Elene Arandia abeslariak webgunea ireki du

3

Elene Arandia Arnal 1989ko urriaren 27an Gipuzkoako Tolosa udalerrian jaiotako abeslari euskalduna da. Orain webgunea ireki du: www.elenearandia.com

Ahots-kordak bere instrumentu musikal nagusi izan dira betidanik. 6 urterekin jaso zituen lehen solfeo eskolak bere aitonaren eskutik, Tolosako Musika Bandaren historian pertsona garrantzitsua. Beregandik hainbat gauza ikasi zituen, besteak beste, ez dela nahikoa jakitearekin, gustukoa dena landu eta maitatu egin behar dela etorkizunean mantendu ahal izateko. 12 urte bete zituela, Betizu telebista saiorako kasting batean hartu zuen parte eta bertan, kanturako gaitasuna lantzen hasi zen. Nahiz eta hasiera batean antzerkizale amorratua izan, bere pasio eta dohain nagusia kantua zela ohartu zen.

Geroztik, musika eta kantua bere lanaren eta ikasketaren parte garrantzitsu izan dira eta jakin-mina ateak zabaltzen lagundu dion giltza. Entzumen eta belarri onak lagunduta, kanturako duen gaitasuna eta ezagutza landu ditu bere kasa eta musika estilo ezberdinak perfekzionatu ditu, lirikoa tartean. Azken hamar urteetan, hainbat proiektutan hartu du parte: telebista saioak, diska grabaketak, musikalak, antzerki eta dantza espektakuloak eta pelikula bat (2005.utean Alberto Gorritiberea zumaiarrak zuzenduriko Ispiluen Jauregia), besteak beste. 2009.urtean, Izaro Saizar bere lehengusinarekin batera, Bi Gira EITBko musika saio arrakastatsuan hartu zuen parte. Irabazle suertatu ziren eta tolosarrei eta inguruko senideei euren lana eta esker ona azaldu nahi izan zieten Tolosako Leidor antzokian eskaini zuten Batera Live ikuskizunarekin.

Oraingo honetan, musikaren unibertsoan aurrera egiteko ilusioa eta gogoak haratago doaz. Hori dela eta, espazio multimedia honen bitartez, Elenek urtetan egindako lana eta bere gustu musikala zabaldu nahi ditu musika eta espektakuluaren munduan modu profesionalean jarduteko.

Musika

Kabareta, jazz-a, soul-a eta heavy metal musika estiloen maitale, euren artean erabat ezberdinak diren Liza Minnelli, Etta James, Tarja Turunen, Mark Knopfler eta Sting abeslarien ahotsak inspirazio iturri garrantzitsu izan dira Elenerentzat. Bere ahotsa egoki moldatzen da musika estilo ezberdinetara eta behin baino gehiagotan «bizi eta espresio handiko» ahots modura definitu izan da, rock indartsu zein balada eztiak kantatzeko gai dena. Musika estiloari dagokionez, Elene erregistro ezberdinetan mugitzen da, baina antzerki musikala da gehien atsegin duen generoa; kabaret alemaniarra hain zuzen, XX.mende hasieran sortu zen musika, antzerkia, dantza eta beste hainbat arte eszeniko uztartzen dituen kabaret mota.

Azken urteetan, heziketa bokala gustuko beste genero batetara bideratu du, heavy metal sinfonikora soprano kategorian eta egun, berriz, jazz-a eta soul-a bezalako generoak lantzen ari da, bere ahots estilo eta erregistroarekin bat baitatoz.

Kazetari, itzultzaile eta abeslaria. Journalist, translator and singer.