Urrezko ardi-larruaren bila
Bertsolariak gure heroiak al dira? Euskaldunon heroi xumeak? Hala dirudi bertso txapelketan jasotzen duten harrera ikusirik? “Bertsolariak” pelikulan bertsolarien sarrera da unerik hunkigarrienetako bat niretzat. Jendea zutik, aurrera eta gora bultzatu nahi balituzte bezala, txalo, txistu eta oihuen artean bertsolariak oholtzarantz abiatzen dira.
Halako harrera ikusterakoan, behinolako heroiak burura etorri zaizkit; heroi olinpikoak, heroi mitikoak, beren herria salbatuko duen “urrezko ardi-larruaren” bila abiatzen diren heroiak.
Jai giroa da bertsolarien inguruan sortzen den giroa. Txapelketa giroa ere bai. Ikusmina nagusi da. Nork irabaziko ote duen ikusmina. Azalezko ikusmin horren azpitik, halere, beste ikusmin mota bat, sakonagoa, ia sakratua, suma daiteke. Lehenengoa bertsolarien arteko lehiari loturik dago; bigarrena, berriz, guztion lanari. Izan ere, bertsolari guztion zeregina “urrezko ardi-larrua” ekartzea da.
Edipok edo Jasonek bezala, heroi orok enigma bati aurre egin behar dio, herriari salbazioa ekarriko dion sendabidea eskuratzeko. Enigma hori bizitzak berak jaurtitzen du gizakion aurrean. Bizitzaren aurpegia esfingearena da. Eta esfingea bezalakoa, misteriotsua, errukigabea eta hiltzailea da bizitza. Horregatik bizitzaren enigma argitzen ez duen herria hiltzera kondenatuta dago.
Ulertzen al da bertsolariek sortzen duten entusiasmoa? Alde batetik, esfingeak mehatxatutako herria; bestetik, esfingeari aurre egitera abiatzen diren heroiak. Alde batetik, herria zeinaren mintzoa desagertzearekin mehatxatuta dagoen; bestetik, bizitzaren enigma argitu beharrean dauden bertsolariak, herriko mintzoaren sendagai salbatzailea aurkitzeko.
Ulertzen al da zergatik ia erotzen den jendea sendagai salbatzaile horren bila abiatzen diren bertsolariak agurtzerakoan? Ulertzen al da bizitzaren enigmari aurre egitera ausartzen diren heroi xume horiek sortzen duten entusiasmoa?
Baina, zein da gure mintzo gaixoaren sendagai miragarri hori? Non aurkitzen da? Eta, zein da bertsolariek argitu behar duten enigma?