Rafael Olaizola (Zarauzko PPko zinegotzi ohia): “Bakea denon artean egin behar dugu”
“Munstroak ala Alderdi Popularrak, nork irabaziko?”, galdetu zuen Xigor Gezalak duela ez asko plaza honetan bertan. Baina nor da munstroa, nor Alderdi Popularra? Bereizi daitezke? Bat dira? Bat beraren bi arima? Bi aurpegi? Askotan sinplifikatzeko joera izaten dugu.
Oraintxu arte PPko Zarauzko zinegotzi zen Rafa Olaizolari adituta, nago Euskal Herriko popularren barrenean presio handiak bizi dituztela, bake prozesuari dagozkien kontuetan batik bat. Hau da, munstro ankerrena etxe barruan dutela. Olaizolak ordea, mamuak uxatu eta zinegotzi kargua, zein, militantzia bertan behera utzi aurretik, Zarauzko plenoan, euskal presoen aldeko mozioaren aldeko botoa eman zuen. “Goian nahikoa tentsio eta golpe izaten dira. Herrietan jarrera aldatzeko garaia da”, azaldu dio ZuZeuri.
“Niri tokatu zitzaidan hildakoak ikustea, eta gogor jarri behar izan nuen”, aitortzen du Rafael Olaizolak 13 urtetan zehar Zarauzko PPren aurpegi izanak. Sufrimendua bertatik bertara bizi izan zuen, ETAk eraildako lagunak ehortzi behar izan zituen. Baina horrek ez du itsutu, horrek ez dio konponbide garaiotako lerroak irakurtzea galerazi. Herritarrengandik hurbil bizitzeak, mezua beste batzuek baino azkarrago eta ziurrenik hobeto ulertzea ekarri dio. Izan ere, alderdi guztietako zinegotziek onartzen dute Olaizolak natural jokatu ohi duela, ideologiak ideologia.
“Gauzak aldatu dira, beraiek pausu asko eman dituzte eta behin betiko armen ixiltzea iragarri zuen ETAk”, dio konbentzimenduz, “legeak bete besterik ez da egin behar, hiru laurdenak beteta dituztenekin eta gaixoekin”. Ziurtasunetik adina dute bere hitzek urduritasunetik, ez baitu nahi bere hitzek munstroa piztea: “Proabertzale deitzen naute orain. Inozoak bi aldeetan daude, eta nire hitzak erabiliz jende asko dago min emateko prest”, dio ultraeskuineko hedabide batzuk eta hemen esan ezin diren izen batzuk aipatuz. Munstroa etxean dago.
“Legeak bete besterik ez da egin behar, hiru laurdenak beteta dituztenekin eta gaixoekin”
Plenoa normaltasunez zihoan, presoen inguruko mozioaz Olaizolaren hitz egiteko txanda iritsi zen arte. Hitzak bata bestearen atzetik josten zituen heinean, baiezkoa bozkatuko zuenaren geroz eta tankera gehiago zuen (sekula halakorik!). “Ikusiko duzu nola azken unean buelta emango dion”, xuxurlatu zion zinegotzi batek albokoari belarrira. “Ez, ez! Baiezkoa bozkatuko duela!”, besteak erantzun. Eta hala gertatu zen, denen harridurarako. #WTF aurpegiak mahai inguruan. Argi dio berak: “Beti gabiltza legeak betetzeko eskatzen, eta legeak denentzako dira”, dio, “Zarautzen gutakoak ez gara asko, baina ondo pentsatu eta ingurukoekin hitz egin ostean hartu nuen alde bozkatzeko erabakia” argudiatzen du politikariak. Tira, nik dakidala lehena da halako pausu bat ematen.
“Bakea denon artean egin behar dugu”
Espero dezagun Jekyll doktoreak Hyde jaunari irabaztea, eta zentzuna gailentzea Alderdi Popularrean. Olaizolaren ausardia izango balute beste askok ere, gauza asunik gabeko bideetatik lihoake. Etorkizunaz eta konponbideaz galdetuta, zinegotzi ohiaren aburuz, badago elkarbizitzarako formula bat: “Guztiaz hitz egin daiteke orain, baina frenterik gabe. Bakea denok egin behar dugu”. Ez dabil oker. Hala bedi. Ea denon artean, aukera berdintasunean gure etorkizuna aukeratzeko gai garen. Bake justu bat, bake sendo bat eraikitzeko.
Zarauzko Udaleko plenoan PSOE izan zen mozio honen aurka bozkatu zuen bakarra:
PRESO GAIXOAK-MOZIOA
Bada, orain apaiztu egin zaigu. Ez da txantxa. Politika eta alderdia utzi eta apaiztegian sartu da.