Nanoteknologia (eta 3)
Nanoteknologia (eta 3) –
Nano-zientzia errealitate bat da gaur egun, eta baita nano-teknologiaren hainbat alderdi ere. Hala ere, esan beharra dago nano-teknologia oraingoz areago dela etorkizuneko kontua, oraingo kontua baino. Izan litekeenaz gehiago hitz egiten dugu, gaur egun izan badenaz baino. Hala aipatzen ditugu, adibidez:
-Drogak atomoz atomo eraikitzea. Orain arte ez da lortu, baina formula aurkitzen badugu egingo dugu hori ere.
-Kirurgialaria irenstea. Beharbada, geu kirurgialariarengana joan ordez, kirurgialaria bera irentsi egingo dugu. Imajinatu zer litzatekeen gure zainetan barrena 10 bilioi nano-errobot edukitzea, azukre eta kolesterol maila kontrolatuz, plakak arterietan nola metatzen diren ikusten, eta abar. Imajinatu bildutako informazio guztia guk azalpean txertatuta eramango genukeen ordenagailu txiki batera bidaltzen dutela gero mikro-errobot horiek, eta, hark, automatikoki, diagnostikoa egiten duela. Eta, fikzioa muturreraino eramanik, imajinatu azalpeko ordenagailu horrek laser bat bidaltzen duela behar den lekura, eta han sortutako enbolia lehertarazten duela… Etorkizuneko kontuak dira, oraingoz, horiek guztiak, baina ez doaz fisikaren legeen kontra, eta, etorkizunean, beharbada, iritsiko gara orain mirari diruditen gauza horiek egia bihurtzera.
Horretarako, ordea, ezinbesteko baldintza bat dago: ordenagailuen teknologia bere laugarren aldi edo fasera eramatea lortu behar dugu aurrera, bestela jai dago.
Baina zer arraio ote da teknologien lau aldi edo faseen kontu hori? Saiatuko naiz ahal den modurik arinenean azaltzen, txantxa bat edo beste tarteko.
Esan dudan bezala, ordenagailuak ez dira oraindik iritsi bere teknologiaren laugarren aldira. Izan ere, edozein teknologiak lau aldi edo fase izaten ditu bere garapenean, eta ordenagailuak, oraingoz, hirugarrenean daude.
Zein dira, ba, teknologiaren lau fase edo aldiok? Labur azalduko dut, eta hiru teknologia desberdin hartuko ditut adibidetzat: papera, elektrizitatea eta ordenagailuak, hurrengo sarreratik landuko ditudanak.