Euskararen ikasketa presaka eta inposaketen bidez sustatzearen alde zaude?

Euskararen ikasketa presaka eta inposaketen bidez sustatzearen alde zaude?EHUko lantaldeak egindako maiatzaren 2012ko Euskobarometroaren (webgunea espainiera hutsean) emaitzak argitaratu berri dituzte (pdf-a, espainiera hutsean). Pentsatzekoa da galderak espainiera hutsean ere egin dituztela.

Hizkuntza politikari buruzko atalak lau erantzun ezberdin onartzen zituen:

  • Mayor radicalidad para lograr monolingüísmo. (%4) (Erradikaltasun handiagoa monolinguismoa lortzeko)
  • Frenar euskaldunización forzosa. (%4) (Euskalduntze derrigorezkoa gelditzea)
  • Intensificar medidas, forzando bilingüísmo a todos los niveles. (%26) (Maila guztietan elebitasuna beharrezko egiteko neurriak areagotzea)
  • Fomentar el aprendizaje de euskera sin prisas ni imposiciones. (%64) (Euskararen ikasketa sustatzea presarik eta inposaketarik gabe)

Erantzunetako batek gehiengo absolutua lortu du. Ez da harritzekoa erantzuna irakurrita: “Fomentar el aprendizaje de euskera sin prisas ni imposiciones”. Sin prisas? Sin imposiciones? Zer da presa? Zer da inposaketa?

Definizio beharrik ez da bi hitzen konnotazio ezkorraz jabetzeko. “Fomentar”, ostera, hitz ponpoxoa da. Aukera horrek irabazteko dena du eskuetan. Are gehiago, beste erantzunak hala badio: “Intensificar medidas, forzando bilingüísmo a todos los niveles”. “Forzando”, alegia, euskaraz ikasi nahi ez duena horretara behartzea. Kontua da %64aren babesa jaso duen aukera ideien kateamendu ustela dela. Aukera zuzena bezala aurkezten da hori. Ez litzateke logikoa galdera kontrara egitea: “Euskararen ikasketa presaka eta inposaketen bidez sustatzearen alde zaude? “ Boteprontoan, zer esango zenuke? Edozerekin funtziona dezake Euskobarometroaren esaldi horrek:

  • Fomentar la conducción responsable, sin prisas ni imposiciones. (Gidatze arduratsua sustatzea, presarik eta inposaketarik gabe)
  • Fomentar el reciclaje, sin prisas ni imposiciones. (Birziklapena sustatzea, presarik eta inposaketarik gabe)
  • Fomentar la biodiversidad, sin prisas ni imposiciones. (Biodibertsitatea sustatzea, presarik eta inposaketarik gabe)

Euskararen ikasketa presaka eta inposaketen bidez sustatzearen alde zaude?

Inork ez du nahi inposaketarik jasan! Baina, ez al gaituzte egunez egun gauza batzuk egitera behartzen eta beste batzuk debekatzen? Isuna semaforoa gorrian pasatzearren, zarata gehiegi egitearren, kartelak pegatzearren, parkean txiza egitearren, isuna baraualdia kalean egitearren, isuna lapurtzearren, isuna lan-ordu gehiegi faltatzearren, isuna zaborra orduz kanpo jaistearren….

Inposaketaren bidez lotzen joan dira gure balizko gizarte elkarbizitzarako arau guztia guztiak. Edozein motako hizkuntza politika sustatu daiteke “presarik eta inposaketarik gabe”?

Erantzunak gisa horretan proposatzeak balio gabe uzten ditu iritziak. Hamaika ondorio atera daitezke %64 horretatik, gehienak okerrak. Francisco Llera Basta ya! plataformako eta PSEko kide ohiak daraman Euskobarometroa zulo beltzez beteriko txostena da. Komunikabideei bidaltzen zaizkien txostenetako titularrek joera susmagarriak dituzte. Gainera, espainieraz daude huts-hutsean. Ez dut esan nahi horrek hizkuntza politikaren erantzunekin zerikusia duenik, que va.

Euskararen ikasketa presaka eta inposaketen bidez sustatzearen alde zaude?

11 pentsamendu “Euskararen ikasketa presaka eta inposaketen bidez sustatzearen alde zaude?”-ri buruz

  • Eta zergatik ez dago, adibidez: “frenar la españolización forzosa”?
    Gezurrezko datuak erabili gabe, estadistikak manipulatzeko hiru bide daude: gauza batzuk galdetzea eta beste batzuk ez, nola galdetzen diren (zeuk aipatutako enuntziatua) eta nori galdetzen zaion.
    Dudarik gabe, lehen biak argi eta garbi erabili dira; hirugarrena… auskalo, baina neuk ez nuke ezezkoaren alde leporik jokatuko.

  • Ea, nire iritzia emango dut:
    – Bai euskobarometroaren inkestak ez dira garbiak izaten, nahi dena lortzeko galdera lohiak eta ez garbiak erabiltzen dira, zalantzetara eraman dezatela eta gainera berari gustatzen ez zaizkion erantzunei kutsu zikina ematen saiatzen da.
    – Bestetik ez dut uste edukazio publikoak gauza on bat eta beste okerrago baten artean aukeratzeko aukerarik eman behar duenik. Bere funtsa ikasleek ahalik eta edukazio onena lortzea izan behar du helburu, hori D eredua da noski. Nori ideiatuko litzaioke Ingelesa hartu edo ez hartzeko aukera ematea. Gutxi batzuk daude ez dutena Euskararik izan nahi, begiratu adibidez link hau eta bertako iritziak: http://www.elcorreo.com/vizcaya/v/20120308/pvasco-espana/crece-euskera-pero-debajo-20120308.html#disqus_thread
    – Aurreko esaldiarekin bat ez etorri arren, nazkatuta nago adibidez aurreko linkeko iritsiekin; horregatik argi eta garbi jarriko nuke A eredua aukeratzeko listak eta gela bat betetzeko besteko ikasle badago jarri dezatela. Bestela argitaratu dezala ikastetxe bakoitzak: ” ez dago ikasle minimorik A eredua jartzeko”. Begira dirua botatzea dela baina horrela inposaketa tontakeriaren kontua amaituko litzateke, bi eredu jartzea batek gutxiago balioz garestiago da.
    – Kexak: Nik entzuna daukat, B eredura eraman ninduten “hori bai gaztelaniaz esanda” eta orain ez dut euskera dominatzen eta gustatuko litzaidake; horren proba gero inoiz Euskaltegira joanak direla; eta ez, ez dira oposizioetarako aritu.

  • Zergatik ez dagoen “frenar españolización forzosa”? Ai ama, ez dago esan beharrik, jada egina dagoelako. Gainera, nola izango da ba “forzosa” “españolización”a inork ez badu horretarako trabarik jartzen? Ai ene…
    Izan ere, ironikoegia da galdera hau. Nik dakidala lehen aldia da honelako bat jarri dutela Euskobarometroan, ezta? Zergatik orain? Hauteskunde mezua, agian? Kontua zera da, presarik ez duten horiek hain zuzen ere euren eskubideak urratuta ikusten ez dituztenak direla, hain justu. Ikus dezagun: EAEko euskaldun tasa %30 ingurukoa baldin bada, “Frenar euskaldunización forzosa”ren %4a eta “sin imposiciones” famatuaren %64a batuz gero, %68a dugu, gutxi gorabehera EAEko erdaldunen kopurua. Beraz, honek garbi erakusten du: euskaldunok aurrera egin nahi dugu euskara kontuetan, ez ordea euskaldunak ez direnek: eskubide urraketa eguneroko eta etengabea, eta amaiera hurbilik ikusten ez zaiona, nozitzen ez dutenei bost axola zaie gurea. Ez da euren kontua, noski. Ez diet errurik botatzen, nik ere berdin egingo nuke. Azken batean errua gurea da, ez dugulako jakin jendeari helarazten zertarako egin beharko genukeen euskaraz. Hala ere, alde horretan Bilbo eta inguruko ideologia, “soy vasco pero no se euskera”, euskaldun askorentzat, bai niretzat behintzat, sarkasmoa, min handia egiten ari da Bizkaian eta herri euskaldunak gero eta erdaldunduago bilakatzea besterik ez du lortzen. Egin beharko genuke zerbait… Baina noski, ezin da Pacoren manipulazioa alde batera utzi. Azken euskobarometroak txiste asko dakartza (PSOEk indar soziala galdu du EAEn baina, hala ere, euren tesietara lerratzen dira EAEtar gehienak), baina oraingoan darabilen ironia fina ezin utzizkoa da: euskalduntzea “forzoso” da beti, bi aukeretan holaxe agertzen da. “Forzando bilinguismo” hori zer da? Eta nola “a todos los niveles”? Bestela ez al litzateke diglosia izango beti, eremu guztietara zabaldu ezean? Izan ere, elebitasuna lortzea ere “forzar” da, ikusten denez. Eta elebakartasunarena ja ez da sarkasmo gordina da. Barre piloa egin dut irakurtzean, zera: “mayor radicalidad” (ene buruan, “ai amaa”), “para lograr” (“aiba!”), “monolinguismo” (une honetan jada irribarretik algara galaniotsura igaro naiz, jeje, oso ona, zinez, Don Celesen tirak baino hobea!(Paco Llerak uler dezan)). Adar jotzea da aukera hori Euskal Herrian beizi den euskaldun ororentzat, MESEDEZ! Denok dakigu D eredua edo euskara hutsezko eredu bat derrigorrezko ezarriko balitz ere ez litzatekeela halakorik gertatuko: alde guztietatik ditugu erdal komunikabide eta erdal munduko hotsak: telebistak (2 vs 30etik gora), irratiak (berdin), parrandetako abesti absurdoak (bai, takata zikin horretaz ari naiz, eta ez jubilatuek ibiltzeko darabilten hartaz zehazki)… Elebakartasuna ez da aukera bat, ezin da lortu eta, areago, ez da komenigarria. Nik ulertu dut, eta iruditzen zait euskaldun herriak ere berdin egin duela, bi hizkuntza jakitzeak onurak besterik ez dakartzala, komunikazio gaitasuna eta kultura aniztasunerako bidean zinez garrantzitsuak direla hizkuntzak eta zenbat eta gehiago jakin are eta hobe dela ororentzat (beti ere norberarena zein den ahaztu gabe, hala ere dudak sortzen dira hor: etzaigu batere bitxia egiten Azpeiti edo Ondarrun gazteleraz entzungo bagenitu bi euskaldun, bai ordea ingelesez entzungo bagenitu; tristea, zinez). Beraz, elebakartasuna absurdua da, kimera izateaz gainera. Izan ere, hizkuntzak jakitzeak askatasuna ematen dio pertsonari, eta bide horretatik behar du euskararen aldeko diskurtsoak, edo ez da haziko: seme alabei euskaraz ikastea galaraztea, ikastetxeetan matrikulatzerako orduan askatasuna kentzen dieten gurasoak jakin bezate bizi osorako askasauna ukatzen ari direla euren seme alabei.
    Beraz, zer gehiago esan azterketa honi buruz? Gauza handirik ez, egia esan. Manipulazio gutxiago eta errealitatea desituratzeko eta autorearen helburu politikoak lortzeko asmoa apur bat gehiago ezkutatu beharko lukeela autoreak, segurua baita honek hurrengo Jaurlaritzaren erabakietan eragina izan dezakeela. Bestalde, emaitza hauek interesgarriago gerta daitezke alderdi politikoen ehunekoak jarri beharrean (hor ere datu interesgarriak izan arren, esaerako EAJkoek gorri gehiago dutela berde baino eta Amaiurrekoen artean parean dabiltzala bi erantzunak) gizarte sektoreenak jarriz gero: adina, herrialdea, euskalduna/belarrimotza, sexua… Hori askoz argiago izango litzateke manipulazio hutsa eskaintzen ez duen txiste hau baino.

  • Euskobarometroaz hitz egiten den bakoitzean gauza bera diot: ez da ikerketa zientifiko bat, egileak PPSOEko peoiak baino ez dira. Ez dut errepikatuko, baina gertutik ezagutu dut euskobarometroa eta Llera jauna. Lleraren lanek ez dute gainditzen inolako azterketarik, Soziologia ikaslea balitz ez luke aprobatuko, eta Euskabarometroak ez du balio inprimatuta dagoen papera.
    Benetan, ez du merezi “artefacto estadistiko” hau puntuz puntu eztabaidatzeak. Zabor espainol merkea baino ez da.

  • […] HIZKUNTZAREN INPOSIZIOAZ… Bidaltzailea: kude 2012-07-01 HAUSNARRIAN, ZE BERRI kategorian | Haripidetu EHUko lantalde batek egindako maiatzaren 2012ko Euskobarometroaren (webgunea espainiera hutsean) emaitzak argitaratu berri dituzte (Hemen Pdf-a EB0512, espainiera hutsean). Eta hemen Zuzeu albistarian Joseba Uriak eginiko hausnarketak. […]

  • Nik ez det ezagutu bizirik dagoen hizkuntza inposatzen ez dana, ala jaiotzen garenean aukeratzen degu ze hizkuntzan ikasiko degu hitzegiten?

  • Hasi beharko ginateke abertzaleok “nazioalista” eta “ez nazionalista” terminoak ez erabiltzen, aldiz, argi dago daudela euskal nazionalistak eta espaniar nazionalistak.

    Eta webgunea erdaraz besterik ez badago, ni banoa elebiden erreklamazioa jartzera, publikoa bada bederen argi gera dadila haien jokabidea. elebde, semaforoan eta abarretan, animatzen zaituztet gauza bera egitera.

  • Serioski, zerbait egin beharko genuke Euskobarometroarekin. Segundutik segundura pentsatzen jarrita lotsagarriagoa iruditzen zait gaztelera hutsean egotea. Euskaldunok ere EAEkoak gara, eta eurek ez badakie euskaraz behintzat kontrata bezate itzultzaileren bat… Ez d izango partziala, noski, baina inguru hauetako azterketa soziologiko garrantzitsuena eta publikoa den heinean, euskaraz behar du. Zer egin da erabaki behar duguna.

  • kexatu eta ekimenetan parte hartu, berbarako:

    http://www.blogak.com/euskarazhostia

  • Ezjakintasunetik galdetzen dut: Nola heldu da Llera horra? Kargua bitalizioa da, hau da, behin-betikoa? Hala ez bada, zenbatekoak dira epeak? Kexatzeak tendentziosidade ozen hori konpontzea lekarke?

  • Ba kexatxeak ez dakit balio duen kasu hoentan. Orain arte gutxitan egin dugu kexa euskaldunok, are gehiago, milaka edo ehundaka egiten badugu zer?? ni bide horretatik hasi naz eta emaitza batzuk lortu direla aitortuko dut. Batez ere, dirua edo kontsumitzaileak tartean gaudenean, badakizue, dirua dena da.

    Dena dela, kexatzeak ez dakar orko bat bezala gauzak esatea eta erreklamatzea, beste modu batzuk daude eta eraginkorrak dira.

    ni behatokira joko det, Euskobarometroa EHUkoa denez, publikoa denez, ez dut uste oso urrun dagoenik elebidetan egon beharko lukeenaren kexa.

    : )