Manuel Lasarte bertsolaria omenduko dute datorren ostiralean Orioko Karela kiroldegian

  • Orioko Udalak eta herritarrek Aiako eta Leitzako Udalen
    eta herritarren laguntzarekin antolatu dute ekitaldia
  • Sarrera doan izango da eta antolatzaileek bertaratzeko deialdia luzatu dute. ETBk diferituan ere eskainiko du emanaldia
  • Ordu eta erdi inguru iraungo du saioak eta hiru herrietako 30 musikari, bertsolari eta herritar igoko dira eskenatokira

Gaur goizean Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean aurkeztu dute ostiraleko ekitaldia.

Orioko, Aiako eta Leitzako udaletako ordezkariek hiru udalerrietako eragileekin elkarlanean antolatu dute Manuel Lasarte bertsolariari omenaldia.  Gaur goizean Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean aurkeztu dute ekitaldia. “Xumea eta hunkigarria” izango da, Manuel Lasarte bera eta haren sorkuntza lana gogorarazteko, eta “utzitako ondarea eskertzeko eta zabaltzeko”.  Ekitaldia Orioko Karela kiroldegian izango da, iluntzeko 22:00etatik aurrera. Sarrera doan izango dela iragarri dute.

 Manuel Lasarte bertsolari eta idazleak lotura estua izan zuen Leitza, Aia eta Orio herriekin. Leitzako Franki baserrian jaio zen Lasarte, 1927an. Hamabi urte zituela, Aiara joan zen bizitzera, eta handik Oriora. Hori dela eta, hiru herrietako udalek eta eragile ezberdinek omenaldia eskainiko diote ostiral honetan, hilak 22, Orioko Karela kiroldegian.

“Manuel hil ondoren, talde ezberdinek omenaldia egiteko asmoa zutela ikusita, ekitaldi bakarra egitearen egokitasunaz aritu ginen lehen bilera batean. Bakoitza bere kabuz aritu baino, indarrak batu eta ekitaldi osoagoa antolatzea egokiagoa zela ikusi genuen. Familiak ere nahiago zuen omenaldi bakarra egitea, eta haien nahia errespetatuz ekitaldi bakarra egitea adostu genuen”, azaldu du Beñat Solaberrieta Orioko alkateak.

Ostiraleko omenaldia “xume eta hunkigarria” izango dela aurreratu du Jon Agirresarobek, Orioko Udaleko Kultura, Euskara eta Festak Batzordeko buruak. Manuel Lasarte 40 urtez aritu zen plazarik plaza; nahiz eta errementari lana izan bere jarduera nagusia. Baina bertso-irakasle, bertso-jartzaile eta idazle gisa ere utzi zituen bere hondar aleak. Sorkuntza lana izan zen berea, eta bere bertso eta hitzen bitartez uzta oparoa utzi zuen. Ostiraleko omenaldiarekin, “egindako lana eta utzitako ondarea eskertu nahi diogu”, azpimarratu du Agirresarobek.

Bertsoa, hitza eta musika

Bertsoa, hitza eta musika, baita dantza ere, horiek izango dira gutxi gora behera ordu eta erdiko iraupena izango duen omenaldiko ardatzak. Gidoia Orioko Errikotxia bertso-eskolako kideek prestatu dute, eta Xabier Amurizaren laguntza izan dute lan horretan. Prentsaurrekoan aurreratu dutenez, Manuel Lasarteren bertsoek –bat batean abestu zituenak eta paperean idatzitakoak– eta testuek protagonismo berezia izango dute. Baita Joxerramon Garate oriotarrak Manuel Lasarteri eskainitako pintura lanak, kiroldegian izango baita ikusgai, eta Aitor Mendizabal eskultorearen lana, azken honek egindako eskultura baten irudia erabili baita omenaldia iragartzen duen karteleko irudi gisa.

Hogeita hamar bat lagun igoko dira Karela kiroldegiko eskenatokira. Kantariak (Orioko Herri Ikastolako Olaxka abesbatza eta Mertxe Oliden), musikariak (Martin Perona, Gari eta Iñaki trikitilariak, Joxerra San Sebastian eta Imanol Urkizu) eta bertsolariak (Miguel Mari Elosegi Luze, Martin Rezabal Olaso, Patxi Etxeberria, Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto eta Andoni Egaña) elkartuko dira, besteak beste, Orioko Karela kiroldegiko oholtza gainean. Azken horiek bat bateko bertsoak abestuko dituzte, eta aurrekoek Lasartek utzitako bertsoak abestuko dituzte. Maitane Mujika eta Ander Errasti dantzariek ere parte hartuko dute emanaldian zehar.

Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko Lehendakariak eta Iñaki Perurena Leitzako harri-jasotzaileak, berriz, Manuel Lasartek idatzitako testuen irakurraldiak egingo dituzte. Manuel Lasarteren hitzak entzungo ditugu haien ahotik, eta Manuel Lasarte bera entzuteko aukera izango da. Hain zuzen, antolatzaileek Euskal Telebistarekin hitzartutako akordioari esker, proiekzio bat eskainiko da Manuel Lasarteren bertsoekin eta elkarrizketa ezberdinen pasarteekin. Gainera, prentsa agerraldian konfirmatu dutenez, Euskal Telebistak omenaldia grabatzeko eta emititzeko konpromisoa hartu du.

Omenaldiko momenturik hunkigarrienetakoa amaierako utzi dute. Eusebio Lasarte, Manuelen seme bertsolaria, oholtza gainera igoko baita bere aita zena bertsoz agurtzera. Amaiera Patxi Oliden “Danbolin” musikari eta Lasarteren lagunaren ekarpena ere izango du emanaldiak.

Ohar garrantzitsuak

Prentsaurrekoa amaitu aurretik, antolatzaileek kontuan hartu beharreko zenbait ohar gogorarazi nahi izan dituzte. Batetik, omenaldirako sarrerarik ez dela hartu behar; bestetik, aretoak seiehun bat lagunentzako tokia duela; eta azkenik, kiroldegiko ateak iluntzeko 21:30ean zabalduko dituztela. Azken ohar horren harira, jendeari garaiz joateko deia luzatu diete.

Amaitzeko, Orioko alkateak, Beñat Solabarrietak, omenaldira joateko gonbita luzatu du. Gonbita hori, gainera, Euskal Herriko bertsozale eta euskaltzale guztiei zuzendutakoa izan dela azpimarratu du. “Omenaldia Leitzako, Aiako eta Orioko udalek eta eragileek antolatu dugu, baina Manuel Lasarte bertsolari nazionala zen, euskal kulturan eta Euskal Herrian erreferente garrantzitsua”.