Euskaldunon izena ez duzu alferrik erabiliko, ezta zikinduko ere
Ez duzu euskaldunon izena alferrik erabiliko, ezta zikinduko ere
Duela gutxi, Berria ezker abertzalearen zerbitzura eta ez euskaldunenera egotea iradokitzen zuen Bittor Hidalgok ZuZeun plazaratutako artikulu erostratiko batean. Zaharra da salaketa hori, halere (Egunkariaren kontra demokrata espainiarrek halako zerbait esan zuten). Zaharra eta zitala (salaketa batzuk ezin dira egin gezurretan ibili gabe). Baina horrek ezin du estali Bittorrek azalarazten duen arazoa: zer erlazio dago politikaren eta euskararen artean? Nola moldatzen dira abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna?
Erlazio hori bi printzipio hauen bidez adierazi liteke: “Ez duzu euskaldunon izena alferrik erabiliko, politika jakin bat justifikatzeko”, bata. “Ez duzu euskaldunon izena zikinduko, politika jakin bat justifikatzeagatik”, bestea. Euskara politikaren mendean jarriz, lehenengo printzipioa apurtzen da; politika euskararen mendean ipiniz, bigarrena. Lehenengoak — erdi aroko kontzeptu bat erabiliz —, simoniakoak lirateke (sakratua diruz erostea zen simonia). Bigarrenak, berriz, fundamentalistak (“sakratuaren” izenean politika profano jakin bat inposatu nahian dabiltza eta).
Bi printzipio horiek ondo ulertu eta erabiltzeko honako arau hauek kontuan hartu beharko genituzke:
Lehena: euskaldunon komunitatearen eta euskal estatuaren eremuak loturik egon arren, ezberdinak eta autonomoak dira.
Bigarrena: euskaldunon komunitatea identitate nahiaren eremuan kokatuta dago; euskal estatua, berriz, botere nahiarenean. Identitate nahiak bat eta berdin izatea du helburu. Botere nahiak, berriz, jaun eta jabe izatea.
Hirugarrena: Jaun eta jabe izan gabe, identitatea hutsik geratzen da; bat eta berdin izan gabe — hau da, identitaterik gabe — botere nahia nora ezean dabil.
Laugarrena: Identitate nahiak ez du adierazten zer egin behar den jaun eta jabe izateko. Hala bada, identitatearen balioen izenean — euskaldunon komunitatearen izenean, alegia — ezin da politika jakin bat aukeratu; are gutxiago, inposatu. “Sakratuaren” izenean politika jakin bat inposatzea, sakratua profanatzea da.
Bosgarrena: Boterearen bidez jendarte baten identitatea faltsutzen eta inposatzen bada, jendarte hori sustrairik gabe geratzen da. Litekeena litzateke Euskal Herrian — Frantzian edo Espainian egin duten bezala — euskal identitatea inposatzea, baina hori arima deabruari saltzea litzateke eta, azkenean, gure identitatea ordezkatu eta faltsuturik, identitaterik gabe geratuko ginateke. Izan ere, euskaldunon komunitatea — identitate komunitatea — politikaz haratago dago.
Seigarrena: Identitate komunitatea munduratzeko eta historian plazaratzeko jaun eta jabe izan behar da. Hala bada, gure euskal identitatea munduratzeko eta historian plazaratzeko jauntza eta jabetza — hau da, subiranotasun politikoa — eskuratu behar dugu.
Bi eremu ezberdinetan bizi gara, beraz. Bizirik irauteko, euskaldunok bi eremu horietan lan eta borrokatu behar dugu; hau da, estatua (nazioa) eta komunitatea (herria) eraiki behar ditugu. Baina, aldi berean, bi eremu horiek kontu handiz berezi behar ditugu. Nahasiz gero, akatsak eta okerrak agertuko zaizkigu. Tamalez, behin eta berriro, akats eta oker horietan erortzen gara.
Eta horrela jarraituko dugu, batzuek eta besteek ohiko bideei eutsiz gero. Zein da gaitz horren erroa? Hain zuzen, batzuek eta besteek euskara eta euskaldunon komunitatearen autonomia kontuan ez hartzea. Zer diot? Autonomia? Komunitate horren existentzia ere ez dugu ezagutzen eta. Izan ere, besteek eta batzuek, Estatuan eta politikan baino ez dugu sinesten. Boterean baino ez dugu itxaropena jartzen.
Funtsezkoena ahaztu dugu; herri bat biziarazten duena baztertu. Horregatik eztabaida antzuetan eta liskarretan — euskaldunon izena alferrik erabiltzen eta zikintzen — jarraituko dugu.
“Jendarte” hitza irakurri/entzuten dudanean buruak pum egiten dit. Ezin dut eraman. Barkatuko didazu.
Ados diozun askorekin, baina funtsezko tesiarekin ez: politika (estatua, boterea, nazioa) eta komunitatea (hizkuntza, identitatea, herria…) ezin dira bi errealitate autonomotzat jo, hori garai,. leku eta egoera batzuetan hala izan badaiteke ere, aztertu behar da hala den ala ez, eta gurean hala den a la ez… (barkatu, motz nabil, testuari batzuetan ironia kutsua antzeman diot, hala ote da?)
Definitu gabe doazenak:
Euskal komunitatea: honen definizio guztiak politikoak, ideologikoak, dira ezinbestez. Hizkuntza darabilgunean ere, definizio ideologikoa egiten dugu eta definizioa errealitatea egiteko bidea da.
Autonomia. zer da komunitate (linguistiko) baten autonomia? nola gauzatzen da hori gaurko garaian? Politikatik kanpo gauzatu ahal da?
Sakratua al da euskara? Sakralizatu behar al dugu? Aldare batean jarri eta horren aurrean gurtuko dugu? Edo zikindu eguneroko borroka eta paseotan (nik euskara oinetako bat dela uste dut, eroso eta noranahikoa nahi dut)
Boterea eta identitatea bi al dira? noiz dibortziatu ziren? Gure kasuan, botere gabeko identitate batek iraun badu (hala kontatzen diogu geure buruari), botere-harreman batean bizi delako izan da, eta neurri txikian bada ere, hura “botereduntzen” asmatu delako. Identitateak botere-sareetan bizi dira, boterea identitate-joko bat da (hemendik doa zure hirugarrena ezta?)
Botere nahiak, berriz, jaun eta jabe izatea. Nietzsche pozik. Baina boterearekiko halako ikuspegi ezkorra (boterea berdin jauntze eta zapalkuntza) ez da inondik inora boterearen kontzepzio bakarra, ez da onena ere, boterea ahalmena eta ahalmen kolektiboa ere izan daiteke. Botere nahia ez da jaunen kontua bakarrik (haiek hori sinestarazi nahi badigute ere), boterea elkartasunaren gakoetako bat da, norberaren duintasunaren iturria; baina jakina botere hori jaunen botereaz bestelakoa da, oso.
Identitateak faltsutzea: identitateak beti izaten dira faltsuak eta beti izaten dira egiazkoak, joko horretan garatzen edo gauzatzen baitira, hau da, jendarte edo komunitate baten identitatea ez da emanda eta eginda dagoen ezer, etengabe sortu eta inbentatu behar den kode bat baizik: hau gara gu dioena. Hori egiteko, aurrekoek utzitako eta emandako asko erabili ahal dugu, fedea edo mintzoa esaterako, baina hori berpiztu eta berkodifikatu ezean ez da identitate kolektibo gairik izango. Politika da jendarte modernoetan kode horien metakodea. Eta horregatik diogu “gurean Espainiak eta Frantziak identitate bat inposatu dutela…”: Espainia eta Frantzia politikoki (ere) eraiki direlako, eta identitate-sortzaile eraginkorra izan direlako.
Herri bat biziarazten duena ahaztu dugu: zer daiteke izan? jakingo bagenu, arazoak akabo…
Gustatu ala ez dena politika da, Euskaldunok politikarekin Euskara ez bada babesten (neretzat oso gutxi babestu dute) orain Euskara ia hilda legoke, politikatik at Euskara utzi? Orduan eskoletan Gazteleraz egingo genuke, herria, identitate bat eta hizkuntz bat mantendu daitezke, baina botere politikoa ez badu, askoz zailagoa (edo ia ezinezkoa) izango du. Boterea duena denbora gutxi edo asko emango du baina kultura bat suntsitu dezake.
Nazkatuta nago entzuteaz Euskara ez dela politizatu behar, ezin dela inposatu…. Ergelkeri hutsak, historian ez dago bizi iraun duen hizkuntza (eta galzorian ez dagoena) botere politikoak defendatu ez dituenak.
Euskara politikatik at utzi eta erakunde publikoak ez gaituzte inoiz Euskaraz hartatuko, paper guztiak gazteleraz izango ziren….
Euskaldunen arazo haundiena, gure hizkuntzarekiko jende asko duen gutxiagotasun konplexua da.
Euskaldunak “jatorrak” izan behar gera eta elebakar bat dagoenean nahiz eta Euskaldunekin egon, gazteleraz egin behar dute, medikua Euskaraz hartatzeko gai ez bada ba beno ze egingo diogu, funtzionarioa izateko Euskara ez dela jakin behar. Noski hori “inposaketa” litzateke…..
Eta azkenean gutxiagotasun konplexu hori konturatu gabe gure hizkuntza suntzitzen du, Euskaldun askok Euskara galtzen dute, jende askotxo ez daki aldamenekoa Euskara dakien ala ez nahiz eta urteetan ezagunak izan ….. Baina Euskara ez da politizatu behar ez. DENA DA POLITIKA DEN DENA.
Erratea Euskara bezain garrantzitsua den zerbati ez dela politkan sartu behar edo Euskal Herrian ez dela Euskara inposatu behar… Txorakeri, ergelkeri, burua janda degula…. gauzak dira.
Joan zaitezte beste leku batera eta esaiezue 30 urteetan beraien hizkuntza ez dezula ikasiko, eta beraiek zurea hitzegin behar dutela.
Ez dezu ezta hilabete bat irauten, ez luke inor ulertuko… Baina Euskaldunak hain “adeitsuak” gera, ze guzti hori aurpegi ona jarrita aguantatu behar diute, ez?