Idazlearen ileordeak
Idazlearen ileordeak –
Raymond Chandlerrek idatzitako The big sleep nobela gidoi bilakatzeko eskatu zioten William Faulknerri. Liburua behin eta berriz errepasatu eta gero, Chandlerri hots egin behar izan zion Faulknerrek hiltzailea nor zen galdetzeko. Chandler mutu gelditu zen eta liburua berrirakurritakoan erantzungo ziola agindu zion. Irakurri zuen eta deitu zion. Berak ere ez zekien nor zen hiltzailea.
Ez dago irakurketa bakarreko obrarik. Alferrik ari da bere lana interpretazio okerretatik babestu nahian bere lanari buruzko hitzaldiak ematen dabilen idazlea. Alferrik, lanaren birijintasuna ez urratzeko bere burua ezkutatzen duena ere.
Tristea gerta daiteke literatur lan baten epaian idazlearen eraikuntza sintaktiko miresgarriek adina pisu izatea idazlearen ile-apaintzailearen artaziek, etsipengarria idazlearen irakurketa ordu guztiek bezainbesteko garrantzia izatea kiroldegian sartu gabekoek, ernegagarria hainbeste buruhauste ekarri dizkion estiloaren aurkikuntzak beste balio izatea irribarre egiten jakiteak, baina hala da, zertarako ukatu.
Idazleak bere obraz dioena bost. Axola duena idazleak besteen obraz esaten duena eta nola esaten duen da, zein musika entzuten duen, non argitaratzen duen, noren laguna den, noren etsaia ez den, Facebook-a duen ala ez duen, zer sinatzen, zein zaletasun aitortzen dituen eta aitortzen ez dituenak onargarriak ote diren… Horrela osatzen da gaur egun idazle baten obra. Horrela osatzen da irakurketa den komunikazio ekintza konplexu hori.
Kirmen Uriberen Bilbao New York Bilbao Kirmen Uriberena zela jakin gabe irakurri nahiko nukeen. Edo Borgesen neurriko jolasa eginez, Kirmen Uriberen lana Edorta Jimenezek edota arrantzale baten emazteak idatzia balitz bezala. Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea guztiz bestelakoa litzateke Ezker Batuaren aldeko kanpaina egin zuela ahaztuta irakurtzea lortuko banu eta zer esanik ez Joseba Sarrionandiarena kartzelatik damututa atera eta Complutenseko literatur irakasle jardungo balu. Eta Iban Zaldua HIESak jotako neskatila balitz? Eta Xabier Mendiguren tabernari speedazle bat balitz? Katixa Agirreren lana pasa den mende amaieran hildako ipuingile suediar ezezagun baten itzulpena bailitzan irakurtzea lortuko banu eta Itxaro Bordaren legenda bere buruaz beste egindako serora baten legendak ordezkatu balu guztiz liburu ezberdinak irakurriko nituzkeen, koma bakar bat ere mugitu gabe.
Agian horregatik egiten zait geroz eta gaitzagoa ezagun ditudanen lanak irakurtzea. Protagonistei ileordea antzematen diet, idazlea den sabel-hiztuna bere liburuko pertsonaien ahotsa inpostatzen entzuten dut eta aldamioek sostengatutako eszenatokia etengabe jaso behar dut lurretik istorioarekin aurrera jarraitu ahal izateko.
Etengabe galdetzen diot nire buruari, nolakoak ote lirateke liburu horiek ni bestelakoa banintz.
.