Misoginoak, deabruak eta beste
Misoginoak, deabruak eta beste
Ez nuke Irati Jimenez gehiegi entretenitu nahi, izango ditu gauza garrantzitsuagoak eskuartean. Baina, por alusiones besterik ez bada, behartuta ikusten dut neure burua Gara egunkarian argitaratu zuen iritzi artikuluari erantzutera. Artikuluaren muinarekin bat natorkeen arren, iruditzen zait oso izan dela injustua muin hori janzteko erabili duen azalarekin. Hasteko eta behin, jomugan jartzen dituelako hainbat izen, aldizkari oso bat, matxista eta are misoginotzat hartzeraino ia (desmuntatu beharreko gezurra, ez, gezur desmuntatu askoa; jo bestela hemeroteketara). Uler dezaket Deabruaren abokatua deituriko elkarrizketa moldea ez gustatzea. Uler dezaket elkarrizketa konkreturen batekin minduta sentitzea. Beheraxeago zurituko ditut horiekikoak. Baina hortik eraikitzea teoria konspiratibo bat, zeinean idazle emakumeen kontrako gurutzada moduko bat muntatu duten artikuluan aipatzen direnek, ba, barkatu, baina tarte bat dago. Zertara dator, bestela, Unai Brea, Gorka Bereziartua, Beñat Sarasola, Argia aldizkaria bera seinalatze eta zikintze saiakera debaldekoa? Merke aitatzen ditu izen horiek guztiak; Sarasolaren kasuan izan ezik, gainera, inolako justifikaziorik eman gabe (eta Sarasola aipatzeko justifikazio bakarra komatxo arteko aipu hori bada, ba, berdin iruditzen zait debaldekoa). Nik dakidala, aipatzen dituen izen horiek ez dute zerikusirik elkarrizketarekin eta, hemen zuzenketa egin behar diot Jimenezi, Argiak ez zion egin elkarrizketa Uxue Alberdi idazle eta bertsolariari. Inork egitekotan nik neuk egin nion, Jimenezen iritzi artikulua Garak egin ez zuen bezalaxe.
Gero ez dut ahaztu nahi, eta azaldu, antza artikulua motibatu duen elkarrizketa. Galdera gehiago aipatzen ditu Jimenezek, baina euskal literaturaren azken mito misoginoa uste faltsu eta mingarriekin elikatzera datorrena bat da. Hauxe: “azkenaldian Elkar argitaletxean denak zarete emazteak, eta gazteak, eta ederrak”. Zalantza bat: noiztik galderak dira afirmazio? Noiztik usteengatik galdetzeak elikatzen ditu uste horiek? Eta zergatik ez dio elkarrizketatuari desmuntatzeko aukera ematen? Ze begira dezagun Uxue Alberdik eman zuen erantzuna: “Eta idazleak. Gogoratzen? Susan, berriz, denak gizonak, serioak, hiperkritikoak”. Hara, hasteko ez du inolaz ere ezeztatzen nire galderaren oinarrian dagoen aurreiritzia. Elikatu egiten du, beraz, erantzun horrek ere azken mito misoginoa, Susako idazleen gainekoa elikatzearekin batera? Bide batez, nik emakume idazleez ezer esan baino lehen, begira nola erantzuten dion lehen galderari: “Eta? [Erasmustarrak] dioten bezain politak, atseginak, sinpleak eta emakumeak al gara?”. Ya, baina hori defentsa elegantea da eta nire galdera emakume-uholdearen elur-pilota puztutzera baino ez datorren eraso trakets askoa.
Hori baino askoz ere sinpleago iruditzen zait kontua. Jimenezek berak esaten du: elkarrizketa Deabruaren abokatua izeneko atalean agertu zen, “irakurleak normaltzat hartu beharko lituzke galdera zirikatzaileak”. Baina gero ahaztu egiten zaio eta nahiago du, kosta ala kosta, bere teoriak argitzeko balioko dion helduleku gisa, faltsua izanik ere. Bestela zer, EAJrekin hobeto bizi ginela esan niolako bati EAJkoa naiz derrepentean? Ze mito ari nintzen elikatzen euskal disko-liburugintza Durangoko Azokari esker bizi dela galdetu nuenean? Elkarrizketatuak barkatu ote dit honezkero idazle gisa ezagun Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan liburuagatik zela esan niolako? Jimenezek galdetzen du, beste galdera ustez erretorikoen artean, zer gertatuko litzatekeen galdetuko balitz Argian idazten duten denak direla gizon, gazte eta eder. Bada, zintzotasunez diot, ezer gutxi Deabruaren abokatuan agertuko balitz (salbu poztuko nitzatekeela, agian, gero eta gutxiago baitut gaztetik). Uste nuen jendeak umore gehixeago zeukala bazterrotan. Eta badakit Irati Jimenezek badakiela ez dudala Elkarren emakumeak baino ez daudela pentsatzen. Horregatik iruditzen zait injustua nire elkarrizketatik abiatzea, berriz esango dut, neurri handi batean konpartitzen dudan hausnarketa, eta nire elkarrizketa horrekin zerikusirik ez duen jendea zikintzen saiatzea.