“Hiztunetik Hiztunera…” ikastaroko testigantza hunki jakingarriak EHUko Udako ikastaroetan, eta gure sumisio linguistikorako aurredisposizioen anekdota adierazgarriak (?)
Ekainaren 27, 28 eta 29an Donostiako, Miramar (Itsasmirako) jauregian ezagutu ahal izan ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzaz antolatutako “Hiztunetik hiztunera, euskararen bizipenek ezarritako bidetik” ikastaroan barrena, gure inguruetako hiztun askok beren hizkuntza gatazka pertsonaletan bizitako esperientzia hunkigarri askoak.
Ez dakit ikastaroak bete ote dituen bere helburuak, nik neronek ez ditut oraindik oso garbi ikusi, baina ziurtatu nezake jakin eta hunkigarri askoak izan direla hiztun gehienek ezagutarazi dizkiguten esperientzia propio edo besterenak, gure Euskal herri honetan ondo asko zabaltzea merezi dutenak. Oso bereziki dut buruan Jon Maia Soria bertsolariarena, bere jatorrietako bat Badajozko Idiburun ere duena bide -euskaraz ez duk espainolez bezain gordina gertatzen herri izena (gaur eguneko hitunontzat behintzat)-, baina baita ere Xabier Gantzarainena, Idoia Etxeberria, Juan Martin Elexpuru, Paula Kasares, Maider Elkoro, Joan Pujolar -katalana-, Iñaki Eizmendi Arsuaga, Ixiar Eizagirre edo Karlos Aizpuruarenak ere.
Anekdota adierazgarria (?)
Azken egunean hitz egin zigun, ondo interesgarri, Joan Pujolar Cos, Bartzelonako Universitat Oberta de Catalunya-ko doktore filologo eta hizkuntzalariak, gaur eguneko Kataluniako ‘gazteen’ artean sumatu litezkeen hainbat ohitura, eta garai batekoen aldean, desberdin gertatzen diren zenbait fenomenoren inguruan, espainolaren eta katalanaren erabilerei dagokienean hainbat gizarte esparrutan.
Nire harridurarako hitzaldia espainolez eman zuen (Egunon eta Eskerrik asko-edo euskaraz esan eta gero, hemengo ohitura ondo sustraitua dugun legean), nahiz eta gero pantailan erakutsitako zenbait testu, katalanez edo ingelesez ere egon, eta hauek ere berak itzuli zituen espainol argira.
Ondoren dozena-erdi iruzkin edo galdera-edo egin zitzaizkion jendartetik Joan katalanak esanari, eta berriro hauek denak ere ‘erabateko edukazioz’, espainol hutsez, nahiz hiztunak euskaldunak izan, eta baita ere han entzuten geunden beste ehun pertsona guztiak. Dozena-erdi hiztunok ere nolanahi, denak hasi zitzaizkigun euskaraz agurra eginez (guri eta Joan katalanari): Egunon, Eskerrik asko… ohiko lez, espainol argian jarraitzeko.
Hala ere, lehen egunean sarrera hitzaldia ingelesez irakurri zitzaigun -pisu egia esan, eta nahiz hizlari estatubatuarrak espainola ere mintzatzen bide zuen-. Euskararako bat-bateko itzulpena eskaini zitzaion nahi zezanari.
Harritu ninduen katalanarekin baliabide bera ez erabiltzeak. Eta amaieran zergatiaren galdera egin nien, bai, Joan irakasleari, eta bai antolatzaileei, bide batez nire harriduraren, eta are haserrearen, zergatia azaldu nahiz -ez dakidan arren arrazoiak azaltzea lortu nuen, edota soilik haserrea-.
Joanek berak zein antolatzaileek aitortu ziguten antolatzaileek beraiek eskatu ziotela Joani hitzaldia zuzenean espainolez emateko. Ez zuten antolatzaileek zergatia azaldu, eskatu zitzaien arren. Joanek argitu zigun bere bizitza osoan (48 bat urte) huraxe zuela lehen aldia-edo halako hitzaldi bat espainolez ematen zuena. Bestela erdi eta erdi aritzen omen da katalanez eta ingelesez. Eta ‘ilusioa’ eta guzti ere egin omen zion bere buruari ‘proba’ hori pasarazi behar izanak (Noren, eta gure eskutik! Hamaika ikusteko…!).
Ni kexatu egin nintzaien antolatzaileei, beraiek ere, kontzienteki -gaizki-, edota kontzientziarik gabe -okerrago?-, han bildutako 100 euskaldunoi berriro ere ‘espainola’ inposatzeagatik inongo beharrik gabe. Hizlariaren hizkuntza bakarra edo aukerakoa espainola izan balitz, eta hala ere zuzenean entzutea mereziko baligu, ulertuko nuke hitzaldia espainolez ematea (nahiz beste parte-hartzaile batek esan bezala, halako kasu batean euskararako itzulpena ere ziurtatu beharko litzatekeen, iparraldekoen ‘izenean’ -are ‘espainol gehiago’ jasan nahi ez dugunonean ere ahal izanez gero-).
Ikastaroko ‘Hizkuntza ofiziala: euskara.’ dio oraindik ere egitarauak. Baina antolatzaileek, errespetatu ez guri katalanera hurbiltzeko edo katalanaz gozatzeko aukera (eta katalanetik euskararako itzulpena ere eskaini -diru hori aurreratu bide du antolakuntzak!-). Hizlaria bere hizkuntza zapaltzen diharduen estatuko hizkuntza politika glotofagiakoak -Espainietako dibertsitate linguistikoa inondik ere ezagutu nahi ez duen politikak- ezarritako hizkuntza giristino bakarrean mintzatzera behartu, eta gu entzule euskaldun gizajook berriro ‘espainola’ gure ezinbesteko hizkuntzatzat gurtzen, inongo beharrik ez den kasuan ere.
Ez ditugu agidanean nahikoa, bestela ere gu guztiongana etxeko zopataraino bizitzako segundo guztietan heltzen zaizkigun espainolaren bidezko mezuak, ehunka telebista, irrati, egunkari, hezkuntza sistema, sare sozial… eta abar guztien bitartez.
Gipuzkoako Foru Aldundiko (Euskara saileko) lankidetza ere behar du nonbait. Utikan!
Kike Amunarrizen txiste bat: “Ehun euskaldun euskaltzale bilduta, tartean gure hizkuntza politikan adituetakoak, bilkura antolatu dutenak, itzulpen sistema egokia eskueran, eta katalan bat.
Galdera: Ze hizkuntzatan mintzatuko dira bilera? Ze hizkuntzatan mintzatuko da katalana? Ze hizkuntzatan mintzatuko da euskaldunetako bakoitza?
Erantzuna: Ez dakigu. Txillardegiren soziolinguistika matematikoaren eredua ez da 99ko taldeetara baino iristen.”
Txarra. Barkatu biezat Kike Amunarrizek. Ez dakit Txillardegik ulertuko zidan.
Saioko iruzkinak egiten espainolez aritu zitzaizkigun euskaldunak ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara saileko arduraduna, Soziolinguistika Klusterreko lehendakaria, aurreko egunetako hizlari…
Nik, azaldu nahi izan nuen horixe zela sumisio linguistikoa. Han egiten ari ginen horixe. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara saileko arduradunak, Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak, aurreko egunetako hizlariak… agertzen ari zuten horixe. Eta galdetu nuen, nora ote gindoazen, gu gure artean horrela arituta, gero ‘kaleko hizkuntza ohiturak’ aldatu nahian, euskaldunak beste euskaldunei erdaraz, espainolez edo frantsesez, mintzo zaizkienean, gu gerok horrela ari garenean baldintza guztiak geure alde ditugunean.
Noiz hasi behar dugu intsumiso linguistiko izaten? Noiz hasi behar dugu nukleo gogorrekoak izaten, euskaldun zorrotzak, ‘katalan akutuen’ pare? Beti irudi ote zaigu besteak direla hizkuntza ohiturak aldatu behar dituztenak?
Ondoren esan zidan bakarren batek, azkenean haserre bukatuko zuela nirekin -seguru asko ez da lehen aldia halako tenka batean gertatu dena nirekin-. Egon zen ere, niri erantzuten, eta beste hitz batzuekin bazen ere, gutxi gorabehera ‘psikiatrarengana’ bidali ninduenik nire ‘haserreak’ konpontzera, hor denen aurrean adierazten ibili beharrean… Edo ‘bidali gintuenik’, ze plurala zerabilen… Agian errukizkoa.
Agian maiz bezala, nire moduak ez ziren izango egokienak nire iritziak azaltzeko. Seguru. Ni ez naiz batere ona halako kontuetan ere. Bestela ez lioke jende batek nire behatz atzapartu gaixoari begiratuko, hatz, atzamar, eri edo dena delakoa. Ez zen hori nire asmoa. Oraingoan ere, nire aztaparrak, ongi edo gaizki, agian zaunka, baina ilargi bat markatu nahi zuen, txinpartatxo bat. Beste handi barik.
Baina, ez dakit, Foru Aldundi honek antolatu ordez, aurrekoek antolatu izan balute, halako kontsiderazioek, nirea bezalakoek, bide leunagoa izango ote zuketen. Agian ez.
Barkatu gaizki esanak.
Iritzi gehiago ere gustura entzungo nukeelakoan…
Ondo izan
Bittor
Ni han izan nintzen eta oso gustura entzun nuen hitzaldia. Gazteleraz iragarria zegoen eta gazteleraz entzun nuen batere belarriko minik gabe.
Hasteko eskerrak eman B. Hidalgori, bere kritikak gure lana hobetzen lagunduko digulako.
Ikastaroaren hizkuntza ofiziala euskara izan da, nagusiki euskaraz izan delako: 9 hizlari, 7 euskara hutsez, 1 euskarara bikoiztua, eta 1 gaztelaniaz. Hasiera batean. 2 ziren gaztelaniaz egitekoak.
Bi ikastaroren izenburu ageri dira gaztelaniaz programan “Las lenguas también tienen memoria” J. URLA eta “Mudanza e hibridación: vínculos entre juventud y lengua” J. PUJOLAR, eta horrela idazteak adierazten du biak zirela gaztelaniaz egitekoak. Baina lehena azken orduan aldatu eta ingelesez izan zen J. Rubinen hitzaldia, itzulpenarekin (GFAren gain). Udako ikastaroen araudiaren arabera, EHUk ez du itzulpen zerbitzurik eskaintzen ikastaroetako hizkuntza ofizialak direnetan (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa).
Ordea, ez genuen berdin egin J. Pujolarrenarekin. Ikastaroa antolatzeko lanetan, hitzaldi horretarako itzulpena jarri beharra aipatu genuen, iparraldeko ikaslerik etor zitekeelakoan. Ez zen horrela izan, eta erabaki genuen gaztelaniaz egitea.
Gure okerra, bertan ginenok gaztelaniaz ulertzeko gaitasuna genuela eta, suposatzea inork ez zuela itzulpen zerbitzua eskatuko; alde horretatik, arrazoi du B. Hidalgok. Egokieba izango zen hitzaldia euskaraz entzuterik nahi ote zuten galdetzea ikasleei. Beraz, barkamena eskatzen diegu trabatuta sentitu direnei (sentimentuez aritu ginen, zer gutxiago).
Polemikan sartu barik, baina, ez dut uste EHUKo hizkuntza ofizialen araudiak bazterzen duenik gaztelaniatiko euskararako aldi bereko interpretazioa. Horretarako ikastaroaren hizkuntza ofizial biek behar zuten. Uste bat da eta oker egon naiteke, halere EHUk argitu behar du. Kontuan izan ikastaroengatik ikasleek ordaintzen dutela eta horrek eskubide batzuk izatea dakarrela, horietako bat araudiaren araberako zerbitzuak jasotzekoa. Eta bestetik interpreteek jateko eskubidea dutela, are gehiago EHUn bertan ikasi dutenean.
Datu soil bat, eztabaidarako: iazko EHUko udako ikastaroetan Sozioinguistika Klusterrak antolatutako Hizkuntz Ekologiaren inguruko ikastaroan, Carme Junyent-en hitzaldia katalanetik euskarara itzulia entzun genuen. Carme berak aipatu zuen, gainera, horrek sortzen zion poza, oker ez banago.