Armeniako genozidioa ukatzea debekatu egingo du Frantziak

armeniaUrtebeteko kartzela zigorra eta 45.000 euroko isuna. Hori izango da 1915-1917 urteetan Turkiak armeniarren aurkako genozidioa eragin zuela ukatzen dutenentzako zigorra, Frantzian: Arazorik konpondu baino, berriak sor ditzakeen neurria da.

Historia liburuetako orriak historiagileek idazten dituztela irakatsi digute beti, baina badakigu gezurra dela. Historiagile batzuek idazten dute, ez denek. Irabazi dutenen bertsioa idaztea nahi duten historiagileek, alegia. Sarritan kontrako ikuspuntuak isilaraztea ere bilatzen dute.

Nafarroako Gobernua da historia bat eta bakarra iraunarazi nahi duen instituzioetako bat. “Konkista ez zen bereziki odoltsua izan”, dio UPNk banatu duen esku-orriak. Kontrako kontakizuna baztertua dago, baina ez erabat debekatua.

Frantziara itzul gaitezen, non galarazi egin duten historiaren ikuspegi bat. Frantziako senatuak onartu egin du genozidioa ukatzea zigortzen duen legea eta Sarkozyk berrestu egingo du. Ukazioa izan daiteke gezurrezko ikuspegia, ikuspegi maltzurra, ikuspegi desitxuratua eta baita ikuspegi baztertua ere, baina ez behintzat ikuspegi debekatua.

Ez dut nik esango Armenian genozidiorik egon ez zenik, kontrakoa esatea beste erremediorik ez dut. Wikipediatik hasita, iturri nagusiek horixe baieztatzen dute: “Armeniar genozidioa Lehen Mundu Gerraren garaian eta ondoren Otomandar Inperioko armeniarrak nahita eta sistematikoki suntsitzeko eragiketak izan ziren.” Baina, argi dago ez dela ikuspegi bakarra. Turkiarrek ez dute genozidio gisa definitu nahi 1915 eta 1917 artean (orain dela ia 100 urte! gertatukoa.

Tayyip Erdogan Lehen Ministroa debekuaren aurka dago: “pentsamendu askatasunaren sarraskia da; erdi arokoa”. Turkiako gobernuak dioenez inperio otomandarrak “ez zuen Armeniako herritarrak ezabatzeko” planik osatu eta gatazka testuinguruan kokatzen ditu heriotzak. Pentsatzekoa da milioika turkiarrek elkarbanatzen dutela iritzi hori.

Historia debekatu?

Historiak ikuspegi anitzak ditu, egitate batzuen gaineko interpretazio ezberdinak, eta, batzutan, errealitateari buruzko desadostasun ere bai. Baina, nork idatzi behar du historia? Ez behintzat Gobernu batek lege bidez ikuspuntu bat zigortuz. Historia dekretuz ezarri nahi izateak galera besterik ez dakar ezagutza kamusten duelako. John Stuart Mill pentsalariak esango lukeen bezala, bakoitzak bere argudioetan duen ahultasuna erakusten du -kasu honetan genozidioaren baieztapenean- bestea debekatzeak.

Historia atal horri buruz dudan ezjakintasuna onartuz, ez dakit zein onura egiten dien armeniarrei Frantzian genozidioa ukatzea zigortzeak. Zentsura bide arriskutsuak irekitzen ditu eta Frantzian bizi diren turkiarren ikuspuntua kriminalizatzen du. Ez al litzateke neurri nahikoa Frantziak genozidioa onartzea eta kontrakoa baztertzea?

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Armeniako genozidioa ukatzea debekatu egingo du Frantziak”-ri buruz

  • Ados esandakoarekin, Iñaki. Argi dago Historia bakarra inposatzea ez dela bidea. Baina batzuetan erdibidean kokatzea da egin daitekeen okerrena.
    1915-1917 urte artean 1,5 milioi armeniar hil ziren Turkian (iturri fidagarrienen arabera). Otomandar Gobernuak isilpeko garbiketa etnikoa burutu zuen herrialdearen ekialdean, eta ordutik, euren burua gatazka etnikoen aitzakiaren zuritu nahi izan dute.
    Armeniarren historia ahaztua eta baztertua izan da. Armeniarrek sufritu zuten genozidioa estalia izan da, ezkutatua, eta batik bat turkiarrek dute gertatutakoaren erantzukizuna. Sentitzen dut, baina ezin da onartu kontrajarritako bi kontakizunei balio bera ematea.
    Arriskutsua da ikuspuntu bakarra inposatu nahi izatea. Baina genozidio bat izan zela ukatzea, nire ustez, are arriskutsuagoa da.
    Begirunea zor zaio armeniar herriari eta, batez ere, hildako errugabeei.
    Geratutakoaren inguruan ikuspuntu desberdinak izan daitezke, baina oinarri sendo baten gainean eraikitakoak izan behar dira, eta oinarri hori izendatzeko genozidio hitza erabili behar da.

    Irakurri, arren, Jakes Lafittek Berrian idatzitako iritzi-artikulua [ http://www.berria.eus/paperekoa/1513/006/001/2012-02-18/turkia_eta_armenia.htm ] eta Karlos Zurutuzak Argian idatzitakoa [ http://www.argia.eus/argia-astekaria/2086/genozidioa-gogoan/osoa ].