Euskal etxeak eta hilobiak Henry O’Shearen liburuetan
Euskal etxeak eta hilobiak –
Eri edo gaixo egoteak baditu bere aldetxo onak ere. Horietako bat irakurtzeko astia izatea da. Holakoetan, halabeharrez, aspaldian erosiak eta irakurri gabe ditugun liburuak irakurtzen ditugu. Eta batzuetan, horiek irakurtzean, ustekabe galantak izaten ditugu. Hori da niri gertatu zaidana Henry O’Shea ikerlari eta idazle miarriztarraren “La Maison Basque” eta “La Tombe Basque” liburuekin.
1.- Henry O’Shearen biografia laburra
Iduriz, Henry O’Shea Espainian jaio zen 1836. urtean, eta aita Wellingonen armadan ari izan zen militar irlandarra zuen. Bidaia anitz egin zituen Espainia eta Portugalen barna, eta ikusitakoa kontatuz zenbait liburu plazaratu zuen. Iparraldeko emazte batekin ezkondurik, Miarritzen finkatu zuen bere bizitokia. Hortik aitzina, Lapurdiko hiri eder horrekin lotura estuak ukan zituen eta zenbait kargu bete izan zituen: Brititsh Cluba, Biarritz elkartea, Bizkaiko Golkoko Aklimatazio Elkartea eta Baiona-Biarritzeko Arteen Adiskiden Elkartea sortzen parte hartu zuen, eta Miarritzeko hautetsia ere izan zen.
Gazte-gaztetik erakarpen eta lilura sumatu zituen euskal gaiekiko, eta garaiko aldizkari eta egunkarietan artikulu interesgarri franko plazaratu zituen, baita zenbait liburu argitara eraman ere. 1887an arestian aipatu dudan “La Maison Basque” izeneko liburua plazaratu zuen. Euskal etxe eta baserrien itxura eta estiloa azalduz. Ferdinand Corrègesek, zuri-beltzez, oso ilustrazio ederrak egin zizkion. Bi urte berantago, hau da, 1889an, euskal hilobiak aztertzen zituen “La Tombe Basque” liburua plazaratu zuen. Bi liburuek harrera eta zabalkunde handia ezagutu zuten garai hartan.
2.- Euskal etxeari buruzko liburua
1887an plazaratu zuen euskal etxeari buruzko liburua, “La Maison Basque” izenaz bataiatu zuena, eta aipatu liburuan euskal arkitekturari buruzko sentipenak, oharrak eta burutazioak azaldu zituen. Horretarako kultura zaharretara jo zuen, eta irudimen handiz, alderaketak eta paralelismoak eraiki zituen. Liburu berezia, bitxia eta exotikoa da, eta horretaz gain, Ferdinand Corrèges artista baionarrak egindako marrazkiek euskal etnizismo kutsua ematen diote. Aipatu beharra dago, marrazki horiek ez dutela lotura handirik Henry O’Sheak liburuan zehar kontatzen duenarekin. Euskal arkitektura aipatzea omen da bere xedea, baina bere liburu osoa teoria eta irizpide bitxiez betetzen du, euskal arkitekturaren elementuei aipamen handirik egin gabe. Liburua euskal populu noblearen gorapena egitea dela erran daiteke.
Liburuak ehun orrialde inguru ditu, eta lehen erran bezala, euskal arkitekturaz baino gehiago, euskaldunen jatorriaz, euskal sinesmen zaharrez, arbasoen kultuaz, euskal familiaren eraldaketaz, euskal izaeraz eta moralitateaz, pilota jokoaz…, luze aritzen da. Euskaldunen jatorriari buruz mintzatzen denean, garaian indarrean zegoen teoria turdetanoa defendatzen du. Teoria honek zioenez, atlanteak desagertu zirenean, ondorengo batzuk Andaluziako kostaldean finkatu ziren Tartesos izeneko kultura piztuz. Hauek desagertzean, hauen ondorengo ziren turdetanoak gelditu ziren, eta euskaldunak azken turdetanoak izanen ginateke; gure hizkuntza, euskara, loturik legoke atlanteen mintzaira zaharrarekin.
Arkitekturari dagokionez, euskal eraikinen artean, hiru mota ezberdin sailkatu zituen: etxe nobleak, hiriko etxeak eta baserriak. Haien inguruko ezaugarriak eta aldeak ematen saiatu zen.
Bilketa. Euskal Funtsen Ataria izeneko webgunean oso aipamen interesgarriak eman dituzte aditzera Henry O’Sheari eta bere liburuei buruz. Horretaz gain, zenbait ideia eta pasarte euskaraz eman dituzte. Horra, O’Sheak arrazari buruz pentsatzen zuenaz euskaratu duten testua, ez baitzuen arrazaren kontzeptua defendatzen, etniarena baizik, garai hartan bitxia eta ezohikoa bazen ere.
“Ez, arrazarik ez dago! Gizakiaren historia, gizakien borondate historia da.” Baieztapen honek, nire ondoko ikerketan arrazei ematen dieten garrantziari kontraesana emango dio. Hona hemen nire pentsamenduaren funtsa. Burezurraren forma, hezur egitura, muskululazioa eta ile-sistema, heziketa fisikoa, herentzia eta klimaren eraginak dira.
Nire ustez arraza deitzen den hori, dira pentsatu eta sentitzeko manera orokorrak, eskuratutako egiaren parteen emaitzak, eta herri talde oso batek denbora luzean amankomunak bilakatu direnak. Iraultza handi bat gertatzen denean kontzientzietan, orduan eraldatzen dira ulermena, irudimena, joera arruntak eta pasioak, hots adimenaren ekonomia eta gizartearen antolaketa osoa. Sentimendu berri horiek bizi diztuzten herriek dolikozefaloak edo brakizefaloak izaten segitzen dute, beltzaranak edo zuriak, odoltsuak edo bakezaleak. (…)”(Bilketaren itzulpena)
Eta euskaldunen jatorriari buruz honako testua euskaratu diote: “Ez ote ziren euskaldunak Andaluziako hegoaldean Atlanteek eraiki zuten Turdetaniako zibilizazioaren monumentu handiaren aztarnak edo giza hondakinak? Ez ote dira, edo ez ote ziren jatorrian turdetaniar arraza handiaren adar bat? (…) Atlantidan zen, kontinente misteriotsu hartan, hondamendi handi batek irentsi zuena, euskal hizkuntza seguraski sortu eta hori hitz egiten zuen herriaren gogoak bere behin betiko aztarna jaso.” (Bilketaren itzulpena)
Euskal etxearen egituraz honela zioen: “Jatorrizko etxea osoki zurezkoa zen. Hiru fatxada, gaur egun, harginari emanak dira. Zurginak, giza habien poeta hark, ia estaia bakar bat badu, ekialdera itzulia. Zurezko balkoi handi batek, sarreraren gainean, hormaren kontra jartzen ditu denborak belztutako barkalun larrien itzal meheak. (…) Etxe modernoek bi estaia izaten dituzte; zaharrek, askoz ere originalagoak, bakar bat daukate. Hauek sartzea atari batetik dute, — lorio azpia euskaraz — edo, zehazkiago, ezkaratz gangadun handi batetik, apala, iluna, non, haitzulo zabal batean bezala, itzal masak firurikan sartzen diren, eguzki izpi handi batek angeluan mozten dituena, urre distiratsuzko dailu batek bezala.” (Bilketaren itzulpena)
Eta euskal etxeetako aurrealdean, ateburuan, edota eskuin-ezker aldeetan, jartzen omen zuten eskua aipatzen du. Irulegiko Eskuaren mezua ez ote da Henry O’OSheak aipatzen duena? Ikus dezagun: Turdetanoek beren atean edo ate gainean esku bat eta zeinu kabalistikoak edo magikoak ezartzen zituzten, eritasunak, hondamena eta heriotza ematen dituen begi gaiztoaren ondorioak uxatzeko, geroago apaingarri huts gisa gorde zirenak. Euskaldunentzat ere eskuak eragin kaltegarri horiei aurre egiteko ere balio izan zuen.” (Bilketaren itzulpena).
3.- Euskal hilobiari buruzko liburua
Lehen aipatu bezala, bi urte beranduago, hau da, 1889an, euskal hilobiak aztertzen zituen “La Tombe Basque” liburua plazaratu zuen. Aurreko liburuaren ildoari jarraituz egina, ilustratzaile berberarekin, eta ideia eta teoria berak defendatuz.
Liburua ez da aurrekoa bezain mardula, bakar-bakarrik 60 orrialde inguru dituelako, baina bai mamitsua eta irakurri modukoa, zenbait ataletan banatua: Euskal ehorzketa XVIII. mendean, ehorzketaren inguruko ohiturak,euskal ehorzketaren jatorria, arbasoen kultu eta sinesmenak, hilarriak eta beren garapen eta eraldaketa, iberiar hilarria, etruskoen hilarriak, Gales zaharreko hilarriak, Irlandakoak, Eskoziakoak, euskal hilarriak eta bukatzeko, euskal hilerria eta bere egitura.
Hilarrien jatorri zaharra, erranahi kabalistikoa eta zabaltze-eremua aztertzen ditu, kultura eta herri zaharrekin alderatuz eta balizko teoriak bilatuz. Liburu ederra da, poesiatik asko duena, eta garai hartan idazle eta ikerleek egiten zuten antzera, hipotesi franko ematen duena. Gaur egun, hipotesi horiek lekuz kanpo daude, zaharkituak, inolako oinarri zientifikorik gabeak direlako, baina zalantzarik gabe, horrelako liburuek bide bat urratzen lagundu zuten. Hauxe da Henry O’Shearen liburuei aitortu behar zaie merezimendua.