Elkarlan akordioa sinatu du Aiaraldea Komunikazio Leihoak eskualdeko Udalekin, Aiarako Kuadrillarekin eta euskalgintzako taldeekin

aiaraldea_hitzarmenaEuskara normalizatzeko helburua duen elkarlan hitzarmenak egundoko babesa jaso du, ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariek babestu baitute ekimena.

Aiaraldea Komunikazio Leihoak bultzatuta euskara komunikaziogintzan jendarteratzeko epe luzerako elkarlan eta konpromiso hitzarmena sinatu dute eskualdeko instituzio guztiek eta hainbat euskara elkarteek  (ikus zerrenda ezkerreko zutabean) “hizkuntzaren normalizazioak horren beharrezko dituen Euskarazko Komunikabideen sustapenarekin konpromiso sendoa adieraziz”.

Saraubeko Mahaian egindako agerraldian hitzarmena sinatu dute Aiaraldeko 9 alkateek, Kuadrillako presidenteak, hitzarmena udalez udal babestu duten alderdi poltikoetako ordezkariek, euskalgintzako ordezkariek eta Aiaraldea Komunikazio Leihoa proiektuko lehendakariak.

Aiaraldea Komunikazio Leihoak azken hilabeteotan udal guztietako ordezkari politikoekin izandako hartuemanaren emaitza da atzo Olabezarren egindako ekitaldia.

Irati Mendiguren Aiaraldea Komunikazio Leihoko koordinatzaileak adierazi zuenez, “2010eko apirilaren 17an euskarazko komunikazioa ahal beste esparrutan zabaltzeko www.aiaraldea.com web-gunea abiatu genuen, hizkuntzaren normalizazioan euskarazko komunikabideek duten garrantzi estrategikoaz oso jakitun. Atariak eskualdean jasotako erantzuna ezin hobea izan da, 2011 urten 170,000 bisita izan baitzituen. Uda honetan baina, hausnarketari heldu diogu elkartean, eta euskarazko komunikabideak indartu eta berriak sortzeko erronkari behar bezala erantzuteko jendarteko eragile ezberdinekin epe luzerako elkarlanak abiatzea erabaki genuen; eskualdeko euskara elkarteekin, instituzioekin, elkarteekin, norbanakoekin, ikastetxeekin eta enpresekin. Euskalgintzarekin eta instituzioekin lortutako akordioa da gaur aurkezten duguna”.

Elkarlan hitzarmen hauek mamitzeko asmoz, Aiaraldea osatzen duten 9 udaletan ordezkaritza duten talde politiko guzti-guztiekin batu da elkartea, eta talde politiko bakoitzaren ekarpenak aintzat hartuta idatzi eta onartu da udalez-udal gaur jendaurrean azaldutako akordioa.

Eskualdeko 8 udaletan onartutako akordioa

Euskarazko komunikabideak indartu eta berriak sustatzeko akordioa Amurrio, Urduña, Aiara, Orozko, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldoko Udaletan sinatu du azken hilabeteotan, Laudion datozen asteetan gauzatuko da.

Sinatutako testuetan udal guzti horiek www.aiaraldea.com web-gunea babestu eta diruz-laguntzeko konpromisoa hartu dute, urtero biztanle bakoitzeko 0,60 euroko diru-ekarpena egitekoa zehazki. Aiaraldea Komunikazio Leihoak, besteak beste, “independentea, plurala, orekatua eta parte-hartzailea izateko konpromisoa” adierazi du hitzarmen hauetan, alderdi politikoen eraginpean izatea saihestuz eta inpartzialtasuna zainduz.

Euskalgintzaren eta Instituzioen Kontseilua

Elkarlan dinamika honen ondorioz bi kontseilu sortu ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak; alde batetik euskalgintzarena, euskara elkarteekin komunikaziogintzari dagokion elkarlana kudeatzeko, eta bestetik Instituzioen Kontseilua.

Instituzioen Kontseilua urtean bitan batuko da, eta bertan, alkateez gainera, parte hartu nahi duten alderdi politiko guztietako ordezkariek izango dute ordezkaritza. Kontseiluaren zeregin nagusia euskarazko komunikabideen sustapenerako elkarlana bideratzea izango da.

Saraubeko mahaian egindako ekitaldia

Elkarlanerako adierazpena sinatzeko ekitaldian 50 talde edo instituzioetako ordezkarik parte hartu zuten. Albokaren doinura, horrenbeste une garrantzitsuren lekuko ixil izan den Saraubeko Mahaiaren bueltara batu ziren atzo ordezkari guztiak. Ekitaldiari behinola euskalduna zen Aiaraldea erdaldunduaz mintzo den 1967ko Gabriel Arestiren “Aialako Konterria” poemak eman zion hasiera. Izar Mendiguren bertsolari eta elkartekideak bi bertso kantatu zituen ekitaldiaren esangura azpimarratuz. Jarraian harrizko mahaian sinatu zen testua irakurri zuten Irati Mendiguren eta Aitor Fernandez de Pinedo ekitaldiko antolatzaileek, eta banan banaka deitu zituzten bertan batutako ordezkariak testua sinatzera.

Ekitaldi xumea talde argazkiarekin eta osteko luntxarekin bukatu zen.

Aurrera begirako erronkak

Elkartekideak pozik daude lortutako emaitzarekin: “Antzina eskualdeko agintariak Saraubeko mahai honetan biltzen ziren erabakiak hartu eta bozkatzeko. Historia Garaikidean lehenengo aldiz, euskaradunak diren gure herrietako agintari guztiak elkartu ditugu, duela zenbait mende bezala” azaldu du Iñaki Ibarrola Aiaraldea Komunikazio lehendakariak. “Hitzarmenak sekulako babesa jaso du, azken hamarkadetan gutxitan ikusi dugun adostasuna lortuz. Kolore eta ideologia guztietako ordezkariak batu eta elkarlanera deitu ditugu, euskarari ahal beste espazio zabaltzeko”.

Etorkizuneko erronken inguruan ere mintzatu da elkarteko lehendakaria; “instituzioekin eta euskalgintzarekin bezala, etorkizun hurbilean norbanakoak, elkarteak, ikastetxeak eta enpresak ere inplikatuko dituen elkarlan dinamikak sustatzea baita gure asmoa”.

Euskarazko komunikabideen sustapenean ere haibat aurrera urrats emango dituztela jakinarazi dute elkarteko ordezkariek, gutxi-gutxika jendaurrean aurkeztuko dituztenak.

 

aiaraldea, Aiaraldea Komunikazio Leihoa, euskara, hitzarmena, instituzioak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude