MOZIOA Gipuzkoan azpiegitura-lan handiak geldiaraztearen alde

servicio03

Jakingo duzuenez, hainbat egitasmo erasokorren aurkako herri mugimenduek eta taldeek baterako ekimenak bultzatu eta otsailaren 4ean Donostian manifestaziorako deialdia egingo dugu, azpiegitura-lan handiak gelditzeko eta garapen ereduaren aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzeko. MOZIOA ekimen horren harira  egingo ditugun aktibidadeen barnean kokatzen da eta gure proposamena URTARRILEAN ZEHAR Gipuzkoako udal guztietan mozio hau aurkeztea da.

Mozioa lantzeko orduan, duela bizpahiru aste zabaldu genuen deialdi-proposamenari egin zaizkion ekarpenak jaso ditugu (Gipuzkoa Zero Zabor), eta gure deialdiari mozio forma ematerakoan Xabier Pombok eman digun laguntza eskertzen dugu.

MOZIOA UDALETAN SARTZEKO (LAGUNTZA):

Mozioa udaletan berehala aurkezteko eta urtarrileko udal batzarretan eztabaidadua izan dadin, bi bide lantzea proposatzen dugu:
-Batetik, talde lokal edo pertsona bakoitzak bere herriko udalean mozioa sartzeko udaletxeko arduradun edo ordezkari egokiekin harremanetan jartzea.
-Bestetik, udaletan ordezkaritza duten talde politikoei laguntza eskatzen dizuegu (Bildu, Ezker Abertzalea, Aralar, Alternatiba, Pasaiako Ezkerra…), hain zuzen ere zuen egituren bidez Mozioa Gipuzkoako udal guztietara zabaltzeko eta ekimen honen berri emateko.
Halaber, eskertuko genizueke mozioa zein udaletan sartu den konfirmatzea eta eztabaidatu ondoren izan diren emaitzen berri ematea ere.
 
MOZIOA ZABALIK DAGO TOKIAN TOKIKO BESTE PROBLEMATIKAK JASOTZEKO:      
   
Bukatzeko, mozioa zabalik dago tokian tokiko baldintzei eta problematikei egokitzeko: hau da, litekeena da bidaltzen dizuegun mozioan zenbait udalerri edo eskualdetan garrantzia duen beste problematikaren bat nabarmendu nahi izatea, edo mozioan ematen diren azalpenetan halako beste problematika bati lehentasun handiagoa ematea, beraz, mozioari halako ekarpenak gehitzeko aukera zabalik dago, mamian duen zentzu orokorra mantenduz beti ere.
 
Besterik gabe, mozioa zuzena irudituko zaizuelakoan, agur eta hurrengora arte!
 
    
AHT Gelditu! Elkarlana: ahtgelditu@ahtgelditu.org. Tlfnoa: 657705677 / 695715510.
Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea lasarteoriabizirik@yahoo.es
Jaizkibelgo Superportuaren aurkako taldea: 660847906. lamiserianoterminaranunca @hotmail.com.
PTPren aurkako Oiartzungo taldea: kepaola@telefonica.net. Tlfnoa: 6098101712
Mutriku Natur Taldea: Txanbolin@gmail.com. Tlfnoa: 635727267.

 

GIPUZKOAN AZPIEGITURA-LAN HANDIAK GELDIARAZTEAREN ALDEKO MOZIOA:

 
Hainbat proiektu eta azpiegitura-lan erasokorren oposizioan eta herritarren ongizatea nahiz ingurumenarekiko errespetua ardatz izango dituen ereduaren alde urteetako lana daramaten herri mugimenduek eta taldeek honako mozio hau aurkezten dugu udalaren osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin. Herri mugimenduok, elkarturik, Gipuzkoan azpiegitura-lan handiak gelditzeko eta garapen ereduaren aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzeko informazio, hausnarketa, eztabaida eta mobilizazio dinamika berria jarri dugu abian, eta helburu hori aurrean, manifestazio bateratua deitu dugu halaber, otsailaren 4ean Donostian.

 

Esan bezala, baterako ekimen honek azpiegitura-lan handiak geldiarazteko eta egungo garapen-eredua aldatzeko beharra aldarrikatu nahi ditu, hain zuzen ere ingurumenean, ekonomian eta gizarte arloan kalte larriak eragiten dituzten era guztietako azpiegitura-lan handien alde presionatzeko azken hileotan Gipuzkoan egiten ari diren kanpaina politiko eta mediatikoari erantzuteko (tartean daude AHTa, errauskailua, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko Metroa, Hondarribiako aireportuaren hedapena, Zubietako makro-espetxea, ingurabideak, e.a.).

 Horrenbestez, uneotan herritarrek presioa egiteak duen garrantzia azpimarratu eta jendarte osoari mobilizatzeko deialdia egin nahi diogu, gure lurralde aski hondatuan eragiten duten makro-proiketuak geldiarazteko eta egungo garapen-eredua aldatzeko atzeraezina den hausnarketa-aldi bat ireki dadin ezinbestekoa den indarra egiteko. Izan ere, gure ustez funtsezkoa da egungo garapen-eredua aldatze aldera orain arte inoiz burutu ez den gizarte eztabaida hori bultzatzea, argi baitago aurkakotasun zabala sortu duten azpiegitura polemiko horiek ez direla herritar bati ala besteari modu isolatuan kalte egiten dioten gertakariak, bere osotasunean hartuta zalantzan jarri behar den  garapen eredu baten parte baizik.

 Edozein eratan, bizi dugun abadagunean eta krisialdi ekonomikoaren ondorioz ere, azpiegituren inguruko eztabaida berriro piztu denean, herritarren mobilizazioa berrindartzea premiazkoa da. Horregatik, “GIPUZKOA DESBERDIN BATEN ALDE, EREDUA ALDATU: AZPIEGITURA-LAN HANDIAK GELDITU!” lelo eta aldarrikapen amankomunarekin egingo den ekimen honen inguruan herri kaltetuetako biztanleak eta taldeak, herri mugimenduak eta erakunde sozial, ekologista, sindikatu, indar politiko eta bat egin nahi duten udal guztiak biltzea beharrezkoa da.

 Jakina denez, Gipuzkoako lurraldeak, hain neurri txikikoa eta industria-garapen handikoa izanik, azpiegituren hedapen izugarria jasan du iraganeko azken urteen izandako hazkunde eta globalizazio ekonomikoaren aroan. Azpiegituren hedaketa horrek, lurraldea neurrigabe hiritartzeko eta metropolizatzeko joerekin batera, ingurumen naturalari eraso gogorrak, zonalde erruralen eta nekazaritzako lurren galera, ingurumenaren artifizializazio gero eta handiagoa, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa, aldaketa klimatikoan eragin handia, eta orohar, narriadura ekologiko nabarmena jasan duen lurralde txiki honetan eta herritarrengan eragin kaltegarriak sortu ditu, hala-holako irudi-kanpainek eta lorategiz hornitzeko lanek apenas disimulatzeko gai direnak.

 Aldi berean, aipagarria da egitasmo handi horiek azken urteotan herritarrengan desadostasun zabala eta gatazkak sorrarazi dituztela, nozitutako gardentasun-ezak nahiz gizarte-eztabaida partehartzaileen gabeziak areagotu besterik egin ez dituztenak, azpiegitura-lan handiak eraikitzeko egitasmo horiek modu sobera inposatzailean sustatu direlako eta erabakiak hartzerakoan ez dutelako herritarren partehartzea eta kalteturiko udalerrien parte-hartzea kontuan hartzeko gaitasunik izan.

 Halaber, azpiegitura-lan handietan eginiko diru-baliabideen xahuketak eta inbertsio itzelek nolako zulo ekonomikoa utzi duten azpimarratu beharra dago, azken aldian egunetik egunera argitara ateratzen ari direlarik inolako errentagarritasunik ez duten hainbat herrilanekin egin diren gehiegikerien eta “pelotazoen” inguruko berriak. Zinez, azpiegitura egitasmo handien zuribide ofiziala erretolikazko “interes orokorra”ren izenean eta errentagarritasun sozio-ekonomikoari eta enpleguaren sorrerari dagozkien hipotesi sistematikoki faltsuen gainean eraikia izan da.

 Lanpostuei gagozkiela, esaterako, Euskal Herriko lan-hitzarmenetatik kanpoko kontratuak dira, 12 orduko lanegunak dituztenak eta lan segurtasun hain eskasekoak non langile ugari hiltzen diren. Hots, azpiegiturei emandako lehentasuna gastu publiko izugarriaren gainean egin da, politika xahutzaile honek eragindako zorpetze larriaren bizkarretik eta ingurumeneko ondareak hipotekatuz, azken batean enpresa-interes jakin batzuei mesede egitearren hainbat gizarte-premiari erantzuteko ezinbestekoak diren baliabideak eta ekonomiako, gizarteko eta kultur arloko beste iharduerek behar dituzten laguntzak zurrupatuz. Prozesu hauek ondorio sozial oso larriak izaten ari dira jada, eta  ondorio horiek are larriagoak izango dira etorkizunean, norabidez aldatzen ez badugu, gainean daukagun krisialdi ekonomiko sakona kontuan hartuta.  

 Gauzak horrela, ez da harritzekoa azpiegiturei buruzko eztabaida berriro zabaldu bada, jendartean desadostasun handia sortu duten azpiegituren arloko politikak utzitako herentzia gatazkatsuak eta hainbeste gizarte eskaerari erantzuteko baliabideen eskasiak eztabaida hori derrigortzen baitu. Ondorioz, garapen eredua sakonki aldatze aldera eztabaida sozial zabal eta partehartzaileari ateak irekitzeko aukera dago.

 Egoera honen aurrean, herri mugimendu gisa independentziarekin eta erabakitasunarekin ekitea dagokigu egitasmo horiek geldiaraztearen alde. Edozein eratan, erantzun guztiak instituzioetan daudela sinestea okerra litzatekeela badakigu, gure ustez, lorpenak inoiz erdiestekotan, lehenik eta behin jendartearen kontzientziaren eta ekimenaren emaitza izango baitira. Hortaz, azpiegitura-lan handiak eta proiektu txikitzaileak gelditzeko borrokari eutsi behar diogu, lurraren defentsari eta garapen ereduaren aldaketari zor zaien garrantzia azpimarratuta.

  Gure lurraldean eragiten jarraitzen duten gizarte-ingurumen gatazkak:

             Zentzu honetan, gure lurraldean eragiten jarraitzen duten era askotariko gizarte-ingurumen gatazkei buruz ohartarazi behar dugu:

 -AHTri dagokionez, zaila da Gipuzkoako lurraldeari eta orografiari gutxiago egokitzen zaion proiekturik aurkitzea, eta desegokitasun horrek bereziki larriak egiten ditu azpiegitura erraldoi honen kostu ekonomikoak eta gizartean nahiz ingurumenean eragiten dituen kalteak, bai obrak egiteko unean eta bai funtzionamenduan. Gainera, esan beharra dago orain arte obretan egindako gastua egitasmo osoan egin beharreko guztiaren gutxi gorabehera % 15-20a dela, eta ondorioz, “Euskal Y”-aren obrak gelditzeko erabakia atzeratu  beharrean, oraingo unea egokia dela azpiegitura megalomano hori gelditzeko. Jaurlaritzak, ordea, 2012. urtean AHTren Gipuzkoako zatientzat 380 miloi euro zuzendu asmo ditu, gastu sozialetan murrizketa oso gogorrak iragarri dituen bitartean.  

– Zubietako errauskailua dela eta, Usurbilgo Itunak eta herri mugimenduek eskatutako geldirazpena eta luzamendua atzeraezinak dira. Gipuzkoa osoan, geroz eta udalerri gehiagotan atez-ateko sistemaren bidez hondakinen gaikako bilketa sustatu beharko litzateke, eta gaur egungo zabortegi kutsakorrak ixteko aukera emango duen Zero zabor ereduaren garapena bultzatu, horrela hondakinen prebentzioa, birtziklapen erreala eta kudeaketa arrazionalago baten aldeko apustua eginez.

– Jaizkibelgo superportuaren egitasmoa Gipuzkoako kostaldearen aurka burutu nahi duten atentatu ekologiko bortitzena litzateke. Eraikuntza enpresen eta energia sektoreko interesak defendatzen ari dira superportuaren bultzatzaileak, ete bere horretan tematuta jarraitzen dute. Ondorioak, balio goreneko ingurune paregabea suntsitzeaz gain, kostu ekonomiko itzela eta Gipuzkoako gune populatuenetako bat zulo beltz batean bilakatzea lirateke, ondasun kolektiboak, natur baliabideak zein lurzoru publikoak pribatizatuz eta kalteak (ekologiko-ekonomiko-sozialak) gizartearen bizkar utziaz. Superportuari atxikitako Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoak, berriz, balio handiko 180Ha-tako nekazaritzako lur suntsituko lituzke, beharrezkoak ditugun tokiko nekazaritza eta elikadura subirotasuna etorkizunik gabeko hormigoiaren azpian kondenatuz.    

– Donostialdeko LZP-PTPak bultzatutako azpiegitura plan beldurgarria ezin ahaztukoa dugu bestalde, zeinak Oiartzungo bailaratik barrena Iparralderaino A-8 autopistaren lerro berria eraikitzeko eta Irungo Olaberrian izugarrizko plataforma logistikoa eta zentral termiko bat jartzeko egitasmoekin bere aurka alegazio kopuru errekorra bildu zuen.

– Zubietan, errauskailuarentzat aurrikusitako kokapenaren ondo-ondoan, gaur egun eraikitzen ari diren makro-espetxea eta poligono logistiko- industrial erraldoia.

– Mutrikuko portuan egin diren lanak, indarrean dagoen ingurumen legeria bete gabe. Hori gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzak 2012. urterako 10,5 miloi euroko aurrekontua sartu du dikea luzatzeko, lehenengo proiektu teknikoaren porrota kontuan hartu gabe eta inongo bideragarritasun azterketa teknikorik egin gabe. Halaber, inongo errentabilitate sozialik ez duen eta izugarrizko eragin ekologikoak sortuko lituzkeen Mutriku Sasiola errepide berria kosta hala kosta egiteko zenbaitzuren asmoa.

– Azkenik, bat gatoz aurrez aurre ditugun ingurumen-gatazka berrien larritasunaz ohartarazten ari diren ahotsekin: besteak beste, Nafarroatik eta Bizkaiatik Ezkio-Itsasoraino tentsio handiko lineak eraikitzeko proiektuak daude, Araban gasa Fracking izeneko teknikaren bidez ustiatzeko plana, eta  DOT-Euskal Hiria lurralde-antolamenduaren gidalerroak berehala berraktibatzeko Jaurlaritzak dituen asmoak, ekologikoki jasangaitza den eta sozialki zalantzan jarritako eredu desarrollista eta neoliberala  babesten dutenak.

Ondorioz, esan dezakegu pertsona guztiak garela kaltetuak, bai egitasmo batek edo bestek berariaz sortzen dituen kalteengatik, eta bai denek batera sustatzen duten ereduarengatik ere. Era berean, azpiegituretan egiten diren gastu publikoen kopuru itzelek ondorio nabarmenak dituzte administrazio ezberdinen aurrekontuetan, eta horrek udalerri guztiei eragiten die gero.

 Hori denagatik, Udal honi ondorengo erabaki hauek onar ditzan eskatzen diogu:

 Erabakiak:

  1. Udal honek herritarren partehartzea bermatuko duten prozesuak abian jartzeko konpromisoa hartzen du, herritarrek bai udalerriari zuzenean eragiten dioten azpiegitura-lan handien auzian eta bai Gipuzkoan udalerri nahiz eskualde gisa sustatu beharreko garapen-ereduari buruz debatitzeko eta azken batean erabakitzeko aukera izan dezaten.

 

  1. Udal honek Gipuzkoako azpiegitura-lan handiei buruz antola litezkeen mahai-inguru eta eztabaida ekimen desberdinak sustatzeko konpromisoa hartzen du       

 

  1. Udal honek AHTren eraikuntzaren kontrako jarrera adierazten du.

 

  1. Udal honek Usurbilgo itunak Zubietako errauskailuari buruz eskaturiko luzamenduarekin bat egiten du.

 

  1. Udal honek Pasaiako kanpo portuaren egitasmoaren aurkako jarrera adierazten du, baita Kanpo Portuari atxikitako Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoaren kontrako iritzia agertu ere.

 

  1. Udal honek A-8 autopistaren Bigarren Gerrikoa gehiago luzatzeko asmoaren aurkako jarrera adierazten du.

 

  1. Udal honek Zubietako makro-espetxea eraikitzearen kontrako jarrera adierazten du, eta honi dagokionean, Eusko Legebiltzarrak 2006.ko otsailaren 23an onarturiko Ez Legezko Proposamenarekin bat egiten du, zeinak, makro-espetxeak desagertzearen aldeko jarrera azaltzeaz gain, 4.puntuan Espainiako Espetxeetako Zuzendaritza Orokorrari “gisa horretako Zentroak, Zubietan planteaturikoa kasu, EAEn eraikitzeko asmoa bazter dezan” eskatzen dion, horren ordez “EAEko lurralde bakoitzean Intsertzio Sozialerako Zentroak abian jartzeko”.  

 

  1. Udal honek bat egiten du aurrez aurre ditugun ingurumen-gatazka berrien larritasunaz ohartarazten ari diren ahotsekin, hala nola Nafarroatik eta Bizkaiatik Ezkio-Itsasoraino tentsio handiko lineak eraikitzeko proiektuak direla eta, Araban gasa Fracking izeneko teknikaren bidez gasa ustiatzeko planaren auzian, baita DOT-Euskal Hiria lurralde-antolamenduaren gidalerroak berehala berraktibatzeko Jaurlaritzak dituen asmoen inguruan ere, ekologikoki jasangaitza den eta sozialki zalantzan jarritako eredu desarrollista eta neoliberala  babesten dutelako horiek.

 

  1. Udal honek osailaren 4ean, larunbatarekin, Donostian, arratsaldeko 17’30etan Boulevarretik abiatuta egingo den manifestazioarekin bat egiten du, eta herritarrei partehartzeko deitzen die.

 Eskaera honen sinatzaileek Udal batzarrari akordioa puntuz-puntu bozkatzeko aukera ematen diote, hala nahi izanez gero.

 Sinatzen dute:

 AHT Gelditu! Elkarlana.

Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea.

Jaizkibelgo Superportuaren aurkako taldea.

PTPren aurkako Oiartzungo taldea.

Mutriku Natur Taldea.

EHNE.

Zer duzu buruan “MOZIOA Gipuzkoan azpiegitura-lan handiak geldiaraztearen alde”-ri buruz

  • mila esker, ltkaiheea antolatzeagatik. bata bestearen berri jakiteko ere modu bat da.nik dakidan leku batean, puztu-puztu eginda daude emaitzekin.