Ingelesa ikasi arte biziko gara espainolaren menpe

Ingelesa ikasi arte biziko gara espainolaren menpeAzken 1.000 urtean, areago azken 500ean, euskaldunok sortu -sortzen lagundutako- gaztelania -espainola- ezagutu eta erabili dugu hegoaldetik ‘mundura’ irteteko. ‘Mundua’ ezagutzeko tresna. Baita iparraldekook ere, gure azken mila urteko ‘txokotxo’ gero eta txikiago honetako ezagupenetan isolaturik geratu nahi ez eta. Frantsesa ere erabili dugu, iparraldetik ‘mundura’ jalgitzeko. Eta latina ugari, Erromatiko zibilizazioa orain 2.000 eta gehiago urte gurera hurbiltzen hasi zenetik.

Ibilbide honetan euskaldun asko izan da/gara ‘munduan’ bizimodua atera dugunak hizkuntzon ezagutzari esker. Eta kontaktu horiei esker garatu gara euskaldunok garena izatera iritsi garen arte. ‘Euskaldun’ iritsi baldin bagara ordea, zalantza gabe izan da gutako askok denbora luzean argi bereizi duelako/dugulako hizkuntzon artean. Gurea, euskara. Munduan ibiltzeko, behar izan dugunean, munduan dabilena garaian. Latin, frantses edo espainol.

Ezagutzaren eta erabiliaren erabiliaz ordea, eta areago, hizkuntzok bultzatu dituzten ondoko estatu-inperioen eragin gero eta bortitzagoez, etxean ere nagusi bihurtu zaizkigu. Makina leku eta jende jan digute hizkuntzok 2.000 urtean Euskal Herri zabaletan, eta oraintxe gauzkate hilzorian. Denok gara gutxienez elebidun, frantses edo espainol. Noiz-eta euskaldunok (ere) inoiz baino behar ohitura handiagoa dugun munduan ibiltzeko, mundua ezagutzeko, munduko berri uneoro jasotzeko, munduan bizitzeko. Horretarako eta horregatik segitzen dugu euskaldunok espainola baliatzen hegoaldean, frantsesa iparraldean, gure etxe barruenetan ere -hedabideak-, damurik gure artean ere maiz. Eta aspaldi sinetsarazi nahi izan digute ‘gure’ euskara bezain ‘gureak’ ote diren gutxienez espainola/frantsesa.

Eta, bai, izan dira ‘gureak’, munduan ibiltzeko, mundua ezagutzeko. ‘Gurea’ ordea, euskara izan da, eta euskara da. Eta euskarari eskerrak ‘gara’.

Aspaldiko partez zorionez, gaur jada ez dugu itotzen gaituzten bi hizkuntzon beharrik munduan mugitzeko. Espainolak jarraituko du aldarrikatzen munduko bigarren hizkuntza ote den nazioarteko harremanetan. Frantsesak, hirugarren. Beren saminerako ordea, ingelesa da gaur eguneko munduko hizkuntza.

‘Mundua’ gaur ez da espainolez mugitzen, XVI eta XVII. mendeetan bezala (munduaren %13 ‘espainol’). Ezta ere frantsesez, XVII. mendetik XX.a arte bezala (ludiko lurren %8,7 ‘frantses’). Munduarentzako ez da akaso hobea izango, baina gure zorionerako gaur ingelesez mugitzen da mundua. 1922an munduko jendeen bosten bat zen britainiar inperioaren mende. Lurren ia laurdena. II. Mundu Gerraz geroztik, Amerikako Estatu Batuak bihurtuko dira munduko gidari. Areago 1990ez geroztik (Errusiako) SESBen inperioa deseginda. Gustatu edo ez, munduan ingelesez egiten da ekonomia, ingelesez zientzia eta teknologia, ingelesez informazioa… Ingelesa da nazioarteko hizkuntza. 1.100 milioi hiztun munduan (360 milioik lehen hizkuntza). Txinera estandar mandarinez, teorian 1.200-1.350 milioi txinatarren hizkuntza, praktikan txinatarren %53 da gauza mintzatzeko, 700 milioi inguru, eta ez da Txinako hizkuntza ofiziala baino oraingoz. Espainolez, ia 500 milioi, edonola, munduko zilborretatik urrunxko. Frantsesa 220 milioi (74 jatorrizko).

Gure hizkuntza hautua? Irauten lagundu diguna, ez? Betikoa. Euskara, ‘gurea’. Gure lurrarekin, gure aurrekoekin, gure ‘gutasunarekin’ lotzen gaituena, ‘gu’ egiten gaituena. Eta munduan ibiltzeko, munduan dabilena. Ingelesa. Espainolek/frantsesek bezala: berea, eta munduan ibiltzeko, ingelesa. Edota jarraitu nahi ote dugu mundua betaurreko espainol/frantsesen bidez ezagutzen, zuzenean ingelesez ezagutu ordez? Espainol/frantsesen bigarren eskuko itzulpen interpretazioen bidez? Hélas! Utikan! Mundua okerrago ezagutuko dugu, eta lehen eskutik ezagutu nahi dugu. Eta etsai zuzen ditugun hizkuntzak ahalik eta urrunen nahi ditugu gure etxetik, gure garuneko apaletatik.

Sinetsarazi nahi digute espainolek/frantsesek, ingelesa, beren joandako hegemonien etsai irabazi-ezina, dela ere gure etsai. Ordea gure etsai zuzenak frantsesa eta espainola dira, eta aldiz, ‘etsaiaren etsaia, lagun’. Zenbat eta ingeles gehiago jakin, espainol/frantsesaren behar gutxiago izanen dugu, konturatzeraino zein hutsal diren hizkuntzok gaur egungo munduan. Hizkuntzon beharrik gabe ‘munduan’ bizitzeko, askoz errazago jarraituko dugu ‘euskaldun’. Gure nortasun marka. Askoz libreago espainol/frantses orojaleen hartz besarkadetatik.

Berdin gertatuko zaigula ingelesarekin? Ikusiko dugu. Oraingoz espainol/frantsesak baztertu dituen ingeles hori bera baliatu behar dugu guri, bai, azpi guztiak jaten ari zaizkigun espainol/frantsesak urruntzeko. Ingelesa da gure bideko aliatu taktiko natural.

‘Gurea’, euskara. Eta munduan ibiltzeko, ibili nahi dugulako, munduan dabilena. Ingelesa. Ezin dugulako munduarekin lotuko gaituen hizkuntza bat gabe bizi. Ez dugulako nahi. Eta ez zaigulako komeni hizkuntza hori gure etsai espainol/frantsesa izan dadin.

Ingelesa ez dakigun bitartean, espainolaren/frantsesaren menpe jarraituko dugu. Espainol/frantsesen pozerako. Euskaldunon kaltean. Ingelesa ikasi, euskaldun jarraitzeko munduan.

P.S. Artikulua BERRIAra bidalita atzo argitaratu zen bertan.

Ingelesa ikasi arte biziko gara espainolaren menpe

euskara

24 pentsamendu “Ingelesa ikasi arte biziko gara espainolaren menpe”-ri buruz

  • Oker egon naiteke, baina ene irudiz ingelesak laugarren behar luke izan gurean, euskararen geografian mintzatzen diren hiru hizkuntzen ondotik.

  • Kaixo, Bittor,
    Ez dizut ukatuko ingelesaren garrantzia gaur egungo euskaldunontzat (eta munduko edozein herritarrentzat, bide batez). Historiaren une honetan, ingelesa ulertzea eta menperatzea abantaila itzela da edozeinentzat, iraganean beste hizkuntza batzuk (gaztelania edota frantsesa, tarteko) menperatzea izan zen gisan. Horretan bat nator zurekin.

    Dena den, ez dut ontzat ematen beste hizkuntzak “etsaitzat” hartzea. Nik ez dut hizkuntza “etsairik”. Kasurik okerrenean, hizkuntza “lehiakideak” izan ditzaket, nire hizkuntza euskarari (bai jaiotzaz, baita bokazioz ere, mintzabide dudanari) tokia lapur diezaioketelako. Kezkagarria, frantsesak edota gaztelaniak horrelakorik egitea, baina ez gutxiago ingelesaren eskutik etortzea atzerakada hori.

    Beharbada gaztelania eta frantsesa etsaitzat jotzen dituzu geografikoki (politikoki, administratiboki, sozialki…) guregatik askoz gertuago izan ditugulako orain arte. Beraien indarra (eta inposizioa) euskararen kalteko izan delako, zalantza barik. Baina euskararen arazoa ez da izan Euskal Herritik kanpora joateko zein hizkuntza behar izan dugun (indianoek gaztelania behar zuten Latinoamerikan arrakasta izateko, edota Iparraldeko gazteek Parisera joateko frantsesa), gure artean komunikatzeko eta bizitzeko euskara “ez-nahikotzat” jo izana baizik.

    Zuk hizkuntza “etsaitzat” dituzun horiek gure bizitzetatik kenduta ez diogu euskarari salbamenik emango, frantsesa eta gaztelania batuta baino indartsuago den beste hizkuntza bat ondoan jarrita. Hau da, euskararen egoera larriak bere horretan jarraituko luke; Euskal Herria nagusiki hispanofono eta frankofono izatetik anglofono izatera igaroko litzateke. Mundura begiratzeko betaurrekoak aldatuko genituzke, globalizazio handiago eta bortitzago batean sartzeko, agian.

  • Peru Dulantz 2013-01-27 08:55

    Momentuz gure eskoletan “eleaniztasunaren” aitzakiarekin D eredua eta murgiltze liguistikoa ahultzeko eta gaztelania berrindartzeko (beharra izango balu bezala) erabiltzen ari da ingelesa.

    • Iban Tustán 2013-01-27 11:46

      Hala da. Gaztelania ikastetxean indartzearena probokazio onartezina izango litzateke gurea bezain makurtuta ez dagoen edozein herrialdetan.
      Eta ingelesa indartzearen ere, euskararen ikaskuntza prozesua zailtzeko helburuarekin egina dago, eta ez “mundura irtetzeko” prestatzeko helburuarekin. Ikastolak aitzindari eta eredu (Ingalaterran bertan sarituak) izan dira ingelesaren ikaskuntzan, ikasgaien heren bat ingelesez eman beharrik gabe. Unionistek egin dutena, txapuza ikaragarria izateaz gain, irakasleak prestatuta ez egoteaz gain, eta dirutza xahutzeaz gain, euskara bazterrerago uzteko operazio bat izan da. Politikari abertzale askoren despiste, prestakuntzarik eza eta utzikeria antologikoak lagun, hori bai.

  • Segi haziak ereiten, Bittor, ernatuko dira euria datorrenean.

  • Bittor, barkatu, baina zure artikulu honetan bihotz asko, baina argudio gutxi ikusten dut. Hasteko, ez dut uste hitzkuntza-etsaiak eta hizkuntza- lagunak daudenik. Izatekotan, hiztunak.

  • Euskovlaams 2013-01-28 13:40

    Bittorrek espainola edo frantsesa etsaiak direla dioenean euskeraren esparruak jaten dituela esan nahi du. Errazagoa da etsaiak direla esatea eta kitto; ez iezaiozue horri garratzirik eman.

    Flandrian bizi den euskaldun bat nauzue. Flandriarrak nere ustez, frantsesaren kateetatik ingelesaren bidez askatu dira. Orain dela 50 urte, flandiarrak ziren “baserritarrak”, frantsesa kostata hitzegiten zutenak. Orduan frantsesa zen hizkuntza unibertsal aurrerakoia eta nederlandera berriz bigarren mailako hizkuntza primitiboa. Gaur egun, flandiar guztiek hitzegiten dute ingeles perfektua. Herri hizkuntza, nederlandera jarraitzen du izaten, munduarekin ordea ingelesez mintzo dira (unibertsitatetan, enpresa haunditan, zientzian, etab). Belgikako alde frantsesean berriz, beraien frantsesarekin (ia elebakar) jarraitzen dute. Flandrian lokalista eta atzerakoiak direla ezin da esan jadanik, ingelesa izan da beraien hautua ordea eta ez frantsesa. Modu honetan beraien eguneroko hizkuntza nederlandera den bitartean kanpora begira ingeles solasten dira.

    Ederki ulertzen dut Bittorrek esan nahi duena, gurea bezalako hizkuntza txiki batendako, munduan ibiltzeko espainola eta frantsesari benetan konpetentzia egin diezaioken bakarra ingelesa da. Munduan ingelesez eta etxean euskaraz. Nork deituko gaitu “paleto” eta “aldeano” orduan?

    • Iban Tustán 2013-01-28 14:36

      Ikasi eta erabili beharreko erdara ingelesa izatea helburu interesgarria izan daiteke, baldin eta lehenik edo batera, euskararen erabilera sustatzen badugu. Hemen, Fladrian ez bezala, jende askok lehenik espainerara eta jarraian ingelesera egin du, euskara atzean utzirik. Euskarak baserritarren hizkuntza izateari utzi dio herri askotan, espainieraren eta frantsesaren mesedetan.
      Egoera bakoitzari erantzun egokituak eman beharra dago. Herri oraindik euskaldunetan ere, erosten diren egunkarien %95 españolez idatzita badaude, eta horietatik %80 euskararen normalizazioaren aurkakoak badira (Correo, Diariovasco, Diariodenavarra…), ingelesaren erabilera sustatzen hasi aurretik esku bete lan daukagu euskara katakunbetatik ateratzen lehenik.

    • Zuk esan duzu: frantsesa kostata hitz egiten zutela… eta beraz ingelesa ikasteko autua egin dutela, baina etxean nederlandera erabiltzen dutela. Arazoa da hemen etxean gaztelera eta frantsesa dela nagusi. Eta, ingelesa ikastearen alde nago, e, baina orduan, munduan zehar ingelesa erabiliko dugu, eta etxean (eskoletako patioetan…) gaztelera edo frantsesa. Alegia, nire ustez, gure kasuan ingelesak ez duela euskara salbatuko.

      • Orokorrean ari naiz hitz egiten, noski. Gainera, beti egon naiz teoriak baztertzearen kontra. Esan nahi dut, tokian-toki, unean-une, ingelesaren erabilera eraginkorra izan daitekeela (aztertu egin behar), baina akatsa litzatekeela estrategia orokor bezala erabiltzea.

    • Nafar Gobernua ere, EAEn PSErenak beste bide batetik egin bezala, euskara ahultzeko erabili du ingelesaren sustapena. Nafarroan dagoen aldea da, han ez direla ezkutatzen.
      Iribas, Nafar Gobernuko Hezkuintza Kontseilariak, argi hitz egin du behin beino gehiagotan horretaz: “…apostamos por el plurilingüismo, y en concreto por el dominio del inglés…”
      Euskara helburu da unionistentzat, desagerrarazteko helburu noski, abertzale asko eta askoren pasibitatea eta onkeria lagun.

      • Euskovlaams 2013-01-28 16:55

        Eskoletan ingelesa gaztelera batera sartuz argi dago unionistek euskara ahultzea bilatzen dutela. Ni ez noa hortik, ingelesaren hedapena ezin da euskararen kalterako izan. Gaztelera baztertu eta ingelesagatik ordezkatzeaz ari naiz. Esperientzia piloto bezala, esparru euskaldunenetan (UEMA herrietan adibidez) edota D ereduan gure haurrei ingelesa behar bezala irakasten badiegu, espainiar kosmobisioa zein txikia eta mugatua den konturatuko dira eta naturalki baztertuko dute euskara(propioa)/ingelesa(kanpokoa) paradigma baten alde. Munduko edozein lekutako lagunak egin ahal izango dituzte eta kanpoko ideia berriak itzulpenik gabe jaso (internet, zinea, liburuak,…). Ze erakargarritasun geratuko zaio gaztelerari orduan?

        • Esperientzia piloto bezala, esparru euskaldunenetan (UEMA herrietan adibidez) edota D ereduan gure haurrei ingelesa behar bezala irakasten badiegu, espainiar kosmobisioa zein txikia eta mugatua den konturatuko dira eta naturalki baztertuko dute
          Gauzak ez doaz ba bide horretatik… Ikastoletako eta D ereduko haur eta gaztetxoak konturatuta daude euskararen unibertsoa zein txikia den eta zein zabala den gaztelaniazkoa adibidez. Eta konturatuta daude, guraso euskaldun askok gaztelaniaren unibertso horren hautua egin dutela, euskara eurentzako eta zakurrentzako utzita batik bat. Euskal Herrian gaztelania eta frantsesa “gure” egin ditugu zuzentasun politikoaren izenean abertzaleek, unionistek euskarari bizkarra eta atzea eman dioten bitartean.
          Planteatzen duzun euskara(propioa)/ingelesa(kanpokoa) paradigma ez da egingarri egun. Gaur gaurkoz erakargarritasun arazo itzela daukana euskara da, ez espainiera edo frantsesa.

          • Peru Dulantz 2013-01-29 00:24

            Erabat ados, Itzain, eta testuinguru horretan, Ingelesa euskarari esparru handiagoa lapurtzen dion lehiakidea da. Gaurko egunean hasten diren musika-talde gazte askoren zalantza horixe izaten da: Nola kantatuko dugu, euskaraz ala ingelesez? Bat aukeratzeak bestea baztertzea dakar… Lehiakide bat gehiago, horixe da ingelesa euskararentzat.

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2013-01-29 08:55

    Eskerrik asko eztabaidan parte hartzen ari zareten guztioi. Oso bereziki Euskovlaams-i Flandriako adibidea ekartzeagatik, pentsatzekoa baita flandriarren ingelesa bultzatze horrek, ordura bitartean beste ‘belgiarrekin’ eta bide batez ‘munduarekin’ komunikatzeko ‘ezinbesteko’ zuten frantses nederlandera jalearen aldean, baduela zerikusirik flandriarrak azken urteetan ezagutzen ari diren harrotasun nazional prozesuarekin, beharbada laster estatu propioa izatera ere eraman litzakeena.

    Idatzi duzuen beste guztion kezkak ere badira ordea nire kezka. Eta horregatik artikulua. Eta bertan ni ez naiz ari hizketan gure arteko erdaldunei, baizik euskaldunoi, eta oso bereziki jada ‘euskaldun bihotzeko’ garenoi, eztabaidan sartu garenon itxurakoei. Hemengo erdaldunek ezinbestez ikasi behar dute euskara gurekin bizitzeko, gizalegez, eta behar lukete lege arauz ere; bestela, orain arte bezala, espainol edo frantses inperialistak inposatzen ari zaizkigulako beraiekin bizi ahal izateko.

    Jada ‘euskaldun bihotzeko’ garenok ordea, eta oso bereziki gure seme-alaba ondorengoek, espainola (edo frantsesa) ‘ongi jakitea’ ‘ezinbesteko’ izan ez dezaten gizartean aurrera egin ahal izateko, guk behar izan dugun bezala, aukera bakarra da, ongi egitea, gaur egun espainolak eta frantsesak baino askoz aukera zabalagoa eskaintzen duen beste hizkuntza bat, kasuan, ingelesa, mundu gero eta globalizatuagoko gizarte honetan aurrera egin ahal izateko. Hori dugu euskaldunok modu bakarra espainolari (frantsesari) lekua jateko gure bizitzan, geure buruetan, mundua ezagutzeko ezinbestean beste hizkuntza behar dugun neurrian. Gaurko munduan ez dago euskaldunik elebakar izan nahi duenik. Ala bai? Eta atzokoan ere ez. Edota gure guraso, gure aitona-amona euskaldunek elebakar iraun ahal izan dute munduarekin kontakturik gabe, gu elebakar izan gintezen nahi izan al dute? Eta guk gure seme-alabak?

    Besterik da ordea, gure etxean, gure lurrean, gure artean, Euskal Herrian. Etorkizun euskalduna izan lezakeen gure jarrera bakarra intsumisio linguistikoarena da, eta euskaraz baino ez egitea, are Euskal Herrian biziz euskara ikasteko edo erabiltzeko batere zaletasunik erakutsi ez dutenen aurrean. Hala bakarrik behartuko ditugu euskara ikastera lur honetan oraindik euskaldun ez direnak guri ulertu nahi badigute. Ez dugu ingelesa gure arterako behar. Baina are gutxiago egunero men egiten diegun espainola eta frantsesa. Eta hemen gure artean, gure etxean, gure lurrean, ingelesez egiten duenak, ingelesez kantatzen duenak, hegoaldean espainolez ari zaigunak edo kantatzen digunak bezainbesteko mesede egiten digu. Euskaldunon kontra ari da.

    Ni beraz Euskovlaams-ekin, ingelesa kanporako, eta etxerako intsumisio linguistikoa. Euskara baino ez. Ez bakarrik, ‘saiatu’ euskaraz egiten, ez ‘euskaraz bizi nahi’. Euskaraz, eta kitto! (Ez dut uste aurrenekoa naizenik esaten.)

    Ondo izan

    Bittor

    • Horretan bat nator, intsumisioarenean esan nahi dut. Intsumisioa eta duintasuna behingoz!

    • Peru Dulantz 2013-01-29 13:00

      Bittor, legez derrigortuta gaude gaztelania jakitera…

      • Bittor Hidalgo
        Bittor Hidalgo 2013-01-30 17:38

        Hezkuntzaz ari gara? Nafarroako Gobernu espainolaz ari gara?

        Ala guri, zuri eta niri, jada euskaldun garenoi bigarren hizkuntza gisa erabiltzea komeni zaigunaz ari gara?

        Ez dakit ingelesik badakizun, baina hegoaldean ingelesik ez dakigunok, espainola darabilgu ezinbestean bigarren hizkuntza gisa (Iparraldean frantsesa), -gutako hainbatek lehen hizkuntza gisa ere bai-, mundua ezagutzeko, mundu ez euskaldunarekin komunikatzeko tresna gisa. Zuk?

        Eta segi nahi diogu hemendik aurrera ere espainolari ezinbestekotasun hori ematen gure artean? Zuk bai?

        Orduan zein da alternatiba?

        Euskal elebakartasuna defendatuko dugu gure herrikideentzako?

        Hobeak dira aukera horiek gure artean ingelesaren ezagutza bultzatzea baino?

        Gustatuko litzaidake ‘trapura sartzea’ eta galdera horiek ere erantzuten saiatzea, nire ustez hor dagoelako arazoa.

        Eta arazo dugu ere Nafarroako Gobernuak edo Zelaa EAEko kontseilariak ingelesa badarabilte gure artean euskara uxatzeko.

        Gure herritarrek nahi dute ingelesa. Guk ere bai. Zer eskatu behar diegu gure herrikideei ingelesa eta euskararen artean aukeratzeko Nafarroako Gobernuak bultzatu gisa? Ez. Aldez aurretik galduta dugu borroka hori.

        Gure aukerak euskera eta ingelesa behar du izan. Ez euskara eta espainola -frantsesa iparraldean- (bakarrik behintzat).

        Are gutxiago noski espainolek, espainola eta ingelesa aukeratzen badituzte.

        Eta guk ingelesa aukeratzen ez badugu, are espainolaren -frantsesaren- menpekoago izango gara orain baino, bere mendean egongo garelako munduarekin konektatzeko, espainolak, frantsesak zuzenean ingelesez konekatzen diren bitartean.

        Uste dut hasi naizela errepikatzen… Utziko dut.

        Ondo izan

        Bittor

    • Fermin Galparsoro 2013-01-29 14:53

      “Etorkizun euskalduna izan lezakeen gure jarrera bakarra intsumisio linguistikoarena da, eta euskaraz baino ez egitea, are Euskal Herrian biziz euskara ikasteko edo erabiltzeko batere zaletasunik erakutsi ez dutenen aurrean. Hala bakarrik behartuko ditugu euskara ikastera lur honetan oraindik euskaldun ez direnak guri ulertu nahi badigute”

      Nire dudak daukadaz diozun hau gertatzea posible dan.

      Nik, Vicenç Villatorok hizkuntzen inguruan egindako hitzaldi honetan dinoazanak, zoritxarrez errealagoak direla uste dot.
      Bideo guztia ikusteko denbora/gogorik ez daukanarentzat, joan daitela 57. minutura.
      http://www.eitb.tv/es/#/video/2103460559001

      • Bittor Hidalgo
        Bittor Hidalgo 2013-01-30 17:54

        Izan ditzakezu noski zure zalantzak komeni ote zaigun Euskal Herrian, bereziki EAEn hemen baitugu indar gehien, euskaraz egitea erdaldunei.
        Pentsa dezakezu Vicenç Villatorok bezela komeni zaigula estatu propio bat edukitzea hobeto defendatu ahal izateko gure herria. Ni ere horretan nago, baina egun ez du ematen nafar-garaitarrak edo iparraldetarrak oso horren aldeko direnik, ezta ere arabarrak gehiengoz… Eta horrela ez daukagu erraza estatu propioa eskuratzea denbora laburrean. Beraz ados gaude bitartean ere egin beharko ditugula gauzak.
        Kontua da, eta hau uste dut komeni zaigula ongi ulertzea, estatu propioa izanda edo izan gabe, euskaldunok, euskaldun bihotzekook, espainolez berba egiten segitzen diegun bitartean herri honetako erdaldunei, beraiek bai ez dutela orduan batere beharrik euskara ez ikasteko, eta ez erabiltzeko.
        Guk euskaldunok barra-barra beraiek espainolez, eta nahiko dugu beraiek hastea guri euskaraz egiten. Gauden hortan!
        Zuk nola egiten diezu herri honetako erdaldun elebakarrei, euskara ikasteko paradarik hartu ez dutenei azken 35 urtean, edota euskara jakinda ere erabiltzen ez dutenei? Espainolez egingo diezu? Gureak egin du. Bestela akaso ere bai. Baina Txillardegi parafraseatuz, espainolez egiten segitzen badiegu zertarako behar dugu estatu propioa?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude