Urtea hastearekin 20 urte bete ditu “Karakola segi hola” irratsaioak Xorroxin Irratian. Gazteei bideraturiko irratsaioa zena, pixkanaka eta modu naturalean, iluntzeko magazin bihurtu da. Beti Iluntzeko 20:00etatik 22:00etara, astelehenetik ortziralera, eta beti gidari bera izan duela: Josetxo Apezetxea. Esan-Erran irratia isilduko dela jakin dugun egunean mintzatu da berekin zuzeu.
20 urte “Karakola segi hola” saioa egiten. Hasieran gazteentzako saioa zena, magazin itxura hartzen joan da. Zertan aldatu da saioa 20 urteotan? Zergatik eboluzio hau?
Aldaketa, izatekotan, bilatu gabekoa izan dela erranen nuke. Bilakaerarik izan dela garbi da, aldatzea izateari atxikia den zerbait . Gainera, saioa biluxik eta hankamotz abiatu zenez, osatuz, garatuz, zuzenduz eta baita aldatuz ere bere bidea egin du orain artean.
Xorroxin irratiak ere 30 urte ditu. Anitz aldatu da irratia denbora honetan: aurkezleak, profesionalizazioa, teknologia, egoitzak, saioak… Saioak ere nabaritu ditu aldaketa horiek?
Bai, jakina. Horrek ere eraginik izan du “Karakola Segi Hola” saioan. Taldearen ”profesionalizazioa” zein teknologiaren aintzinamendua saioa errezago bideratzen eta hobeki hornitzen lagungarri izan baitira. Gainera, saioa osatzeko larri banabil, lankideen laguntza eta beraiek egindako lana eskuragarri izatea izugarri estimatzen da.
Gai aunitz jorratzen dituzu saioan: ekologia, kultura, herri mugimendua, aisialdia, nazioarteko kontuak, Euskal Herrikoak… goizeko magazinetatik desberdina da halere. Nola definituko zenuke saioa?
Ez da errexa. Berez ez baitu egitura zehatz eta garbirik,baina aldi berean, maiz errepikakor suerta daiteken ustea izaten dut.Nere ustez hori da saioak eduki dezaken gauzarik onena, egitura hetsi edo zehatzik ez izatea. Horrek bide eman baitezake modu batera edo bertzera jokatzeko.
Kulturak, eta bereziki musikak, leku berezia dute, hala ere. Noizko bakarrik musikari eskainitako irratsaio bat?
Ez da nolanahiko erronka.Hala ere Xorroxin Irratiaren historian izan dira musikari huts hutsean eskeinitako saioak. Agian…
Urtarrilaren 13an ospatu zenuten 20. urteurrena Erratzuko Zubipuntan, luxuzko gonbidatuekin: Pottoka, Morau, Mugaldekoak, Iturri… Lekua eta gonbidatuak ez dira kasualitatea, ezta?
Zubi Puna ostatuak 21 urte egin ditu,eta beraz bidaide garela erraten ahal da. Ostatuko Xabi ere beti izan da saioaren inguruan, eta gainera, egun horretarako soinu tresnak etabar eskura eman zizkigun. Horretaz gain, Erratzun egin zituen bere lehen urratsak Xorroxin Irratiak. Konbidatuak, aldiz, lehenago edo berantago saiotik pasatutakoak dira. Ingurukoak, eta Karakolarekin aski ongi moldatzen direnak, (edo alderantziz hobeki erranda). Gehiago izan zitezkeen, baina luzeegia izanen litzateke. Hori da luxua! Eskerrak denei.
Baduzue aurreikusirik bertze zerbait egitea data hau gogoan hartzeko?
Ez. Ederra izan zen, baina orain egunerokoari lotuta jarraitu behar.
Euskara hutsezko irratia Nafarroan egitea, gaur egun, ez da kontu makala. Xorroxinek badu lizentzia, baina Nafarroako Gobernuak euskarazko komunikabideak aitortu gabe segitzen du, dirulaguntzak ezabatu ditu… Zein egoeratan da Xorroxin irratia?
Aurten inoiz baino estuago eta larriago emanen dugu urtea. Hori garbi daukagu. Hala ere, eginahaletan gara egoera horrek ahalik eta eragin ttipiena eduki dezan Xorroxin irratiaren norabidean.
Saio historikoa ezbairik gabe, aupa Josetxo eta zorionak Xorroxin, Karakola segi hola!
Ederki gozatu dugu Karakolarekin.
Korakola SEGI HOLA!
Aupa Txetxen!