Zentsuraz, errepresioaz eta askatasunaz

“Barrura begiratzeko leihoak” izeneko egitasmoaren inguruan euskal sortzaileek argitaratu duten manifestuaren tenorean bizpahiru bizipen interesgarri gertatu zaizkit eta, barkatzen badidazu, kontatu egingo dizkizut behin blog honetan betileak iltzatu dituzularik.

Behingoagatik mokofin eta txotxolo jartzeko gogoa sartu zitzaidan eta ez nuen manifestua sinatu, izenpetzea espreski eskatu zitzaidan arren. Jakina iruditzen zaidala lotsamangarria eta salatzeko modukoa Barrura begirako leihoak filmari gertatutakoa, baina nire ezetza gehiago zegoen estilo eta idazketa kontu bati lotua, iruditzen baitzait manifestu hori ez dela oso manifestu, ez behintzat, nik manifestuak ulertzeko dudan moduan.

Badakit oso zaila dela diodana defendatzea, eta batek baino gehiagok pentsatuko duela oraintxe erabat alferrik galtzera nagoela jarrita sagar ustelen antzera, baina benetan uste dut testu hobea behar zela honelako okasione batean, argiagoa, zehatzagoa, laburragoa… Aitortu bezala, mokofin lanetan jarritakoaren txotxolokeriak, nireak.

Zentsuraz, errepresioaz eta askatasunaz

Gogoeta  horietan nenbilela,  Richard Ford-en liburu bati heldu diot: Flores en las grietas: autobiografía y literatura. Eta hango lerroetan, nerabilen gaiari buruzko gogoeta zabalago baten barnean, testu egoki bat aurkitu dut zentsura eta errepresioa zer diren egiazki ulertzeko; zehatzago esanda, Barrura begirako leihoak filmari gertatutako askatasun ukazioaren  benetako biktima edo nozitzailea nor den ikusteko. Eta gezurra badirudi ere, kasu honetako benetako galtzaileak ez baitira ez film hori egin dutenak eta ez eta ere bertan ageri direnak.  Baldarki eta arrapataka itzulita dakart hona liburuan aurkitutakoa:

“”Artea erreprimitzen denean —film bat, liburu bat, Kristo gurutziltzatu bat txizatan sartuta erakusten duen argazki serie bat—, bizi dugun giro garaikide eta moralizatzaile  honetan pentsatu ohi da suntsitu behar dena artista bera dela, hain juxtu debekatu egiten baitzaio nahi duena egitea beste batzuen eskubide pasibo batzuekin interferentzia sortzen dela eta. Baina egiazki honetan guztian errepresioaren biktimarik ahulena publikoa da, eragin diezaiokeen zerbait ikustea debekatzen baitzaio, konmozio baten bidez mundua argizta diezaiokeen zerbait irakurtzea eragozten baitzaio, ordura arte sekula ikusi gabeko modu batean erakutsiz munduaren eta lengoiaren aurkezpena. Artearen errepresioak ezinezko bihurtzen digu geure iritzi moral edo estetikoa osatzea, esaterako honakoa dioena: “Ez, hau ez zait gustatzen. Ikusi dut, baina uxatu egiten dut sentsibilitate hau. Edertasunaren bila nabil eta hau ez da edertasun”.

Benetako zentsura ez da soilik “ez dezakezu horrelakorik esan” agintzen duen eraso pertsonala, hori baino amarru galantagoa  baita: “ez dezakezu horrelakorik entzun, ez dezakezu horrelakorik jakin, ez dezakezu horrelakorik pentsa”. Gu guztion apatia morala elikatzeaz arduratzen den bulkada da zentsura“”.

Horraino Ford-en hitzak, eta horiek ulertzen eta irensten nabilela, hara oraintxe bertan Laura Mintegiren adio gutuna PEN elkarteko idazle eta kide guztioi, zortzi urtean ukan duen presidentetzari agur esateko. Tartean, PEN elkartearen funtsa den printzipioa gogorazten digu:

“PENek nazio bakoitzaren barruan eta nazio guztien artean pentsamenduaren oztopo gabeko transmisioaren printzipioa bultzatzen du, eta adierazpen askatasuna edozein eratan murriztearen aurka egitera konprometitzen dira bere kideak dagokien herrialdean eta komunitatean, baita mundu osoan zehar ere, ahal den neurrian. PENek prentsa askea aldarrikatzen du eta zentsura arbitrarioaren aurka dago bake garaian. Uste du ondo antolaturiko ordena politiko eta ekonomikorantz munduak egin behar duen aurrerapenerako gobernu, administrazio eta erakundeen kritika askea ezinbestekoa dela.”

Funtsean sinetsita nago adierazpen askatasuna dela faxismoaren aurkari nagusia eta beste ezerk baino balio handiagoa duela  gizarte osasuntsu eta zintzo bat eraikitzeko orduan.

Badakit ez diodala ezer berririk eta errepikakorra ere banaizela, baina inori zalantzarik sor ez dakion eta Errok euskara ahantzi baino lehen idatzita utzi zuen bezala, “Dena esanda zegoen, baina ez nik“.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Zentsuraz, errepresioaz eta askatasunaz”-ri buruz

  • Zuk diozun hori guztia ez zait bateraezina iruditzen manifestua sinatzearekin, baina tira… Estiloarena, zer esango dizut ba, nik ere agian ez nuke estilo hori erabiliko, eta are gehiago: seguru nago zerrendako inortxo ere ez dagoela idazkiarekin erabat-erabat ados ez estiloan ez edukian ere. Baina hor batek (edo batzuk) hartu dute idazkia plazaratzeko ardura, denbora eta lana. Uste dut egindako ahalegina hor dagoela, eta kasu honetan xedeak duela benetako garrantzia; hala ere, kontua bada norbera mokofin eta txotxolo jartzea eta -esan gabe doa- nork bere burua “artaldeaz beste” eginda nabarmentzea…
    Baina hori al zen kontua?