“Zeinek gehiago iraun” animazio laburmetraia eman du Estatu Batuetako telebista publikoak
Gregorio Murok zuzendutako animazio laburmetraia da “Zeinek gehiago iraun”. Txikia zenean istripu larria izan zuenetik bizitza lazgarrira kondenatua izan den Anderren eta bere familiaren istorioa kontatzen du laburmetraiak. Nazioartean eta Euskal Herrian sari ugari lortu ditu “Zeinek gehiago iraun” lanak, Bilboko Zinebi lehiaketa,n adibidez.
13.minututik aurrera “Zeinek gehiago iraun”:
Watch Creating Complex Characters on PBS. See more from On Story.
Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, PBS Estatu Batuetako telebista publikoak emititu berri du Gregorio Muroren laburmetraia “Who lasts more” izenarekin. OnStory, ikus-entzunezko narratibari buruzko seriearen barne emititu dute Muroren lana. Filma euskaraz sortu zen eta AEBtan zegoen bezala erakutsi dute, ingelesezko azpitituluak gehituta. Albistea da zalantzarik gabe estatubatuar telebistak milioika ikus-entzuleri 10 minutuz Euskal Herrian euskaraz sortutako obra bat erakutsi izana.
Laburmetraia animazio teknikan oinarrituta dago, irudi ederrak bezain istorio latza eta hunkigarria du erakusgai. Familia baten sufrimendu bakartiaren istorioa da, eta, bigarren mailan, herritarrok oro har ezberdinarekiko dugun jarrera itxiaren salatzaile. Ahaleginak eginagatik ere bizitzaren aldeko borrokak ez duela zertan arrakastan amaitu behar azaltzen digu; zorigaitza eta porrota bizitzaren zati bezala. Euskal Herrian girotuta badago ere (txapela, baserria…) istorioa aise ulertzen da edonon, bizipen gizatiarrez ari baita ororen gainetik.
Nik zineman ikusi nuen film labur hau “Bi Anai”ren estrenaldiarekin batera. Izugarri ongi egina dagoen laburmetraia da, euskaraz eta profesionalatasun handiz. Hala ere EZ ikustea gomendatzen dizut, baldin eta ez baduzu barrua zeharo urraturik geratu nahi. Tristeegia da egun normal baterako. Ematen du Gregorio Muro egilea propio ibili dela istorio ahalik eta triste eta malko-sortzaileenaren bila…
Denbora pasatu da ikusi nuenetik, baina oroitzen naizen bakoitzean, tarratada mingots bat zabaltzen zait barrenean, gorputza txarto uzten didana. Oraindik ere.
Abisatuta zaude.