Euskal musika nagusi Donostiako Aste Nagusian
Aurtengo Donostiako Aste Nagusiko Sagueseko kontzertuetan, musika talde euskaldunak izango dira nagusi. Nabari da abertzaleak Gipuzkoako hiriburuko Udaleko agintera heldu direla, azken urteetako egitarauak nahiko tristeak izan baitira euskal musikaren presentziari dagokionean: 2008an, zazpi musika taldetatik bakarra izan zen euskalduna: Ken Zazpi. 2009an, zazpitik bi: Gatibu eta La Oreja de Van Gogh (nahiz eta euskaraz ez abestu); berdin 2010ean: Delorean eta Betagarri.
Iaz, etxeko musikak presentzia gehiago izan zuen jaietako egitarauan: Berri Txarrak, Su Ta Gar, Esne Beltza, Zea Mays eta The Billly Jeans donostiarrak (ingelesez eta gaztelaniaz kantatzen dute soilik). Izan ere, orduko Kultura eta Euskara zinegotziak Melocos eta La Mala Rodriguez taldeen kontzertuak egitarautik kendu eta bi talde euskaldun, Berri Txarrak eta Su Ta Gar, sartu zituen euskal kultura indartzeko helburuz.
Hemen duzu 2012ko Donostiako Aste Nagusiko egitaraua:
- Abuztuak 11, larunbata: Zea Mays eta Doctor Deseo
- Abuztuak 12, igandea: Esne Beltza
- Abuztuak 13, astelehena: La Fuga
- Abuztuak 14, asteartea: Aste Nagusia Dance
- Abuztuak 15, asteazkena: Gose eta Fuel Fandango
- Abuztuak 16, osteguna: 100% Gourmet eta Mala Rodríguez
- Abuztuak 17, ostirala: Anai-Arrebak eta Ken Zazpi
Egitarau triste baino tristeagoa musika oso gustuko dugunontzat…
Barka nire ezezagutza musikala, baina zergatik tristea “musika gustuko duzuenontzat”? Talde batzuk ez ditut ezagutzen, baina esango nuke ez dela kartel txarra eta gustu ezberdinak hartzen dituela kontuan. Gainera super-kontzertu bat dago, Zea Mays eta Doctor Deseo kontzertu bakar batean lujo bat da.
Akaso gustu kontua izango da, niri Ken7 ez zait gustatzen, eta beste talde batzuk ez ditut ezagutzen, baina tira, tristea dela ez nuke esango.
Musika gustatzen zaion jende askok “bere” musikatik haragoko beste edozein proposamen gutxiesteko joera harrigarria du. Zer esanik ez talde horiek euskaldunak direnean. Badakizu, “lokalismorik kutreenean eroritako trikitizale” bat zara beraientzat. Norbere buruari “musikazale” titulua eman eta gainerakoei ukatzen dien jendeaz ari naiz.
“Nire gustuak ez badituzu, ez dakizu musikaz”. Ez da nik aukeratuko nukeen kartela, baina niri ere ez zait hain tristea iruditzen. Tristeagoa iruditzen zait norbere buruari ezagutzaren aitortzak ematen ibiltzea.
Nik ere bazterketa antzeko bat jasan behar izan dut lagun artean Bisbal eta Maná gogoko ditudala esateagatik. Nor dira besteak nere gustu musikalak eskaxak direla esateko?
Ba denetik dao ta maila onekoa