Apple eta kontsumoaren zurrunbiloa
Applek bere produktu berria kaleratu du: iPad berria (New iPad). Azkenean argitara eman dute tablet berriaren ezaugarrien misterioa eta sagartxoaren zaleek lasaiago lo egin ahal izango dute; produktua merkaturatzen den arte, behintzat (martxoaren 23an, Espainian). Lehen iPada iraultza izan zen, merkaturatu zen lehen tableta izan zen. Hurrengo modeloak, iPad 2ak, berehala bikoiztu zituen salmentak, eta berriak, aurreko markak hautsiko dituela dirudi. Baina honen guztiaren atzean, bada inork ikusi nahi ez duen arazo larri bat: kontsumoaren zurrunbiloa.
Lehenik eta behin, eman diezaiogun begiratu bat Appleren produktuen (ordenagailuak ez diren produktuak) kaleratze datei:
- iPad 1: 2010eko apirila
- iPad 2: 2011ko martxoa
- New iPad: 2012ko martxoa
- iPhone: 2007ko ekaina (4 eta 8 GBko modeloa) eta 2008 otsaila (16GBko modeloa)
- iPhone 3G: 2008ko ekaina
- iPhone 3GS:
- 16 eta 32 GBkoa: 2009ko ekaina
- 8GBkoa, beltza: 2010eko ekaina
- iPhone 4:
- GSM, beltza: 2010eko ekaina
- CDMA, beltza 2011ko otsaila
- GSM eta CDMA zuriak: 2011ko apirila
- iPhone 4S: 2011ko urria
iPod Classic (handia) (egin klik irudian handitzeko)
Produktu bakoitzeko modeloen kaleratze daten artean hilabete gutxi batzuk besterik ez daude. Horietako produktu bat erosten dugunerako, berria kaleratzen dute gutxira; modelo berri bat, hobea. Zaharkitua geratu zaigu, beraz, geuk geneukana “kaka zaharra” bihurtu da berriaren aurrean, eta nahita egina gainera. Honen aurrean, bi jokabide daude: dugunarekin konformatu, gustuko dugulako eta ez dugulako burua jan nahi; edo urduritu, geuk dugun modeloa ez baita horren “ona”.
Appleren ibilbidea ikusita, bigarren jokabide honek ez luke zentzurik izango, ondo baitakigu Apple etengabe ari dela modelo berriak kaleratzen (kontsumitzaileak izorratzearren? Diru gehiago egitearren), eta bere produktuetako bat erostera goazenean, askori galdera bera sorrarazten zaie: “azken modeloa erosiko dut, ala berria irten arte itxarongo dut”. Galdera horrek tranpa ezkutatzen du, gogoan duzue buztanari hozka egin nahian dabilen txakurraren irudia?
Applek etekin ona ateratzen jakin izan dio kontsumitzaile askoren “beti gehiago nahi” horri, eta horretan oinarritu du bere negozioa. Negozio sostengaezina da ingurugiroari begira. Gainera, Appleren produktuak (marka gehienenak bezalaxe), denbora jakin batera funtzionatzeari uzteko programatuta datoz, hurrengo modeloa, berritzaileena, harrigarriena, eros dezazun; oso garesti, gainera. Eta honek guztiak estresa eta urduritasuna sortzen du, objektuen esklabo bihurtzen gaitu, “beti gehiago nahi” horrek preso hartzen gaitu.
Oso ondo azaldua. Kontsumismoak janda gaude, neu lehena.