Florentzio Basaldua eta Patagoniako euskaldunak
Florentzio Basaldua eta Patagoniako euskaldunak –
Gure artean izan dira proiektu gogoangarriak gure historia dorpeak euskaldunoi ukatu eta zapuztu dizkigun independentzia nazionala eta lurralde batasuna nolabait ordezkatzeko. Horietako bat dugu Florentzio Basaldua bilbotarrak Patagonian burutu nahi izan zuena.
1.- Florentzio Basalduaren gazte urteak
Florentzio Basaldua Elodingoitia bizkaitarra zen, 1853ko otsailaren 23an, Bilbon jaioa. Aita Gerardo Basaldua zuen, eta ama Manuela Elodingoitia. Gazte-gaztetik abertzale sutsua, Sabino Arana Goiri bera ere ezagutu zuena. 1868an, hamabost urte zituela, Rio de la Platari buruz Euskal Herrira iristen ziren albisteek bultzatuta, eta bakar-bakarrik, Montevideora iritsi zen. Uruguain denboraldi laburra egin ondoren Argentinara pasatu eta Buenos Airesen finkatu zen.
Hogei urte zituela, Brasilgo hegoaldea, Chacoko eta Bolibiako baso eta oihanak, eta Argentinako lurralde zabalak zeharkatu eta aztertu zituen. Ibilaldi horiei buruzko artikuluak eta kronikak idatzi zituen. Zorigaitzez, horietako gehienak ez ziren inoiz plazaratu. 1876ko azaroaren 6an Diolinda Nuñez kriolloarekin ezkondu zen eta lau alaba izan zituzten. Tamalez, emaztea 1899an hil zitzaion, 47 urte zituela.
1893an, Chicagon egin zuten Erakusketa Unibertsalean, Argentinako ordezkari gisa egon zen, eta berak asmatutako “Euskaria” izeneko sega-makina aurkeztu zuen. Hori dela eta, aipamen berezia egin zioten. 1910ean, Jose F. Alkorta euskal jatorrizko argentinar lehendakariak kontsul izendatu zuen Kalkutan, eta hantxe ezagutu zuen Radringranath Tagore, harekin adiskidetasun handia eginez.
Florentzio Basalduak ingeniaritza eta agrimentsura ikasketak egin zituen Buenos Aireseko unibertsitatean, eta arlo horietan aski ezaguna izatera iritsi zen. Agrimentsore gisa Formosa, Chaco, Misiones eta Patagoniako zelai eta lautada zabalak neurtzen ibili zen. Bere lana zela eta, zenbait hiritan bizi izan zen, La Platan, San Nicolas de los Arroyos-en, Pergaminon, Rawsonen… baina bere bizitzaren urte gehienak Buenos Airesen eman zituen. Zientzialaria zen, beraz, eta baita masoia ere. Argentinako Masoneriako idazkari nagusia izatera iritsi zen.
2.- Basalduaren liburuak eta beste idatziak
Florentzio Basaldua euskaltzale handia eta abertzale sutsua zen, eta Euskal Herria zuen beti bihotzean. Zenbait testutan, espainiar eta frantsesen administrazio azpian egon beharraz eta gure historia dorpeaz mintzatu zen, samin handiz. Argentinako euskal komunitateak plazaratzen zuen “La Baskonia” izeneko aldizkarian maiz idatzi zuen, eta baita bere alabek ere. Adiskidetzat zituen, beste euskaldun askoren artean, aipatu aldizkariaren Rufo Uriarte zuzendaria, Buenos Aireseko Euskal Etxeko Martin Errekaborde lehendakaria, Adolfo Saldias senatorea, Jose F. Alkorta lehendakari argentinarra, eta Pedro Luro lurjabe handia zeuden.
Liburu ugari idatzi zuen. Aipa ditzagun: “Erne” izeneko eleberria (1893), “Leyenda kantabro-americana” (1893), “Memorias sobre la Raza Roja en la Prehistoria Universal” (1910) eta “Prehistoria e historia de la civilización indígena de América y su destrucción por los bárbaros del este.” (1925).
Aitzindari ausarta izanik, bere idatzietan euskaldunen jatorriari buruz idatzi zuen maiz, balizko arraza gorri zahar batekin lotuz. Hitzaldi ugari eman zituen euskararen alde, bere jatorri zahar-zaharra defendatuz. Oso famatua izan zen 1903ko abuztuaren 3an, La Prensa izeneko egunkarian plazaratu zuen euskararen aldeko artikulu apologetikoa, Unamunok 1901eko abuztuan, Bilboko Arriaga antzokian izan ziren Lore Jokoetan euskararen antzinatasuna zalantzan jarriz eman zuen mintzaldiari gogor erantzunez.
Halaber, oso teoria arriskugarriak plazaratu zituen historiaurrean, haren aburuz, gertatu omen ziren hondamendi glaziarrei buruz. Haren irudikoz, euskaldun zaharrak izan ziren hondamendi haien lekuko. Teoria hauek zirela eta, oso kritika handiak jasan behar izan zituen.
3.- Patagonia euskaldunez kolonizatzeko plana
1897an, Patagonia euskaldunekin kolonizatzeko plan zehatz bat aurkeztu zion euskal jatorrikoa zen Jose Evaristo Uriburu argentinar lehendakariari. Basalduaren asmoa zen, Euskal Berri/Nueva Vasconia izenez, Patagoniako lurraldeetan Euskal Herri berria sortzea. Lurralde zabala hartzen zuen bere plangintzan, 44º30’ H eta 47º30’ H arteko lurralde osoa hartuz. Osora, 166.000 km karratu. Eta lurralde horretan Ipar eta Hego Euskal Herriko 10.000 euskal familia, hau da, 50.000 pertsona inguru, kokatu nahi zituen, aldizka, eta hiru urteko epean. Familia bakoitzari Lincoln arrazako 20 ardi eman behar zitzaizkion.
Florentzio Basalduak indar oroz defendatu zuen proiektu hori, baina ez zuen inoiz aurrera eramatea lortu. Azkenean, egitasmoa baztertuta gelditu zen.
4.- Basalduaren azken urteak
Bere azken hogei urteak Chubut-en pasatu zituen, funtzionario nazional gisa. 1932ko maiatzaren 25ean zendu zen. Kepa Altonaga idazle bizkaitar oparoak badu liburu bat plazaratuta Florentzio Basaldua eta bere kolonizazio plana sakon aztertuz, “Patagoniara Hazparnen barrena” izenburu duena.