Sto. Tomas egunaren balorazioa

BEIRAVIDRIO-III

2011ko Sto. Tomas egunari begira EGUZKI TALDE EKOLOGISTAk Donostia eta Bilboko Udaletxeei eskaera bikoitza egin zien: alde batetik, beira jasotzeko zerbitzu berezia martxan jartzea eta beste aldetik, kokaleku desberdinetan, garraiatu daitezkeen komun publiko gehiago jartzea. Bilboko Udaletxeak eskainitako datuekin eta bertan lekuko izan eta gero hau da EGUZKIk Bilboren inguruan egiten duen balorazioa.

Lehenengo eskaerari buruz, EGUZKIk Udaletxeak aurten egin duen esfortzua aipatu nahi du, izan ere, hiri-hondakin solidoak jasotzeko martxan jarritako zerbitzua asko hobetu da, edukiontzi kopurua eta baita hondakinak jasotzeaz arduratutako langile kopurua ere handitu dute. Hala ere, badira hobetu daitezkeen hainbat kontu, nahiz eta brigada bat ingurua garbitzen egon zen oraindik ere lurrean hainbat botila topa zenezake. Gainera, langileen lana goraipatzekoa den arren, jarrera ezkor baten berri ematera behartuta ikusten dugu geure buruak; hondakinak jaso bai jaso zirela baina ez ziren behar bezala sailkatuak izan. Hainbat lekukok aditzera eman ziguten zabor mota guztiak poltsa berberean nahastu zirela.

             Badakigu, herritarrok honen errudunak ere bagarela eta mota honetako brigadek egin beharreko lana ez litzateke hain handia izango guztiok gure hondakinak behar bezala jasoko bagenitu.

             Bigarren eskaerari dagokionez, egia da aurten komun publiko gehiago jarri direla baina EGUZKIren ustez kopurua oraindik oso eskasa da zonalde zehatz batzuetan pilatzen den jende kopurua kontuan hartu ezkero. Arenalean, San Nikolas elizaren ondoan batez ere, komun oso gutxi zeuden eta ondorioz, bertan zeuden herritarrek inguruko tabernetako komunak erabiltzera derrigortuta ikusten zituzten haien buruak. Hau dela eta, tabernariak nahiko haserre agertu ziren eta komunera sartzeko bidesari moduan tabernan zerbait hartzea ia-ia derrigorrezkoa bilakatu zen.

            Hau guztiagatik, EGUZKIk datozen urteei begira eta mota honetako ospakizunak antolatzeko orduan kontuan  hartzeko moduko proposamenak egin nahi ditu:

 1. Hondakinak jasotzeko ardura duten brigaden kopurua handitzea (aurtengo kopurua nahikoa izan ez dela kontuan hartuta).

2. Brigada hauek, hondakinen kudeaketa egokia egitea, hau da, ez bakarrik zaborra jasotzea baizik eta behar bezala sailkatzea ere. Gainera, brigada horien barruan beira bakarrik jasotzeaz arduratuko den langile talde bat izatea.

3. Komun publiko gehiago jartzea. Zonalde zehatz batzuetan batez ere: Arenal, San Nikolas ingurua, Plaza Berria eta jai giro aldetik garrantzi handiagoa daukaten Alde Zaharreko kaleak (Somera, Barrenkale, Ronda…).

             Azkenik, egun honetan Bilbora gerturatzen garen guztioi gogorarazi nahi diegu guztion ardura dela gure herriak garbi mantentzea eta jaia eta kontsumo arduratsua bateratzearen bidean pausuak ematen hasi behar garela. 

 EGUZKI TALDE EKOLOGISTA

Bilbon, 2011ko abenduaren 27an