Idazkera, zergatik gaur?

Platonen “Fedro” dialogoa nahiz VII. gutuna aspaldian ezagunak ziren. Ezaguna zen,  bada, Platonek idazkerari buruz pentsatzen zuena. Fedro ere oso ezaguna zen.  Lehen, “Fedro, edo Edertasunez” zioen dialogoaren izenburuak. Orain, berriz, “Fedro, edo idazkeraz”, esan beharko luke. Lehen, Fedro edertasunarekin kezkatuta zebilen. Gaur, berriz, gure Fedro umotu eta idazle bihurtu zaigu. Eta idazle guztiok bezala idazkerarekin arduratuta dabil. Horregatik lehen kontuan hartzen ez zuena gaur arreta handiz irakurtzen du; eta, Sokratesen ahotsik ezean, ez du uzten Platonek idatzitako lerro bat ere zorrotz miatu gabe. Irakurle ere bihurtu da Fedro. Gure garaikidea da, horretan. Gu ere idazkerarekin arduratuta gaude. Zer aldatu da gure bizitzan, idazkera gure arazo-gune bihur dadin? Geuk ere idazle izan behar dugu? Geuk ere idazle izan nahi dugu?

“Gizon-emakumeek konpondu ditzaketen arazoak baino ez dituzte aintzat hartzen”, zioen Marxek (buruz errepikatzen dut ideia). Hori egia balitz!  Gaur idazkeraren arazoa aintzat hartzen dugu, arazo hori konpondu behar eta ahal dugulako? Inshala! Dena dela, idazkerari buruzko jakin-min zaharberritu horrek aro berri batean sartzen ari garela iradoki lezake. Agian, idazkeraren bidez, birjaiotako Fedrok euliari amaraunetik askatzeko irtenbidea erakutsiko dio.

Eric A. Havelockek jakin-min horren bataioa 1.963 urtean kokatzen du.  Izan ere, sei liburu erabakigarri agertu ziren urte hartan: “Animal Species and Evolution” , E. Mayr; “Gramatologie”, Derrida; “La pensée sauvage”, Lévi-Strauss; “Gutenberg galaxia”, McLuhan; “The consequences of literazy”, Goody  eta Watt; eta, azkenean, “Preface to Platon”, E. Havelock. Dataren fetixismoan erori gabe, idazkerari buruzko jakin-min berriaren berpiztea XX. mendeko bigarren zatian koka genezake. Izan ere, XX. bigarren zati horretan “historiaren  eta ideologien bukaera” aldarrikatu zen. Bukaera horrek aro baten bukaera ere iragartzen ote du? Aldarrikapen horiek idazkerari buruzko jakin-minaren birjaiotzarekin zerikusirik al dute?

Aginakok gizon-emakumeen bilakaera hiru zati handitan banatzen du: Paradisu garaia (200.000 – 40.000); inozentzia garaia (40.000 bp – 2.000 ap) eta, hasi berria dena, idazkeraren garaia. Zergatik deitzen diogu  “inozentzia garaia” gizon-emakumeen historiari? Konturatzen bagara, paleolitikotik gaur arte gizon-emakumeek “goi ahalmen” batean sinetsi dugu. Goi ahalmen hori forma asko hartuz joan da historian zehar, baina beti gizon-emakumeak zaindu eta babestu ditu. Ahalmen horren azkeneko haragitzea marxismoa izan zitekeen. Produkzio sisteman ezkutatzen zen goi ahalmen horrek gizon-emakumeak paradisu komunistara eramango zituela iragartzen zuen marxismoak. Iragarpen zehatza,amets ederra. Amets horretatik stalinismoak esnatu gintuen, eta zehaztapen berriak ez ziren lerratzen iraultzaren ildotik.

Nietzschek – Marx baino profeta zuzenagoa – Jainkoaren heriotza iragarri zuen. Ilustratu gehienek, erlijioaren jainkoaz ari zelakoan, bero txalotu zuten. Baina Nietzsche haratago zihoan: goi ahalmen ororen heriotza eta desagerpena iragartzen ari zen. Ez zuen soilik Goi ahalmen horren heriotza aldarrikatzen; aitzitik, jenio jostalari baten erreinu berria iragartzen hasi zen. Jostalari maltzur horren zulo misteriotsuak “betiereko itzulera” zuen izena. Botere nahiaz egina zen, eta gaingizonaren itxurak hartzen zituen, bere boterea agerrarazteko.

Profezia hori egin zuenean, XIX. bukaeran, inork ezin zuen ezta imajinatu ere filosofo ero hori iragartzen ari zena. Gaur, hirugarren milenioan sarturik, Nietzscheren profezia beltza ulertzen hasi gara. Inozentzia aroa bukatu zaigu. Ez dugu sinesterik gizon-emakumeen bizitza zentzuzkoa denik; ez dugu sinesterik libreak garenik, ezta historia menderatzen eta gidatzen dugunik ere. Jenio jostalari batek sortutako amaraunean harrapaturik gaude;euliak bezala, eta haiek bezala, askatzeko asmoz zenbat eta ahalegin gehiago, hainbat eta harrapatuago geratzen gara.

Goi ahalmen oro desagertu da. Jainko guztiak, zerukoak eta lurrekoak, hil egin dira. Jenio jostalari baten mendean gaude. Inozentzia galduta, jainkozko ahalmen oro desagerturik, esklabotza eta desagerpenarekin mehatxatzen gaituzten jostalari maltzur baten mendean.

Zer gertatu da? Ez dut galdetzen zergatik okertu den mundua. Ez dakit, egia esan, okertu ere okertu den. Agian makurra lerrorik zuzenena izango da. Onartu ere onartzen dut harrapatuta gaudela eta  irtenbiderik ez dugula.  Hala gertatu da, eta kito. Eulien patua izango da agian. Baina, euli arrazionalak izanik, gauden egoerara nola iritsi garen ulertzea posible ote da?  Gure armiarmaren perfekzioa eta edertasuna ikustea posible ote da? Gure armiarmaren logika gupidagabea ezagutzea posible ote da? Hori bakarrik, besterik ez.

Eta bukatzeko, zer dagokie amaraunean harrapatutako euliei? Gainean datorkiena? Ala hegaz egingo dute? Eta, nondik aterako dituzte ordezko hegotxo berriak? Idazkeratik agian? Ala “bizitza literatura baino ez da” xuxurlatzen duten euli literarioak izatera kondenatuta ote gaude?

Bankari anarkista

 

FILOSOFO OHIA