordetegi eta salguneen katalogoetan dauden aleen azaletako bera. Nobelaren edizio bakar bat kaleratu bazen, nola ote nirean, izkinan, irudiaren izena eta egilea agertzea –“Montmartre, 81, Igartua”- eta beste gehienetan ez. Nirean Sacre-Coeur basilikaren kupula agertzea, karrikaren gainetik, eta beste gehienetan ez. Nirean eskuineko etxearen leihoen pertsiana gehienak itxita egotea, eta besteetan gehienak irekita.
1982ko liburuaren azalak basilikaren kupula eta pertsianak itxita ekartzen ditu; ideia polita zen, tituluak Céline-ri egiten dion begi-klixka kontutan harturik: Montmartre, Céline-ren aberri txikia izan zen.
Plagio kontutan, egia da lagunen bisita bien abiapuntua da. Gero, Manex Erdozainzi-Etxartek errespetu ikaragarria zion ETAren proiektuari, eta Atxagak ez zuen benetako H.B. aurkitu nahi. Atxagari buruz bederen, hori zioen Antton Azkargortak 4. Larrun aldizkarian, 1986an.
Nik Atxaga eta Iturralderen emankizuna Baionako Balichon kultur-etxean ikusi nuen, eta, nahiz eta liburua zuela gutxi irakurria izan, plagioren ideia ez zitzaidan burura etorri, eta gaur arte ez naiz konturatu. Baina idazten hasteko estakuru argumental bera izanik, Erdozainziren sostengua (minez betea) eta Atxagaren porrotaren aldeko apostua kontrajarriak dira, oso. Horregatik ez nituen erkatu (?) (edo, behar bada, motza naizelako?)
Zerbait egitegotan Henri Bengoak ifrentzuz ematen du Migelen proiektua.
Baina istorio zaharrak dira, eta hain segur erdia ahaztu zait.
Azalaren misterioari buruz, bilatu dut “Gauaren atzekaldean” nobelaren argitalpen gehiago (Elkar-en katalogoan, euskal produkzioaren Jakin-en bilatzailean, ISBN delakoan…), eta ez dut topatu 1982koa besterik. Halere, begiratzen baduzu nobela hori Sarean irakurgai dagoen Armiarmaren gunean (goian jarri dut esteka) beste azala agertzen da. Nola ote?
Plagioaren aferaz, Atxagak proposatutako metodoan ez da alde ideologikotik ezer esaten, “ongi” plagiatzerakoan kontutan hartu beharrekoa. Urrunago gabe, oinarri ideologikoak oso ezberdinak dira Villiersen “Esperantzaren tortura” eta Atxagaren “Pitzadura bat elur izoztuan” ipuinetan. Bateko fanatismo eta zigor erlijiosoak, besteko amodiozko grina eta mendekuak…
Baina egia da –nire irudiko- zilborreste edo sistema komunikatzaile bat eratzen dela plagiatutako bi liburuen artean (orijinalaren eta plagioaren elementu guztien artean, ideologikoak, besteak beste). Eta alde horretatik –Henry Bengoa plagioa balitz, benetan-, zurea bezalako irakurketa-erkaketek joko handia eman dezakete.
Aparte, plagioa konfirmatuko balitz, Atxagak defentsa on bat prestatuta edukiko luke, bere metodoari jarraituz. Eta, batez ere, gurea bezalako “hesparru txikiko kulturetan” egoten diren etsaikeria eta ezinikusien eskarmentatuz. Seguru defentsa hori ere zuku handikoa litzatekeela.
Konfirmatu bitartean –edo ezean-, nik gomendatuko nuke “Gauaren atzekaldean” (berriz) irakurtzea. Oso laburra da, eta irakurketa oparoak eskaintzen ditu. Berez. Baina balizko plagio horri begira ere bai. Ez baita bi lagunen bisitaren kointzidentzia, soilik. Paralelismo nabarienez gain, “ereduaren” hamaika “arrasto” txiki eta bitxi daude.