Musikariak izozten dituen nire laguna

Juan G. Andres – Javier Etxezarreta-ren argazkia

Juan G. Andres, edo akaso Fotero del Panico edo @foteropanico bezala ezagunagoa duzue.

Nire maisutzat dut idaztearen eta kontatzearen ofizioan. Nagusi nuen garaiak atzean utzita ere, nire maisu izaten jarraitzen du. Bekario zertzel nintzela, elkarrekin egiten baikenuen lan orain hilzorian dagoen egunkari bateko kultura orrietan. Are gehiago, oraindik maisu eta kidetzat badut, lana baino gehiago, ofizio bat baino gehiago, afizio eta pasio bat konpartitzen dugulako da. Bere laguntza gabe ez bailukete bitakora honetan idatzi ditudan kontzertu kronika bakan eta txepelek irudirik izango. Mila hitz baino gehiago behar bereak azaltzeko.

  • Bi besarkada nahi nizkioke eman

1- Lehena, tamalez eman ere. Berari eta Noticias de Gipuzkoako lankide ohi guztiei bizi duten tragediagatik. Kazetaritzak ondo azaldu zuen ZuZeun; ez dira egiarentzat garai xamurrak. EREz ERE ibili ostean, baldintza oso eskasetan lanean, enpresak ia langilegoaren erdia kaleratuko du. Juanen pastako kazetariak kinka larrian egoteak argi erakusten du ofizio honek bizi duen egoera.

2- Bigarrena pozez eta harro. Gaur Egiako Kultur Etxean argazki erakusketa zabaltzen baitu. Lapurtuko nizkiokeen ezaugarrietarik bi, dituen nekaezintasuna eta konstantzia dira (Eta atera dituen argazki guztiak XD). Fin eta eder idazteaz gain, murrizketen erruz egunkari bateko geroz eta orri gehiago betetzeaz gain, Euskal Herriko kontzertu andanara joateko tartea bilatzen du. Eta gero kronika egiten, argazkiz eta lumaz, gauari orduak lapurtuz gehientsuenetan. Eta horrela… ez dago bere objetiboetatik ihes egin duen ia artistarik, eta bera bezain artista izatea da askoren objetiboa. Musikariak izozten dituen nire laguna. Ikaragarria da etxean duen artxiboa, beretzat nahi lukeena edozein melomanok. Horietatik ederrenak aukeratu ditu erakusketarako. Ezin galdu.

Noiz eta Non:

‘Zuzenean’ erakusketa
Urtarrilaren 7tik 31ra, Egiako Kultur Etxean, Erakusketa Aretoan
Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara /16:00etatik 21:00etara
Baztan Kalea, 21 zk.
Donostia

http://juangonzalezandres.com

Informazio gehiago…

 

Ekaitza bainuontzi batean