Greba hau ez delako greba bakarra
Joxemi Zumalabe Fundazioa grebaren karietara
Irailak 26an greba orokorra izango dugu Euskal Herrian. Azken urte jada luzeotan kapitalismoak biziarazi digun krisiari eta bere ondorioz jasaten ditugun eskubide sozialen murrizketari erantzuna eman eta eredu ezberdinak aldarrikatzeko parada izango da.
Ez gara lehenak izango adierazten krisi hau ez dela ez ekonomikoa ez eta berria. Hainbat eragile eta norbanako izan dira krisi honen alderdi ezberdinak ikusarazi asmoz azaldu direnak. Krisi hau ekologikoa da lurraren ustiapen basatiak bere mugak era garbian azaltzen ari baititu. Krisi hau zaintza krisia da iparralde globalean, non bizitzaren duintasuna arriskuan jartzen duen etengabeko hazkundearen logikak. Krisi hau biziraupen krisia da hegoalde globalean, eta gero eta gehiago gure artean ere, biziraupen fisikoa ere arriskuan baitago. Krisi hau politikoa ere bada, herriek beraien aferen inguruan erabakitzeko ahalmena garatu eta bermatzea ezinbestekoa bilakatzen ari baita, bai Euskal Herrian eta bai mundu zabaleko txoko gehienetan ere.
Eta noski, krisi honek gure ekonomietan, gure biziraupen duinerako beharrezkoak ditugun beharren asetzean eragina dauka, baina ez litzateke egokia krisia bere alderdi bakarrera mugatzea. Hori dela eta, ez litzateke egokia ere greba hau kapitalismoak sektore produktibo bezala izendatu duen esparru horretara mugatzea, lehen, bigarren eta hirugarren sektorera alegia.
Osasungintzaren pribatizazioa, GIB-IHESaren inguruko ikerketa eta prebentzioaren moteltzea, esklusioan edo esklusio arriskuan gaudenontzat laguntzen murrizketa bortitza, adin-nagusikoen pentsioak kolokan jartzea, elikagai eta bestelako oinarrizko produktuen prezioen igoera, oraindik ere ekonomiaren oinarria sustengatzen duten gehiengo femeninoaren lana ez baloratzea eta are prekarioago egitea… Indarkeria guzti horiek eta izendatu beharreko askoz gehiago dira #I26 bezalako egunetan salatu eta kalera atera behar ditugunak.
Horregatik hurrengo asteazkenean kaleak eta sareak betetzen ditugunean, eskuz-esku joan nahiko genuke kanporatze-arrisku etengabeari aurre egiten dioten paperik gabeko euskaldunekin, etxeko lanetan eta zaintzan aritzen direnekin, jasotzen zuten laguntza soziala galdu eta gainera eskatu izanagatik kriminalizatuak direnekin, ikasleekin, bere adinagatik baztertuak edo kontutan ez-hartuak direnekin, beraien sexu-aukerengatik amets kapitalistatik erbesteratutakoekin…
Greba hau ez delako greba bakarra. Bat egiten duten greba ugari dira, non norbanako eta kolektibo bakoitzak berea izendatu eta ezaugarritzen duen. Bat egiteko lekua egin beharko dugu, greba guzti horien batuketak greba handia eman dezakeelako. Baina horretarako ezinbesteko lana dugu lanaren eta produktibitatearen inguruko irudikapen baztertzailea alboratzea. Greba ez delako soldatapeko esparruan lan egiten dutenen protesta. Greba hau mundua antolatzeko era honen ondorioak gure azal, gorputz eta bizitzetan jasaten dugunon aldarria da.