Sare sozialen asozialismoa

Oroitzen naiz aspaldiko lagunekin kontaktuan egoteko gutunak idazten nituen garaiez. Beti izan dut gustuko idaztea, eta udako lagunekin urtean zehar kontaktuan egotea. Oraindik ez zen sare sozialik existitzen. Ez zegoen etxean internet edukitzeko ohiturarik, gutxi zire etxean ordenagailua zeukatenak ere. Nik neuk idazteko makina bat neukan eta ez nuen ordenagailurik izan 12 bat urte izan arte. Hala ere, eskuz idazteko ohitura izan dut beti, idazten dudana zuzenago irteten zait ordenagailuz idazterakoan baino.

Idazmakina, Oitanari fickerretik lapurtua

Umea nintzela, lagunen batekin geratu nahi izanez gero, kalera irten eta txirrina jotzen genion elkarri, horrela egiten genituen planak. Txirrina jo, zer egin, ze ordutan eta non geratu erabaki eta etxerik etxe joan gainontzeko lagunei mezua zabaltzera. Eta behin adostutako orduan geralekura joatean, berdin, norbait jaisten ez bazen haren bila joaten ginen. Hori bai zela komunikazioa, komunikazio fisikoa, aurrez aurrekoa.

Gaur egun ordea fisikotasun hori nabarmen galdu da, batez ere mugikorretan internet izateko moda edo ohitura dagoenetik. Nahiz eta taldean egon bakoitza esfera ezberdin batean egongo balitz bezala da. Bakoitza bere mugikorraren pantailari so, ingurukoekin fisikoki bakarrik erlazionatuz, aparailu horren bidez beste pertsona batzuekin hitz egiten duten bitartean. Garai bateko komunikazio fisikoa, fisikoa den inkomunikazio bilakatu da. Automarginatu egiten gara, geure burbuilan sartu, antzean behin burbuilatik burua atera eta gainontzekoekin oroituz.

Denbora oso laburrean aldatu dira gauzak, arrapalada baten. Komunikatzeko moduak guztiz aldatu dira, eta inkomunikazio eta isolamendurako bultzatzaile bilakatu direlakoan nago. Alde batetik, ikasketak edota lana direla eta bakoitza punta batean gaudela, elkarren berri jakiteko erraztasunak dakartzate gaur egungo sare sozialek, baina horrekin batera, uneoro egiten duguna elkarbanatzeko beharra ekarri eta eragin digu. Zerbait hartzen irten eta argazkia elkarbanatzeko ezin jasaneko beharrizan batek bultzatzen gaitu. Komunikatzeko bideak elkarren berri jakiteko izatetik, elkarren berri jakinarazteko beharrizan bilakatu da.

Beno, hona arte dena ondo, bakoitzak bere bizitzako nahi beste ekintza publikatzeko eskubide osoa du, baina zer gertatzen da sare sozialak gaizki erabiltzen direnean? Nahita zein nahi gabe diot…Askok min egiteko erabiltzen baitituzte erabiltzen ez dakitenez aprobetxatuz…
Nik uste abantaila asko dakartzate komunikatzeko dauzkagun bide berriek, baina neurri batean erabiltzen jakinez gero, dependentziarik sortu gabe. Momentuak desberdintzen ikasi beharko genukeela uste dut, komunikabide horiek erabili behar direnean soilik erabiltzen, eta ez uneoro horien menpe egoten.

Zer deritzozue zuek guzti honetaz? Gaur egungo sare sozialek abantaila ala desabantaila gehiago dauzkate?

Iraitz Madariaga

TXO !! - Kazetaria ikasketaz eta sare sozialetan espezializatua pasioz. Ez dut arrain gehiagorik izan, denak hiltzen zaizkit, orain jatera mugatzen naiz.