Gasteiztar euskaldunen atari digitala martxan jarri dute, Hirinet.net

Hirinet.net orria lehen pausoak ematen hasi da. GEU elkarteak sortu du Gasteizko euskaldunei zuzendutako atari digitala. Informazioa, entretenimendua, gaurkotasuna eta parte-hartzea izango dira ekimen komunikatiboaren zutabeak. 

Hirinet.net orria elikatzen laguntzeko aukera izango dute gasteiztarrek, nahi duenak iritzi artikuluak bertan plazaratzeko aukera izango baitu. Horrez gain, zorion agurrek, multimedia elementuek, argazkiek, irudiek, gutunek… Hirinet.net orrian lekua izango dute. Gasteizko gaurkotasun informatiboa euskaraz jarraitzeko aukera zabaldu nahi du Hirinet-ek eta euskaldunen komunitatearen erreferentzia digitala izateko xedea du. Besteak beste, Gasteizen eta Araban euskaraz antolatzen diren ekimenen hilabeteko agenda osatua eskainiko dute.


GEU elkartea 1992 urtetik izan da martxan eta paperean GEU Aldizkaria argitaratzen zuen hilabetero 2009an proiektua eten egin zen arte. Ordutik, GEU elkarteak bere etorkizunaren inguruko gogoeta egin du, eta, besteak beste, tokian tokiko euskarazko hedabideen beharraz jakitun, Hirinet.net proiektua abiatzea erabaki du. Aurrerago, baliabideak lortuz gero, paperean ere aldizkaria kaleratzea nahi dute elkarteko kideek. Momentuz, PDF formatuan kaleratu dute 0. alea.

Euskaraz bizitzera goaz!

Bihar Gasteizen egingo den Euskaraz bizitzera goaz! aldarrikapen jaian ere emango dute Hirinet proiektuaren berri. Izan ere, larunbatean Gasteizko euskalgintzako eragileek ospakizun eta aldarrikapen eguna antolatu dute. Goizean kirola, dantza, musika, bertsoak eta beste zenbait ekimen izango dira Gasteiz erdigunean, eta, arratsaldeko 19:00etan manifestazioa hasiko da Andra Maria Zuriaren plazatik Euskaraz bizitzera goaz! lelopean.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra