Udarregiren ganbara

Iruzkinen artean harribitxi hau aurkitu dut: “Udarregi bertsolariak ez zekien idazten, ez alfabeto konbentzionalez behintzat: bertso bat bururatzen zitzaionean, baserriko ganbarara igo eta hango habeetan marka batzuk egiten omen zituen.

Gero, ez dakit zein, baina idazten zekien adiskide bat etortzen zen, eta marka haiek ikusita (“irakurrita”) lagunari bertsoa diktatzen omen zion Udarregik.

Gaur egun bere baserria botata dago: Artikula izeneko baserria zen, eta justu AP8 autopistaren trazatuan zegoen, Arratzain eta Mendizorrotz artean dagoen zubitxo edo pasarela horren lekuan.” (Udarregirena)

Ederra bezain iradokigarria. Udarregik ganbarako habeetan egiten zituen markek idazkera grafikoaren hasierara garamatza.  Nola hasi zen jendea idazkera grafikoa garatzen? Zertarako? Hauek dira giza-zientzien ikertzaileek egiten dituzten galderak. “Artikula” baserriko ganbaran erantzuna zuten; eta guk, baserria desagertu arren, jaso dugun adierazpen horri esker, imajina dezakegu nola eta zertarako sortu zen idazkera grafikoa. Udarregi bertsolariak, nolabait ere,  duela bost mila urte  edo gizon-emakumeek egin zutena berrasmatu zuen.

Nola joan ziren asmatzen gure arbasoek idazkera grafikoa? Udarregik asmatu zuen modura. Hasieran marra batzuk, gero marka horiek finduz eta eratuz ezari-ezarian idazkera grafiko mota ezberdinak agertzen joan ziren. Udarregiren adibidearen harira, beraz,  idazkera grafikoaren lehenengo zeinuak edo ikurrak nola sortu ziren imajina dezakegu.

Bigarren galdera -zertarako asmatu zen – da niri interes gehiena sortzen didana . Zertarako asmatu zuen Udarregik idazkera grafikoaren hastapen hura? Bertsoak gogorarazteko, hain zuzen.  Hala bada, istorio honen arabera idazkera grafikoaren zeregina eta helburua aurretik eta “beste leku batean” asmatutako bertsoak gogorarazteko bigarren oroimena izatea zen. Bigarren eta kanpoko oroimena, kasu, zeren eta lehenengoa eta barneko oroimena bertsoak sortzeko prozesuari berari dagokio. Ganbarako habeetan egindako markak, bada, kanpoko bigarren oroimena ziren. Eta bere funtzioa barneko lehenengo oroimena zabaldu eta handitzea litzateke. Ordenagailuen adibidea burura etorriko zitzaizuen. Halako zerbait da. Halere, ordenagailuen kasuan kanpoko eta barneko memoriak kalitate aldetik berdinak dira. Gure kasuan, ordea, barneko lehenengo oroimena eta kanpoko bigarrena kalitatearen ikuspegitik ez dira, ikusiko dugunez, berdinak. Barnekoa, sortzeko oroimena da; kanpokoa, berriz, gogoratzeko oroimena.

Bi eremu ezberdinak ere agertzen dira istorio honetan. Behekoa  bertsoak asmatu eta sortzeko eremua da. Bertsogintzaren eremua da (oraindik ez dakigu bertsogintza zer den, dakigun bakarra bertsoak sortzeko ahalmena ematen duen zerbait dela). Eguneroko bizitzari loturik dago. Eremu horren erdigune fisiko eta sinbolikoa sukaldea da. Hor sua gordetzen eta zaintzen da.  Egun berezietan, etxekoak suaren inguruan  bildurik,  bizitzako penak uxatzeko, kantu zaharrak eta bertso berriak -lurra lantzen, behiak larratzen, ardiak zaintzen edo bazkaria prestatzen asmatutako bertsoak – kantatzen dira. Komunitatearen eremua da.

Goikoa, ganbara alegia, bertsoak gogorarazteko eremua da. Eta han agertzen dira idazkera grafikoaren lehenengo marrak. Behekoa komunitatearen eremua baldin bada, zeren eremua litzateke ganbara? Idazkera grafikoa Zibilizazio eta Estatuarekin lotu ohi da. Hala bada, proiekzio bat eginez, ganbarako eremua Estatuaren eremua dela esan genezake.

Kontakizun honetan garbi geratzen denez, bi eremuak estu loturik izan arren, guztiz ezberdinak dira. Sukaldearenean, bertsogintzaren eremuan, bertsoak asmatzen eta sortzen ziren: eremu sortzailea zen, ba. Ganbaran, berriz, idazkera grafikoaren eremuan, behean sortutako bertsoak gogoratzen eta, nolabait ere, grabatzen ziren (eta gero adiskide baten laguntzaz paperetan ere idazten ziren). Pauso bat gehiago emanez, beheko eremuan bertsogintzaren bidez herriko komunitatearen oroimena, mundu sinbolikoa eta identitatea sortzen direla esan liteke. Ganbaran, berriz, idazkera grafikoaren bidez komunitate hori  mundu zabalean plazaratuko litzateke. Zein da bi eremu horien arteko hierarkia? Udarregirenak bidalitako istorioan, ganbara,hau da, idazkera grafikoa eta Estatua, sukaldeko komunitatearen zerbitzura dagoela garbi geratzen da, zeren eta bertsoen nahiz komunitatearen sorlekua beheko suaren inguruan gauzatzen den. Hala bada, sorleku horren misterioa argitu nahi izanez gero, bertsogintza zer den ulertu beharko genuke. 

Zibilizazioa aurrera ahala, bertsolariaren ganbara idazlearen ganbara bihurtu da, eta lehenengo markak, idazkera fonetikoa. Idazlearen mahai gainean gramatika eta hiztegiak daude, eta apaletan liburuak, liburu asko. Zibilizazioa aurrera ahala, idazleak, ganbarako bakardade epelean, sortzeko eremua sukaldekoa dela ahaztu du eta  sortzeko ahalmena ikur grafikoei atxikirik dagoela uste du.  Fetitxe edo idolotzat hartuz, ikur grafiko horiek gurtzen ditu eta bere itxaropen guztia haiengan jartzen du. Zibilizazioa aurrera ahala, idazleak, egia nabaria eta unibertsala balitz bezala, idazkeraren sortzeko ahalmena idazkera grafikoari baino ez dagokiola eta herri baten kulturaren sorleku bakarra ganbara dela fede onez bezain itsuez sinesten du. Zibilizazioa aurrera ahala,  herri baten oroimena, irudimena eta identitatea sortzeko leku bakarra Estatua – nazionala, federala edo kosmopolita – dela fede onez bezain itsuez sinesten du.

Zibilizazio aurrera ahala, sukaldearen sorlekua ahozkotasunaren linboan geratzen da. Eta kristauen linboarekin, gertatzen zen bezala, ez dago batere garbi zer den ahozkotasunaren itzalezko mundu hori. Kristauen linboan bataiorik gabeko haurrak “izoztuta” – gozatu eta sufritu gabe – geratzen omen ziren; ahozkotasunaren munduan, berriz, idazkerarik gabeko primitiboak “zozotuta” – zinezko giza sentimendurik gabe -geratzen dira. Arretaz gordeta, iraganeko erlikiak bezala erakusten dira (antropologo yankien gozamenerako eta haien tesiak egin ahal ditzaten).

Zorionez, bertsolariek, zibilizaziori muzin eginez, sukaldeko suari eutsi diote. Zergatik biltzen diren euskaldunak bertsolarien inguruan? Komunitatearen sorlekua non dagoen gogoratzen digutelako. Gogoratze hori, nire ustez, oso garrantzitsua da gure herriaren biziraupenerako eta, ahal den neurrian, gure historiaren ardatz okertua zuzentzeko. Baina, bertsolarien mezu ezkutua argitzeko, aurretik bertsogintza zer den ulertu behar dugu.

 

 

 

 

 

bertsolariak, Idazkera
Galo

FILOSOFO OHIA