Marikarmen (eta Hegoaldeko izen arruntenak)
Marikarmen (eta Hegoaldeko izen arruntenak)
Egin froga: Kalean zabiltzala oihukatu “Marikarmen!”. Seguru emakume batek baino gehiagok biratuko duela lepoa. Izan ere, Maria Carmen da Euskal Herri hegoaldean gehien errepikatzen den izena. Jarraian, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoko eta Nafarroako herritarren izen arruntenak.
Euskal gizartea zahartzen ari dela diote, edo beste modu batera esanda, ez dela gaztetzen. Datu demografikoek erakusten dituzte bilakaera horiek zehatz mehatz. Bada, ordea, beste modurik zahartze kolektiboa erakusteko. Gaur gaurkoz, hegoaldeko izen arruntenak, alegia, jende gehiagok dituenak, zaharrak dira oso; “zahar izenak”. Jose Luis, Maria Carmen, Jose Maria, Maria Pilar… Mikel eta Aitor euskal izenak dira franko style izenen artean arnas bakarra. Unai, Markel, Ane eta Amaia zain daude Mariek eta Joseek (Jesus haurra besterik ez da falta) noiz utziko dieten sailkapeneko lehen tokia.
Jarraian dituzu lau lurraldeetako bost izen arruntenak, gizon zein emakume:
- Araba: Jose Luis, Javier, Francisco Javier, Jose Antonio, Jose Maria- Maria Carmen, Maria Pilar, Maria Teresa, Maria, Maria Angeles.
- Bizkaia: Jose Luis, Javier, Francisco Javier, Jose Antonio, Jose Maria- Maria Carmen, Maria Begoña, Maria, Maria Teresa, Maria Angeles.
- Gipuzkoa: Jose Maria, Mikel, Aitor, Jose Luis, Francisco Javier- Maria Carmen, Maria, Maria Teresa, Maria Pilar, Maria Jesus
- Nafarroa: Francisco Javier, Javier, Jesus, Jose Luis, Jose Maria- Maria Carmen, Maria Pilar, Maria, Maria Teresa, Maria Jesus.
(Informazioa Instituto Nacional de Estadistica erakundetik jasoa, hemen dituzu datuak)
Erroldako datuen azpian, ordea, euskal jendeak hain izen kristau eta espaniar onak “endekatzeko” duen abilezia ezkutatzen da: Marije, Marijo, Mariasun, Ma(r)ise, Ma(r)isa, Luisan, Joxemiel, Juantxo, Txusi, Txumari, Inaxio, Luismi… Izen jatorrak denak, askotan espainiarren irribarre abegitxua piztu izan dutenak, oso egokiak baskoen txisteak kontatzeko, Joxetxu Leton sukaldaria, kasu, eta beti ere bilbotarren azentuarekin (euskaldun guztiona omen), noski. Aparteko kasua da Maria Teresa izena, abertzale maltzurren iruzur zikina alabei baskuenzez Maite deitzeko. 🙂
Gauza bera iruzkintzera nindoan… Ba, gaineratu zuk aipatutakoei izen sabindarra-edo daramatenak, nahiz eta agiri ofizialetan erdal izena jasota dagoena izan, Francoren garaian jaio zirelako, edota gerra baino lehenago jaio arren erroldako izena aldarazi zietelako.. Erroldako “Jose Luis” batek Joseba Koldobika bat ezkutatzen du askotan. Hain aspaldi ez dela, La Razon egunkari filofaszistan ez ziren ba eskandalizatu sari bat eman ziotelako “etarra en paradero desconocido” delako bati. Jose Sarrionandia zuen grazia…
Eta ezin ahaztu “Javier Arzallus” ere, hain gustukoa ABC egunkari hartan, Javier zein Xabier, biak euskaldunak direla ahaztuta, “txabarri”tik etorriak edo. Nolanahi ere, ez al dira politak erdal izen bertokatu hauek? Ez al litzateke polita erroldan alaba Maise edota semea Joxemiel ere izkribatzea?
Bai, ados. Izan ere, izenak nahierara moldatzeko grina herri xumearen erresistentziatzat har daiteke, inkontzientea maiz, baina erresistentzia hala ere. Ez ahaztu, gainera, garai ez hain urrun batean ponteizena gurasoek ez baina apaizak ezartzen zuela askotan.Gogora etorri zait Barojaren “Las inquietudes de Shanti Andía” eleberria (garai bateko “sh” grafia gaurko “x” sabaikaria da). Santiago, izen txit espainiarra dugu, Santiago Matamoros, baina euskal jendeak Xanti bihurtu zizun… Nik inoiz ezagututako bertokotze galantena barnetegi-kide batena zen: Txirri. Mutila Behe Nafarroakoa zen, eta izen ofiziala Thierry. Tira, Iparraldean gauza izan ziren “Manex” “Johannes” batetik deribatzeko…
Xixario eta Prontxo ere ez dira erraz ezagutzeko modukoak. Ciriaco-ri berriz dotore atera zion punta Lazkao Txiki zenak izen bereko gizon txiki batez zioenean ez ote zen eskasegi ziri(r)ako.
Tira, izenak bertakotzeak ez du zerikusirik erresistentzia edo ezerekin. Lokalismoak dira, Espainian ere barra barra ematen direnak. Joder, Franciscotik Curro ateratzeko, behar da “erresistentzia” franko hala?
Arrazoi duzu, lokalismoak dira eta alde guztietan gertatzen dira. Baina erresistentzia testuinguru batean, beste esanahi bat hartzen dute ezinbestean. Ez ditu erresistentziak sortzen baina erresistentziarako erabili ohi dira erresistentzia dagoen lekuetan.
Asmateo, erresistentzia hitza litaraltasunetik hartu duzu, eta ez dut uste horrelakoa denik. Erresistentzia hori kulturala da, gehienetan inkonszientea, ez erresistentzia militantea, nolabait esateko. Prozesu bera gertatu da historian Europan zehar latinean, grekoan edo hebreoan jatorri duten izenekin, tokiz toki eta bertako hizkuntzaren (fonetika, batez ere) eta kulturaren arabera moldatu egin baitira. Horrela, adibidez, Pedro, Pierre, Peter… eta, gurean, Pello dugu. Aldaerek zerbait frogatzen badute, hain zuzen, kultura eta hizkuntza ezberdinak daudela frogatzen dute. Hortxe dago erresistentzia kulturala, Espaniar, Frantziar edo ingelestarrei ez, baina euskaldunei euren kultura eta hizkuntza ukatu izan dizkiete, eta ukatzen dizkiete. Ukatua sentitzen denaren aldetik erresistentzia hitza erabiltzea zilegia iruditzen zait; inposatzaileak, ordea, lokalismoa dela esango du. Gauza bera esaten du euskaraz, lokalismoa dela, iraganeko kontua, etorkizunik gabekoa, zilborraren antzekoa: nondik gatozen gogoratu baina ezertarako balio ez duena. Baina euskarak aurrera egin du gaurdaino, eta hori ere erresistentzia da. Bide batez esango dizut Curro bezalako izenekin gauza berbera gertatzen dela, baina lurralde horietako kultura eta hizkuntzak asimilatuak izan dira, Andaluzia batean ere gaztelania ofiziala inposatu zelako.