Azpiegitura lan handiak gelditzeko exijituko da larunbatean Donostian egingo den manifestazioan

azpiegiturak-prentsa-001

Hainbat proiektu eta azpiegitura-lan erasokorren oposizioan lanean urteak daramaten hainbat herri mugimenduk eta taldek manifestazioa deitu dute larunbatean Donostian Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu: azpiegitura-lan handiak gelditu! lemapean.

Manifestazioaren deitzaileen oharra:

 

 Hainbat proiektu eta azpiegitura-lan erasokorren oposizioan lanean urteak daramaten herri mugimenduk eta taldek manifestazioa deitu dugu otsailaren 4an Donostian. “GIPUZKOA DESBERDIN BATEN ALDE, JENDARTE EREDUA ALDATU: AZPIEGITURA-LAN HANDIAK GELDITU!” lemapean, manifestazio honetan parte hartzeko dei egiten diegu herritar guztiei, hain zuzen ere gure lurralde aski hondatuan eragiten duten makro-proiektuak geldiarazteko eta egungo jendarte-eredua aldatzeko ezinbestekoa den presio soziala egiteko.

Izan ere, gaur egun herrialde guztietan azpiegituren inguruko eztabaida berriro piztu egin da, bai krisialdi ekonomikoaren ondorioz eta bai herritarren artean desadostasun handia sortu duen azpiegituren arloko politikak utzi duen herentzia gatazkatsuaren ondorioz ere. Horregatk, azpiegitura lan-handien inguruan orain arte nagusi zen ahobateko adostasun instituzionala pitzatu egin da, eta aldaketa hori Gipuzkoan nabarmentzen ari da. Egoera honen aurrean, herritarrek presioa egiteak duen garrantzia azpimarratu eta jendarte osoari mobilizatzeko deialdia egin nahi diogu, ingurumenean, ekonomian eta gizarte arloan kalte larriak eragiten dituzten azpiegitura polemiko horiek behingoz geldiarazteko eta garapen-eredua aldatze aldera orain arte inoiz egin ez den eztabaida sozialari ateak irekitzeko aukera baitugu.

Urteak dira erakunde publikoetatik ingurumenean, gizartean eta ekonomian izugarrizko eragina duten azpiegitura-lan handien aldeko apustua egiten hasi zirela. Lurralde txikia da Gipuzkoa baina hazkunde eta globalizazio ekonomikoaren olatuan igota, garapenaren izenean egindako proiektu asko eraman dira aurrera, asko aztera bueltarik gabekoak. Baina gaur egun mahai gainean ditugunak gildiarazteea eskatzeko bildu gara gaur hemen. AHTa, errauskailua, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Ganitxurizketako plataforma logistikoa, Donostiako metroa, Hondarribiako aireportuaren hedapena, Zubietako makro-espetxea, ingurabideak, goi-tentsio lineak, besteak beste.

Apustu horrek zalantzan dagoen garapen-eredu jakin bat bultzatu du. Ez dira azpiegiturak bakarrik, inguru jakin batean eragina izango duten proiektuak. Egitasmo horiek ez ditugu eragiten duten inpaktu ekologiko basatiagatik bakarrik gelditu nahi, kasu askotan arrazoi nahikoa izan arren. Auzitan dagoena azpiegituren arloan garatu den politikaren izaera jasanezina da, politika hori jasanezina delako bai ingurugiroaren aldetik, eta bai, gaur egun nabaria dena, ikupegi ekonomikotik ere. Beraz, gaur hemen elkartu garenok inposatu nahi izan diguten garapen eredua zalantzan jartzen dugu, hausnarketa aldi bat ireki dadin orain arte inoiz egin ez den eztabaida egitea eskatzen dugu, eta azken urteetan herritarrak ikusle huts bihurtzera kondenatu dituen gardentasun ezarekin eta politika parte-hartzaileen gabeziarekin amaitzea nahi dugu.

Esan beharra dago, Gipuzkoa mailan herri mugimenduek ekimen hau bultzatzearen arrazoi nagusietako bat, azken hileotan Gipuzkoan zenbait eragile politikok orotariko azpiegitura-lan handien alde burutu duten kanpaina politiko eta mediatiko bortitza izan dela. Alegia, zenbait ordezkari politikok azpiegitura-lan handiak gelditzeko eskariak eta jendartearen ahotsa instituzioetan neutralizatu eta blokeatu nahi dituzte, proiektu txikitzaileen aldeko presioa mantendu, egite kontsumatuen politikari eutsi eta makro-proiektuak ezartzen jarraitzeko asmoz. Eragile politiko horiek, azpiegituren aferan dauden interes ekonomiko eta pribatu itzelen defendatzaileak dira, inolako aldaketarik nahi ez dutenak, eta jarrera hori salatu nahi dugu. Kanpaina horretan, besteak beste, Abiadura Handiko trena, Errauskailua, Jaizkibelgo superportua edota Hondarribiako aireportuaren hedapena jarri dituzte Gipuzkoaren etorkizuna bermatzeko ezinbesteko elementutzat. Horretarako, ordea, ez dute inolaz ere, azpiegitura-lan handi horiek ingurumenean, gizartean eta ekonomian izango lituzketen kalteen inguruko eztabaida sozialik egin, ez eta egiten utzi ere, are gehiago, ekonomia mailan hain ezkorra den testuinguru honetan. Eta eskakizun zehatza luzatu nahi diegu, eztabaidari eta hausnarketari bidea ireki diezaioten eskatzen diegu, jarrera oztopatzaileak alboratuz.

Argi dago herri-mugimenduok geure bidea egin eta herritarrek mobilizatzen jarraitu behar dugula, informazioa zabaldu, jendarte eredua aldatu eta egitasmo horiek geldiaraztearen aldeko lanean. Hala, azken egunotan hainbat eztabaida eta jarduera egin ditugu, ingurune kaltetuetara ibilaldiak egin dira, eta Gipuzkoako hainbat udaletxetan azpiegitura-lan handiak gelditzearen aldeko mozioak aurkeztu eta eztabaidatu dira. Oiartzun, Lezo, Pasaia, Hernani, Tolosa, Zaldibia, Itsasondo, Segura, Bergara, Arrasate, Oñati, Aramaio, Elgeta eta Mutrikun onartu da mozio hori, eta beste zenbait kasutan, Oreretan kasu, bozka baten aldearekin atzera bota dute. Udal horiek bat egin dute inurumenean, gizartean eta ekonomian sekulako eraginak dituzten azpiegitura-lan handiak geldiaraztea eta horien inguruan gizarte-eztabaida butzatzea ezinbestekoa den eskaerarekin, eta, beraz, manifestazioan parte hartzeko dei egiteaz gain, konpromisoa hartu dute beren esku dagoen guztia egiteko herritarrak informatu, eztabaida-guneak ireki eta hitza emateko.

Horregatik guztiagatik, deialdei honekin baten egiten duten herri mugimendu, talde ekologitsa, sindikatu, indar politiko eta udal guztien izenean, herritar guztiei datorren larunbatean arratsaldelo 17’30etan, Donostiako Boulevardetik aterako den manifestazioan parte hartzeko dei egiten diegu. Ahalik eta jende gehien biltzea beharrezkoa izango da, presio soziala egitea delako, azken batean, eguneroko lan iraunkorrarekin batera, gure helburuak lortzeko bide bakarra.

Deitzaileak:

AHT Gelditu! Elkarlana Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea, Jaizkibelgo Superportuaren aurkako taldea, EHNE, AHTren Aurkako Asanblada, PTPren aurkako Oiartzungo taldea, Mutriku Natur Taldea eta Gipuzkoa Zero Zabor.

Sostenguak:

  • Talde sozial eta ekologistak: 15M, Ekologistak Martxan, Eguzki, Haritzalde Naturzaleen Elkartea eta  Azpikola Berreskuratu taldea.
  • Sindikatuak: ESK, LAB, STEE/EILAS, CNT eta CGT/LKN
  • Indar politikoak: Alternatiba, ezker abertzalea, Antikapitalistak, Gorripidea, Ezker Anitzak, EPK/PCE, Aralar, Ezker Batua/Berdeak, Lizargorri Taldea eta Iratazar
  • Udalak: Oiartzun, Lezo, Pasaia, Hernani, Tolosa, Zaldibia, Itsasondo, Segura, Bergara, Arrasate, Oñati, Aramaio, Elgeta eta Mutriku.