Amerikanuak: Azken artzainak
Amerikanuak: Azken artzainak
Amerikanuak dokumentala ikusi ostean bildu ditut ideia batzuk. Euskal diasporari buruzko dokumentala baino, desagertzear dagoen belaunaldi baten kontakizun nostalgikoa da Amerikanuak.
Sintesia:
Amerikanuak dokumentalak Nevadako (AEB) Elko herrira joandako zenbait immigrante euskaldunen historia kontatuko digu. Funtsean, nostalgiari buruz hitz egingo digu, herrialde arrotz batean bizitza duina eramateko borrokari eta komunitate bateko kide sentitzeari buruz.
amerikanuak (teaser) from Berde Produkzioak on Vimeo.
Amerikanuak ikusi ostean ideia gutxi batzuk:
Gaiak:
Dokumentalean zerbaitek protagonismoa badu horiek pertsonaiak dira: Anacabetarrak, Igoatarrak, Narbaizatarrak, baina, denen gainetik, Juanito Juaristi “Parrillas”. Pertsonaia gehienak zaharrak dira, agureak, XX. mende hasieran artzain lanak egitera joandakoak.
Pertsonaien hitzek ematen diote forma dokumentalari. Dokumentalaren egileek orduak pasa behar izan zituzten pertsona horiek ezagutzen, kamera aurrean jarri aurretik haiekin enpatizatzen. Hori islatu egiten da pantailan, errealismoa dario: benetako pertsonak dira, “autentikoak”. Ikus-entzunezko material luzetik egindako aukeraketa xehea da dokumentalean agertzen dena. Salbuespen txikiak salbu, agertzen denak badu mamia, baina mami asko ere utzi dute dokumentaletik kanpo.
Pertsona horiek aurkezten dituzten gaiak, besteak beste, hauek dira: artzain ofizioa, maitasuna, laguntasuna, bakardadea, ameriketara egindako bidaia, zahartzaroa eta euskal komunitatearen arrastoa herrian. Umore kutsuak laguntzen ditu gehienetan azalpenak. Interesgarria da lekukotasunak jasotzeko erabilitako teknika; ez da galdera-erantzun zuzena, baizik eta pertsonaien arteko elkarrizketak dira informazio ematen dutenak; errealismoa ematen dio, elkarrizketak modu kaotiko eta naturalean egiten baitute bidea.
Ororen gainetik, nostalgia da dena azaleratzen duen gaia. Nostalgia, iragan hobearen isladak, baina baita oroimen tristeak ere. “Bizitza tristea”, dio “Txapok” haren artzain gaztaroaz. Elkarrizketa hunkigarria bezain gogorra. Nostalgiak ere badu euskal komunitatearen galerarekin zerikusia. Euskal Herrian jaiotakoak hiltzen doaz eta kosa egiten zaie seme-alabei gurasoen bizimodura makurtzea. Star Taberna euskalduna noren esku utziko duten galdetzen diote haien buruari Igoa familiakoek.
“Parrillas” da, esan bezala, pertsonaien artean indar gehien ematen zaiona. Gizon xelebrea da, dagoeneko gorputzaren nekeak jotakoa. Sekuentzia batean ikusten da nola tabernan sartzen den gizon gorbatadun bati euskaraz egiten dion “Parrillasek”, nola haren kontu txantxa egiten duen gorbatadunari molestatuko dion axola gabe. Zahartzaroaren kontuak.
Filmak bi amaiera ditu:
- “Parrillas” leiho txiki batetik begira ageri da, aurrez erakutsi digute bere logelaren bakardadean. Euskal artzain belaunaldiaren agur moduan interpretatzen da sekuentzia.
- Tren bat agertzen da alde egiten; oso klasikoa. Lehen amaiera konkretuagoa (zabalean ere interpreta daiteke ta) da bigarrena baino. Zuek esan zuzendarien erabakia gustuko izan duzuen.
Pertsonaien aurkezpenak: Argazki faltsuaren teknika darabil. Argazki bat bailitzan kokatzen dira pertsonaiak, baina, guk, haien mugimendua ikusten dugu, argazkiaren “making off”, alegia. Horrez gain, gorputz atal bat nabarmentzen da: eskuak. Bizitzaren igaroa erakusten dute, esku gogorrak dira, lan egindakoak, sufritutakoak.
Eszenatokia: Nevadako paisaia ikaragarria da, lautada zabalak eta mendi garaiak. Isolamendua eta ingurune gogorra transmititzen dute. Elurrak apaintzen ditu sarri ingurune horiek. Paisaien sekuentziek dokumentala pausatzen dute; arnasa eman. Ingurune naturaletan zenbait elkarrizketa ikusten dira filman (izotzezko lakua, ardien lautada, arrantxoa…). Eszenatoki hauek irudi bitxiak uzten dituzte: ardoa eta bokata edaten ari diren gizon euskaldunak laku izoztu batean arrantzan, esaterako. Baina, dokumental paisajistiko bat egiteko hautuari uko egiten dio dokumentalak eta pertsonaiak haien eguneroko lekutan agertzen ditu: Star Hotelean eta Biltoki jatetxean. Taberna giroa da nagusi.
Musika:
Musika “amerikarra”, countrya, sortu dute The Audienceko kideek, baina bereizgarri askorekin. Musika “zuzenean” egin dela igartzen da; bideoko irudiei indarra ematen die, baina baita kontrapuntua ere. Musika ez da oharkabean pasatzen, lan eskerga egin da eta izaera berezia ematen dio dokumentalari. Eszena batzuetan musikak eragiten dituen sentsazioak irudiarenak gainditzen ditu.
Irudi historikoak:
Euskal diasporak Elkon izan duen lekua erakusten dute bideo zaharrek. Oso eduki interesgarria lortu dute egileek. Euskal-amerikar festen estetika bitxia bezain erakararria da. Era berean, pertsonaia nagusiak garai hobean bizi zireneko dokumentu bisualak dira.
Apenas hitzegiten ez duen artzain horren zatia mundiala da… Nebadako artzain hoberena gisa aurkeztu digute.Edukazioagatik kamera aurrean minutu batzuk eman, bizpahiru hitz aurkezten duenarekin eta ospa.”Banoa, egin dute erretratoa”. Begi bistakoa da ez dela berritsu-kalakaria eta ez dagoela eroso baina begirunez agurtzen gaitu.
Nik uste zuzendariek eszena horiek (intimoagoak, inprobisatuagoak, errealagoak) erakusteko hartu duten erabakia ausarta izan dela; bete-betean asmatu dute gainera. Izaera narratibo oso berezia duen dokumentala atera zaie.