Itzulerako partida
Excusatio
Denbora luze bat pasatu da blog hau baliatzen ez nuela. Ez dakit denbora faltagatik zen, gogo faltagatik, edo beste biak ezer esateko gogorik ez nuela estaltzeko aitzakia besterik ez ziren. Aspaldiko aterpe hau baliatuta, Urriaren 21era begira, ahal dudan neurrian (ahal banu egunero), apunteak egiten saiatuko naiz. Ea ba.
*
Espainiako parlamenturako hauteskundeen harira, Berriako politika sailetik kanpainaren bi analisi eskatu zizkidaten, eta pasa den 2011ko azaro hartan, plano sinbolikoaren garrantzia azpimarratzen nuen:
“plano sinbolikoan, partida Amaiur eta EAJren artean jokatuko da Madrilgo ukoen aurrean euskal herritarren ahotsa ordezkatzeko zilegitasun handiagoenaren bila. Partida horren joanekoa igandean jokatzen da, eta itzulerakoa, Euskal Herrian. Amaiur horretaz jabetu da, eta EAJ ere horren jakitun den zalantzarik ez dut, igande honetan ez ezik, hurrengo urtean jarriak baititu begiak eta itxaropena.”
Itzulerako partida Eusko Legebiltzarrerako urriaren 21eko hauteskunde hauek ziren. Amaiur ordezkatzen zuten alderdiek bezala, EAJk ere, pasa den urtean Madrilen zuen gogoa baina begi ertza, badaezpada ere, Gasteiza begira, bai baitzekiten, joaneko partida zela Madrilekoa, baina itzulerakoa izango zela erabakiorra.
EAEn sei eserleku lortu zituen Amaiurrek eta 5 EAJk 2011ko Azaroaren 20ko hauteskundetan. Alderdi Jeltzaleak Amaiur garaitu zuen ordea bozka kopuruari dagokionez (323517 vs 284528): botoen 27.42 % EAJk eta Amaiurrek 24.12 %.
Dena dela, Eusko Jaurlaritza gobernatzea baino gehiagoa dago jokoan Urriaren 21an. Iker Casanovak eta beste hainbatek azpimarratu bezala, hegemonia politikoa dago auzitan. Eta horretarako EAJk zein EH Bilduk, euren indar guztiak mugiaraziko dituzte, itzulerako partidan jokoan dagoenaz jakitun.
Baina… hegemonia politikoa eskuratzeko hauteskundeak irabazi behar ote dira?