Bildartek azalpenak eman ditu “Euskadi Pregunta” saioko iskanbila argitzeko
“Bi sator Euskadi Pregunta saioan” artikuluak sortu duen iskanbila kontuan izanda, ZuZeun ere informazio gehiago biltzeari ekin diogu:
Euskadi Pregunta saioari buruz Xigor Gezalak idatzitako artikulua irakurtzen zegoen Maria Urruela Bildarte marketing ikerketa etxeko arduraduna ZuZeuren telefono deia jaso duenean. Gertatutakoaz kezkatuta zegoen: “kritikak barra barra ari gara jasotzen”. Halere, egindako lanarekin lasai zegoen. ETBk eskatutako baldintzak hitzez hitz bete dituztela argitu du. “Eskatu ziguten hauteskunde zerrendetan zeudenak ez hartzeko. Aldiz, militante edo afiliatuei buruz ez dugu baldintzarik jaso”.
Antonio Basagoiti gonbidatu zuten joan zen ostiralean Euskadi Pregunta saiora, eta gutxienez PPko bi militante izan ziren bertan: Chastelino Esono eta Galder Hernando. Bildarte etxeak ez zuen bi pertsona horien militantziaren berri. Batetik, ETBk ez zuelako baldintza gisa jarri alderdi bateko militante izatea edo ez, eta, bestetik, PPko bi militanteek ez zietelako halakorik esan.
Gizartearen isla izateaz
Bildarte etxetik diote “ezinezkoa” dela soilik 30 gizon-emakumerekin euskal gizartearen isla egokia eskaintzea. Hurbilpena egiten saiatu dira. Horretarako, irizpide hauek izan dituzte kontuan: gizon beste emakume, adin guztietako pertsonak, okupazio anitzetan dabiltzanak eta ideologikoki anitzak. Nola neurtzen dute hau guztia? Parte hartu nahi dutenei fitxak eman zizkien Bildarte enpresak. Beste datu batzuen artean, galdetzailearen ideologia politikoa ere aurkitu nahi izan dute: “Zein alderdi politikoren ideietatik sentitzen zara hurbilen?”. Hortik haratago ez zen ikerketa gehiago egin, “hitzarekin fidatu behar gara”.
Ezker-eskuin, abertzale-konstituzionalista ardatza kontuan izanda, “lau hankak” izan dituzte kontuan. Hau da, gutxi gora behera, alderdi politiko nagusi bakoitzeko %25. Horrez gain, egon dira beste alderdi batzuen hautesleak, baita abstentziora jo dutenak ere. Lurraldez lurralde ere proportzionalki aukeratu dute jendea. “Biztanleria gehien Bizkaian dagoenez, 30 hiritarretatik ia erdia bertakoak izan dira”.
Telebistan agertzeaz
Hauteskundeak aurreratu zituztenez gero, ETBk Bildarte enpresari “presaka” eskatu zion 30 hiritar aukeratzeko lana egiteko. Ahoz aho lortu dituzte batzuk, eta, beste batzuk, webgunean egindako eskaeren bidez. Aurrez marketing ikerketa kanpainetan esperientzia izanagatik, “telebistan aurpegia emateko jendea aurkitzea ikaragarri zaila da”, onartu du Urruelak. Dioenez, web bidez jaso dituzten eskaera kopuruen kantitatea “irrigarria” izan da. Ez hori bakarrik, askok azken unean atzera egin dute. “Pentsa egin ditugula ikerketa zailak, 1.000 euskaldunen sexuarekiko jarrerari buruzkoak adibidez, baina telebistan agertzea beste kontu bat da”. Bildartek bere betekizuna ahalik eta hobekien egin duela dio, “nahiz eta zehazki mota honetako lana ez den guk egin ohi duguna”.
Carmen Alonso bilbotarra, Basagoitiri eginiko elkarrizketan lehen bost galderetan ageri dena ere PPko militantea da. Beraz ez dira 2, baizik eta 3 PPko militanteak. 30etik gutxienez 3, hau da %10… tela marinera.
Ba behin proporzioak zaintzen hasita, bazuten lau hanken proporzioak ere zaintzea. Ze 4 hanka dira EHn, baina ez dira laurak tamaina berekoak.
Niri hasieratik lau alderditako hautagaiei deitzea iruditu zait harrigarriena. Izan ere, alderdi politikoen legea gorabehera, Gasteizko parlamentuan ZAZPI indar politiko daude…
Zergatik eman horrenbesteko abantaila lau alderdi handienei, beste bi indar txikiagoen kaltetan? Zein irizpideren arabera erabaki zuten hori? Ezker Batuaren bi ataletatik zein gonbidatu ez zekitelako, beharbada?
Eta zein irizpideren arabera erabaki ote da lau hautagaien hurrenkera? Pentsatzekoa da azkeneko gonbidatuak abantaila handiagoa duela aurrenekoaren aldean…
Telebistarako aproposa den jendea bilatu behar zela? Zituzten txarteletan galderak irakurri besterik ez zuten egiten! Telebistan ondo irakurtzen duten pertsonak bilatzea izango da zaila, ze gainera birek oso geizki irakurri zuten (Baezak bi aldiz errepikatu behar izan zuen galdera…)
Lau alderdi nagusi, bakoitzari %25, berdin PP, berdin EAJ…?? Eta 4 X 25 = 100, bada, zein ehunekotan sartzen dira beste alderdietakoak eta abstentzioarenak?
Gainera, (des)proportziotan hasita, logikoagoa litzateke, legea kontuan hartuta, ez galdetzaileen erdia bizkaitarrak izatea, baizik eta %33 lurraldeko (hainbeste diputatu aukeratzen direnez bakoitzean)…
“Gizon beste emakume, adin guztietako pertsonak, okupazio anitzetan dabiltzanak eta ideologikoki anitzak” hartu dute kontuan Bildarte etxekoek… eta irizpide linguistikoa ahaztu zaie. Ez dute kontuan hartu EAEan erdaldunez gain euskaldunok ere egon bagaudela. Hots, irizpide linguistikoa ahantzi omen dute. Aukeratuen artean, esaterako, jakin nahi nuke zenbat euskaldun zeuden (hemen aipatu denaren arabera -Bilbokoak, Gasteizkoak,etab zela gehiengoa- ez dut uste euskaldunen presentzia ugaria zenik, ezta gutxiago ere…Eta horrek eragina handia du -dudarik gabe- kutsu politikoaren saio batean. Ez da soziologo izan behar hori jakiteko.