#i26 Greba Orokorra

ZuZeu bihar itxita egongo da #i26 Greba Orokorrarekin bat egin baitugu.

Bihar irailaren 26 greba orokorrera deitu dute Hego Euskal Herriko hainbat gizarte erakundek eta sindikatuk, tartean ELAk eta LABek. Euskal Herrian murrizketarik ez! Lan eta Gizarte eskubideen alde leloa izango dute lau hiriburuetan burutuko diren mobilizazio eta manifestazioek. Azken hiru urte eta erdian egiten den bosgarren greba orokorra izango da.

Krisi ekonomikoaren ondorioz hartutako neurriak beharrezkotzat jo ditu Gobernuak eta greba orokorrak gutxietsi egin ditu, martxoaren 29an Espainiako estatuan burutu zen greba erraldoia, esaterako. Gobernuaren jarrera hori salatu du ELAko Txiki Muñozek: “greba orokorrek eta mobilizazioek ez dutela ezertarako balio pentsarazteko abilezia dauka sistemak, eta pertsona askok hori pentsatzen du”. Alta, “eraginkortasuna” duela defendatu du, “lorpen sozialak borrokan lortu dira, mobilizatuz eta kalera ateraz”. LABeko Ainhoa Etxaidek, ostera, murrizketak eragozteko nahikoa diru badagoela azaldu du. Euskal instituzioei eskatu die “mozketei aurre egiteko eta gizarte eta lan eskubideen lehen lerroan” jartzeko.

Greba orokorra deitu aurretik Espainiako Gobernuak hartutako neurriak:

  • Langile publikoei eguberrietako saria kendu diete.
  • Langabezia saria murriztu egingo da sei hilabetetatik aurrera.
  • BEZa igo da, arrunta %18tik 21 era eta hainbat produkturi BEZa handiagoa dutenen artera mugitu dituzte.
  • Mendekotasuna duten familieei senidea zaintzeko diru laguntzak %15 gutxitzeko agindu dute. Baldintzak ere gogortu egin dituzte.
  • Liberalizazioaren ondorioz merkataritzan merkealdiak eta eskaintza bereziak urte osoan zehar egin daitezke eta jaiegun gehiagotan irekitzeko baimena eman dute.

Hegoaldeko instituzioek neurri gehienak aplikatu beharko dituzte, nahiz eta Bizkaian eta Gipuzkoan hainbat neurri saiheste aldera salbuespenezko erabakiak hartuko dituztela iragarri duten.

Manifestazioak:

  • Bilbo, 12:30etan Eliptikatik
  • Donostia, 12:30etan Artzai Onatik
  • Gasteiz, 12:00etan Bilbo plazatik
  • Iruñea, 12:00etan Gaztelu plazatik

 

#i26, greba, inkesta, orokorra
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

10 pentsamendu “#i26 Greba Orokorra”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude