Kultura ez da inportantea

Kultura ez da inportantea –

Kultura ez da inportantea
Zarauzko Batzoki Zaharra behera botatzen

Kosta zait berriro txoko digital honetan idazten hastea; badakit berriro udazken aldera zerbait idazteko promesa egin nuena iaz, baina beti nola izaten dugun zer egina, egunak eta gaiak pasa egin zaizkit bata bestearen atzetik: Sarrionandiarekin izandako polemika, aspaldi hasi eta gainetik kendu ezinik gabiltzan ditxosozko krisia, ETAk armak uztea eta horrek sortarazi duen egoera berria… gurean ere, Zarautzen, izan da aspaldian zer kontaturik: oraingoan, kulturaren eta kultur politikaren inguruan nahi nituzke hitz batzuk esan.

Propio joan nintzen uztailaren erdialdera Batzoki Zaharraren arrastoei argazkia ateratzera. Iruditzen zait gertakizun honek ondo baino hobeto laburtzen duela gure herrian kulturaren inguruan dagoen diskurtsoaren eta benetako gertakizunen arteko zuloa: hogeita hamabost bat urtez herriko kultur zentroetako bat izan den eraikina, herriaren erdian zegoena, behera botatzen ikusi dugu. Eta azkar asko ikusi ere: azkar, presaka, jakinarazi ziguten artean bertan geunden dantza talde eta gainerako taldeei bertatik alde egin behar genuela, eta azkar asko bota dute behera eraikina. Etxeak egingo dituzte bertan.

Kultura inportantea balitz ez genuke edukiko beti eskean ari garen sentsazioa, alferreko gastua egiten ari bagina bezala.

Merezi du esandakoaren inguruan zertxobait sakontzeak. Hasteko, eraikina bera: jende askoren izerdi eta diruarekin jarri zen martxan Batzokia diktadura bukatu berritan, eta bertan kultur mugimendu indartsua sortu zen: txistulari taldeak, dantzariak, euskara taldeak, antzerkia… soziedadea ere bai. Lau pisutako etxea, antzokia eta dantzalekua ere bazituena. Luze joko lidake hemen esplikatzea, eta ez da hau horretarako lekua, lokalaren jabetzak zer gorabehera izan dituen; nahikoa da esatea EAJ alderdiaren babesean jarri zela martxan hasieran, gero EAk hartu zuela bere gain –azken urteetan etenik izan ez duen borroka-judizialari hasiera emanaz–, eta orain pare bat urte edo, berriro EAJk hartu zuela etxearen ardura.

Lekuak berak ere merezi ditu hitz batzuk: herriaren “erdian” dagoela esateak ez du esan nahi Zarauzko zentru geografikoan dagoenik, herriaren bihotzean dagoela baizik, alde zaharretik gertu, alegia. Hitz hauek ere ez dira debaldekoak, Udaleko ordezkariekin harremanak izatean entzun behar izaten baitira klase horretako argumentuak ere: alegia, kultur jardueretarako lokal egokiren baten eskean zoazenean, “herria ez da parte zaharra bakarrik”, “zer esango dute kanpoaldean bizi direnek!”, “alde zaharrean ez dago lokalik libre”, “Abendañon badaude lokal eder askoak”, eta antzerakoak entzunak baikara. Eta nik edozeini, zuei ere bai, gonbita egiten dizuet prueba erraz bat egiteko bi indikadore aintzat hartuz: 1) Ikusi non dauden Udalaren lokalak: Udaletxea, munizipalak, liburutegia, Gaztelekua, Euskara Zerbitzua, Turismo Bulegoa, Zerbitzu Ekonomikoak… 2) Begiratu non dauden banketxeen sukurtsal inportanteenak.

Zarautzen, antzemango diozue majo, prueba hori egindakoan, zer den herriaren erdigunea. Eta, nik ere, aukeran, nahiago kultur instalazioak zentrotik ahalik eta gertuen egotea. Atrebituko naiz baita ere, nahiz eta zalea izan ez, predikzio hau egiten: baietz, urte asko pasa baino lehen, politikariren bati entzun Zarauzko erdigunean ez dagoela lokalik libre kulturarako.

Zarautzen, aspaldiko urteetan, kultur politikan egon den premia handienetakoa emanaldiak eskaintzeko lokal egoki bat izan dela

Aipagarria den beste kontua da, Zarautzen, aspaldiko urteetan, kultur politikan egon den premia handienetakoa emanaldiak eskaintzeko lokal egoki bat izan dela. Bai oraingo gobernuak, baita aurrekoek ere, galdeketak eta eztabaida guneak sortu izan dituzte premiak zein diren jakiteko nahiz eta, nik uste, ekarri dituzten auditorien beharrik ez zegoela, premia horien berri ondo baino hobeto dakigulako denok. Esaterako, Zarautzen aspalditik falta zaiguna, behar bezalako antzoki bat da. Eta, horretan ere, aspaldiko urteetan intentzio onak eta handiusteko proiektuak izan ditugu, baina urrutiko intxaurrak ziren. Badakit Lizardi Antzokia, bota berri duten Batzoki Zaharrean zegoena, ez zela azpiegiturarik modernoena eta berritu handi baten premia zuela, baina ezin uka funtzio inportantea betetzen zuenik; batik bat Udaleko Kultur Saila, kriterio onarekin, hilero-hilero bi ekitaldi –bat helduentzako, bestea haurrentzako– bertan programatzen hasi zenetik. Herriko beste “antzokia”, Modelo Zinema, alternatiba izan zitekeen hutsune hori betetzeko: hura ere herriaren erdi-erdian egonik, eta zinearen industria gainbehera doan honetan, bai zine komertzialerako eta bai beste ekitaldi batzuetarako erabiltzeko moduko eraikina litzateke. Ikusi egin beharko da aurrerantzean horrekin ere zer egiten duten, baina orain arteko asmo politiko guztietan bigarren edo hirugarren lekuan egon da zinea eraberritu eta hari bizia emango liokeen inbertsioa egitearen kontua. Beti beste proiektu nagusi baten azpiko proiektu probisionala, bestea martxan jarri bitartekoa; eta, jakina, beti garestiegia.

Nik hemen kritikatu ditudanek ere, seguru, izango dute esplikazioren bat gertatzen ari dena justifikatzeko. Eta, argi gera bedi, ez nabilela proiektu kulturalen ezinik edo dinamika faltarik tapatu nahian. Neronek ere badakit, sarritan, bai dantza taldeen eta bai beste talde kultural batzuen ahuldadea, batasun falta eta, azken batean, presioa egiteko ezina, ez direla lagungarri beste era bateko kultur politika bat planteatzerako garaian. Nabarmen utzi nahi dudana da kultur politikaren inguruko diskurtsoa, ematen duelako kultura oso gauza inportantea dela gure gizartean, eta ez da.

Kultura inportantea zen, nahiz eta horren inguruko diskurtsorik egiten ez zuten, Zarauzko Batzokian bezala beste hainbat proiektutan ere dirua eta denbora utzi zuten haientzat: dantza taldeetako arropak egiten, eraikina betetzeko materiala debalde ematen, ikastaroak eta kultur ekitaldiak antolatzen… Zer esanik ez, gerra garaian, jendea hiltzen eta haurrak kanpora bidaltzen ari ziren garaian, Agirre presidentearen iniziatibaz eta atzerrian zegoen Eusko Jaurlaritzak bere diruz ordainduta, Eresoinka talde kulturala finantzatu zuten haientzat. Akaso ez zen oso operazio komertzial ona izango, “dirua alferrik botatzea”, baina pare bat urtean Europaren bihotza biguntzeko ahaleginean aritu ziren, antzoki onenetan ikuskizunak ematen. Euskal Herriko enbajadoreak, garai hartan, enbajadore kulturalak ziren; nola aldatu diren gauzak, orain, sukaldariak eta kirolariak ari dira lan horietan. Baten batek esango du egoera haiek bereziak zirela: lehendabizi gerra eta gero diktadura, ilusioa zegoela zapaldutako kultura hura kanpora ateratzeko… nahi duzuen guztia, baina batetik bestera alde ikaragarria dago.

Kultura inportantea balitz ez genuke edukiko beti eskean ari garen sentsazioa,  alferreko gastua egiten ari bagina bezala –inork kontsideratzen al du osasuna “alferreko gastua” denik, zergatik ez dute medikuek esaten kultura ere, kirola bezala, osasuntsua dela?–, kultura beti debaldekoa balitz bezala, “berez” sortuko balitz bezala. Ekonomia, bai, inportantea da, kirola ere gero eta gehiago. Hartuko genituzke kirolean dituzten instalazioen eta diru-laguntzen laurdenak! Eta bitartean, artikulu hau idazten ari naizen unean, Zarauzko bi dantza taldeek lokal egonkorrik ez daukate.

Kultura inportantea dela entzuten dugu. Eta ez da hala, ez politikarientzat, eta ezta, oro har, jendearentzat ere; luze joko lidake artikuluak azken esaldi hau justifikatzen saiatuko banintz, baina ingurura begiratuz gero nabarmena da hala dela.


Xabier Etxabe Zulaika
2012ko uztailaren 29an

Kultura ez da inportantea

Zarautz (1974). Xabier ingeniaria izateaz gain, idazlea eta folklorean aditua....

Zer duzu buruan “Kultura ez da inportantea”-ri buruz