Lazarraga Sarien bigarren edizioa aurkeztu dute Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak
Lan munduarekin eta euskararekin lotutako LAZARRAGA SARIAK aurkeztu dituzte Iciar Lamarain, Arabako Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak. Hain zuen, LAZARRAGA SARIEN bigarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean Arabako Foru Aldundian egin duten prentsaren aurreko agerraldian.
LAZARRAGA SARIEN helburu nagusia Arabako arlo sozio-ekonomikoan euskararen alde lan egin duten entitate edota pertsonak saritzea eta haien ahalegina errekonozitzea da. Hala, LAZARRAGA SARIEN bidez, Arabako lau entitate eta pertsona bat sarituko dira euren lan ingurunean euskara txertatzeko aurrera eramandako ekimenengatik.
Lazarraga aitzindaria izan zen euskaraz idatzi zuelako; haren izena hartu duten LAZARRAGA SARIAK ere aitzindariak dira eta sarituko diren enpresak ere aitzindariak izango dira; euskararen normalizaziorako bidea urratzen aitzindariak.
Iciar Lamarain Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak nabarmendu du “hezkuntza mailan euskararen normalizazioa areagotzeko Aldunditik egiten ari diren ahalegina fruituak ematen ari dela eta geroz eta gehiago direla euskaraz matrikulatzen diren ikasleak”. Lan-munduan bide beretik jarraitu behar dela gaineratu du, “eta horretarako behar-beharrezkoa da lan-mundua gazteen hizkuntza errealitatera egokitzea eta euskaraz zein gazteleraz aritzeko aukerak eskaintzea”.
Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria, bere aldetik, LAZARRAGARI SARIEK Arabako arlo-sozioekonomikoaren “euskalduntzean eragiten dutela” azpimarratu du. Hori dela eta, “oso apropos” ikusten du euren lan-eremua euskalduntzeko lan egiten duten Arabako entitate, enpresa edo norbanakoei “euskararen normalizazioan egiten duten lana errekonozitzea”.
Bost saritu
Lehenengo edizioan bezala, 2012ko sariketan norbanako bakarra sarituko da euskarari ekarpen bereziren bat egin izanagatik. Entitateei dagozkien sariak berriz, lau esparru ezberdini lotuta emango dira:
- Hizkuntza paisaia etiketatzea: erakundearen barruan euskara hobeki eta presentzia handiagoz erabiltzeagatik.
- Kontratazio eta barne dokumentazioa: erabiltzen den mota guztietako dokumentazioan euskararen presentzia eta ohiko erabilera bermatzeagatik.
- Jarduera nabarmena egitea: Bere ingurunean euskararen normalizaziorako ekintzaren bat egiteagatik.
- Euskara kanpoko harremanetan erabiltzea: Idatzizko jakinarazpenetan, ahozko komunikazioan eta jendearentzako arretan, publizitatean eta erakundeaz kanpoko komunikazioan egin den merkataritza sustapenean euskararen presentzia bermatzeagatik.
Sari-banaketa ekitaldia azaroaren 30ean izango da Bibat museoan. Sarituko diren entitate edo enpresen kasuan, saria nori eman erabaki aurretik izendapenak egingo dira eta sari bakoitzeko hiru hautagai aukeratuko dira. Irabazlearen izena sari-banaketa egunean bertan emango da. Irabazleek, Lazarraga arabar idazlearen eskuizkribua jasoko dute, eta gainontzeko hautagaiek, eskuizkribua oinarri duen litrografia.
Aurkezpen ekitaldian, LAZARRAGA SARIEN bigarren ediziorako Arabako Foru Aldundiak izendatutako epaimahai kalifikatzailea aurkeztu dute. Zazpi lagun hauek osatzen dute:
- Cuca Gutiérrez, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko zuzendaria.
- Jokin Larrañaga, Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko burua.
- Blanca Lacunza, Arabako Foru Aldundiko Ekonomi Sustapenerako zuzendaria.
- Alex Vadillo edo Elena Urzelai: Gasteizko Udaleko euskara teknikariak.
- María Fernandez de Romarategui, Arabako Merkataritza Ganbarako Merkataritza arduraduna.
- Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendaria.
- Beñat Mendiguren, euskara teknikaria Amurrioko Udalean.
- Karmele Jaio, idazle gasteiztarra.
Hautagaitzak, azaroaren 7ra arte
Momentu honetan hautagaiak aurkezteko prozesua zabalik da azaroaren 7ra arte. Lan mundua eta euskararekin zerikusia duten alorretan parte hartzen duten entitateak gonbidatuko dira euren kideen artean sarien berri zabaltzera eta hautagaiak proposatzera. Hautagaitzak jasoko dira merkataritza ganbararen aldetik, kuadrilletako teknikarien bitartez, euskaltegien bitartez, sindikatuen bitartez, enpresa eta kooperatiba-elkarteen bitartez, aholkularitza-enpresen bidez…
Horrezaz gain, sare sozialen bidez –Facebook-en orrialde bat ireki da “Lazarraga Sariak” izenarekin eta @Lazarragasariak Twitter kontua–edozein arabarrek proposa ditzake hautagaiak. Beste horrenbeste egin daiteke www.alava.net edota www.euskaraba.com webguneetan edota euskaraba@euskaraba.com e-postara idatziz.
LAZARRAGA SARIEN lehenengo edizioan bost irabazleen zerrendan honoko hauek osatu zuten: Gasteizko merkatari Kepa Mendiak saria jaso zuen euskararen aldeko ekarpen berezia egin zuen enpresari edo merkatariaren multzoan; Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa saritu zuten barne harremanetan euskararen erabilera egokia egiteagatik; Guardiako Launa Upategiak saria jaso zuen kanpoko harremanetan euskararen erabilera egokia egiteagatik; Laudioko JEZ Sistemas Ferroviarios enpresa saritu zuten euskara sustatzeko ekimen berezi edo eraginkorrak bultzatzeagatik; eta Gasteizko Skunk Funk denda, berriz, hizkuntza paisaian euskararen erabilera egokia egiteagatik.