Heriotzaz, taburik gabe, Elhuyar aldizkariaren martxoko zenbakian

11-11 azalaMunduan, 150.000 pertsona inguru hiltzen dira egunean. Hala ere, askorentzat, heriotza tabua da. Elhuyar aldizkariaren martxoko zenbakian, gai zail bati aurre egiteko gogoz, heriotzari eskaini dizkiogu bi erreportaje.

Lehenengo erreportajean, garbi hitz egiten da heriotzari buruz: zer den, nola gertatzen den, zer bilakaera duten organoek, zer bilakaera izan duen heriotzaren kontzeptuak berak azken urteetan… Taburik gabe. Luis Miguel Querejeta auzitegi-medikuarekin eta Felix Zubia medikuntza intentsiboan espezialistarekin errepasatu ditugu heriotzaren alderdi teknikoak eta alderdi emozionalak.

Horrez gain, hilzorian egon eta berpiztu diren batzuek izan dituzten bizipenak jaso ditugu bigarren erreportajean. Zer azalpen ematen die neurozientziak esperientzia horiei?

Besteak beste, erreportaje hauek ere aurkituko dituzu martxoko Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian: Elkarrizketa: Maite Louzao, itsas hegaztien ikertzailea. Itsas hegaztiak luze ikertu ditu. Azkenekoz, Indiako Ozeanoko Kerguelen uharte txikian. Han, Diomedea exulans albatrosaren ugalketari egin dio segimendua, eta klima-aldaketak zer onura ekarri dion hegazti horri argitu du; Software librea, lau frikiren kontua baino askoz gehiago. Sofware librearen aldarrikapena egiten du Igor Leturiak “Mundu digitala” ataleko artikulu honetan. Linux-ekin hasi zen —idatzi du—, baina, gaur egun, software librearen mugimendua lau frikiren kontua baino askoz gehiago da. Hainbeste, non hura gabe mundua ez bailitzateke izango gaur ezagutzen dugun bezalakoa; Kutsatzaileen eragina haurrengan. Haurrek inguruan kantitate txikitan dituzten toxikoen eragina ikertzen dihardute INMA proiektuan. Gipuzkoako 550 familia daude INMA proiektuan sartuta; haurraren eta haren ingurumeneko datuak erregistratzen dituzte, eta Espainiako beste hainbat taldetan jasotakoekin alderatu; Tximistak ehizatzen. Gaur egungo tximistak detektatzeko eta kokatzeko sentsore-sareei esker, ekaitzetan gertatzen diren tximistak askoz hobeto ulertzen ditugu. Sare horietako datuei esker, ekaitzen faseak denbora errealean ikus daitezke. Lan horretan dihardu Javier Lopez Herrera Euskalmeteko meteorologoak, eta artikulu batean jaso du tximistak nola ehizatzen diren Euskal Herrian; Clara Immerwhar: kimikari, etxekoandre, martiri. 1915eko maiatzaren 2an senarraren armadako pistola hartu eta bere burua hil zuen Clara Immerwhar-ek. Etxekoandrearen mantalarekin itotako kimikan doktorea zen, eta Fritz Haberren emaztea. Ongarriak sintetizatzeko metodoak asmatzeagatik da ezaguna Haber; baita, metodo horiekin Lehen Mundu Gerran erabiltzeko gas pozoitsuak garatzeagatik, ziape-gasa, besteak beste.

 Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago, liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.

heriotza, itsas hegaztiak, software libre, tximistak

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude