Beste behin, murrizketak euskal hedabideentzat

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak %11 murriztu du herri ekimeneko euskal hedabideentzako diru-laguntzen partida. Batean Jaurlaritza, bestetan Aldundiak, bestetan udalek, apurka-apurka baina etengabe ari zaizkigu iristen murrizketak, diskurtso publikoan izaera estrategikoa aitortzen bazaigu ere.

Estrategikoa, bai, oinarrizko funtzioa betetzen dugulako euskararen normalizazio eta garapenean. 450.000 lagunengana iristen garelako. 600 lanpostu baino gehiagoren ardura dugulako.  27 milioi euro inguruko jarduera ekonomikoa eragiten dugulako.

Garai latzak dira guztiontzat, ondotxo dakigu hori. Inoiz baino ahalegin handiagoak egiten ari gara euskal hedabideok garai berri horietara egokitzeko: diru iturri berriak bilatzeko, gure enpresa egiturak sendotuz, eta ditugun baliabideak optimizatzeko, elkarlanerako formula berriak garatuz. Ez gara kikildu krisiaren aurrean, eta soberan ez ditugun indarrak inbertitzen ari gara gauzak hobeto egiteko. Lan horren ondorioz, herri ekimeneko euskal hedabideek martxoan aurkeztu genuen sektorearen diagnostikoa eta erronka komunak biltzen dituen dokumentua.

Inbertitzeko garaia

Herri ekimeneko euskarazko hedabideok hausnarketa mahai bateratua sortzeko eskaera egiteaz gain, eskaera zehatzak ere jarri ditugu erakundeen mahai gainean: diru laguntza politika aldatu eta hitzarmen eredua ezar dezatela, sektorean inbertsioak eta garapena susta ditzatela eta publizitate instituzionalaren banaketan hizkuntz irizpideak pisu handiagoa izan dezatela.

Horren berri eman diegu erakundeei (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia, besteak beste), eta kasu guztietan sektoreak egindako bidea txalotu eta elkarlanerako prest agertu dira.

Baina praktika bestelakoa da: orain ezagutu dugun murrizketak ez digu garapen bide horieran sakontzen laguntzen eta, are txarrago, gutako batzuen biziraupena bera kolokan jartzen du. Tokiko hedabideen kasuan, murrizketak %40tik gorakoak ere izatera iritsi dira.

Esan bezala, badakigu garai zailak direla gutziontzat. Baina benetan estrategikotzat jotzen diren beste sektoreetan bezalaxe, honetan ere erakundeek dirua inbertitu behar dute. Euskal hedabideok garai berrietara egokitu eta sektorea berregituratazeko egin beharreko inbertsio handiak ezin dira urtez urteko diru-laguntzen menpe egon (ez dugu jakiten zenbat eta noiz jasoko dugun). Etorkizuna bermatuko duten inbertsioak egin ahal izateko, laguntzak hitzarmen bidez jasotzea ezinbestekoa da.

Elkarlanerako deia

Horregatik, elkarlanerako deia luzatu nahi diegu berriz ere Eusko Jaurlaritzari, eta gainontzeko erakundeei. Danon  ahotan dabilen krisi ekonomikoa ezin da aitzakia izan ezinean dabilen herri ekimeneko euskal hedabideen sektorea hiltzen uzteko.

Herri ekimeneko euskal hedabideok beharrean jarraituko dugu, egoera berrietara egokitu eta kalitatezko euskarazko informazioa eskaintzeko. Erakundeei dei egin nahi diegu gure sektorearen aldeko apustu sendoa egin dezaten behingoz. Badakigu denbora latzak datozkigula, baina horregatik, uste dugu inoiz baino beharrezkoa dela orain arte egin eta konpartitu ez dugun gogoeta estrategikoa egitea, guztion artean erabaki dezagun nolako sektorea  behar dugun, behin hau eginda beharrezko baliabideekin horni dezagun.

 

Eider Carton (Elhuyar) Mikel Irizar (Tokikom), Joanmari Larrarte (Berria Taldea) eta Xabier Letona (Argia), Herri Ekimeneko Euskal Hedabideen izenean

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.