Egongelako manifestariak

Espainiako kongresua begien parean dakusa, eskua luzatu eta ukitzeko moduan. Hala ere,  ez du jendearen urduritasuna nabaritzen, apenas entzuten ditu haien garrasiak,  eta poliziaren pilotakadek kaltegabeak dirudite. Kanalez aldatzekotan egon da, baina halako batean gomazko pilota batek telebistatik ihes egin du, eta bere egongelan saltoka eta bueltaka hasi da, dantza eroan. Sustoaren sustoaz aldagailua  eskuetatik erori zaio. Sofatik salto egin eta sofaren atzean ezkutatu da, pilotak paretak, leihoak eta aurretik harrapatzen duen guztia kolpatzen duen bitartean, berebiziko indarrez: Leihoetako kristalek mila zatitan egin dute eztanda, eta laranja koloreko paretetan arrasto beltzak sigi-saga marrazten doaz.

Anabasaren erdian sabaiko lanpara jo, eta lurrera erortzearekin batera gela ilunpetan geratu da.  Gau erabatekoa etorri zaio gainera, iluna, ilargirik gabekoa, eta isila, mandeuli baten antzera bere inguruan bueltaka dabilen pilota madarikatua salbu. Egongelatik irteten saiatu da, baina mandeuliaren markaketa gogorrak dagoen tokian geratzera behartu du. Onena geldi egotea dela begitandu zaio. Berandu baino lehen pilotari pilak agortuko zaizkio, eta orduan akabo amesgaiztoa. Pazientzia kontua da, besterik gabe. Halako batean, baina, zarata berri bat entzun du. Oin hotsak. Bota batzuen oin hotsak. Atezuan, ez du zirkinik egin: “Donde estas, que te vamos a dar hasta en el carnet de identidad”. Eta orduan konturatu da agian hobe dela manifestazioetara joatea, egongelako sofan gelditzea baino.

MARTITZENA 13