Gabino Seijo Zarrandikoetxea eta Garnikabarri proiektua

Gabino Seijo Zarrandikoetxea –

Aurten, duela laurogeita sei urte, hau da, 1938. urtean, Gabino Seijo Zarrandikoetxea bizkaitarrak, Simiti eskualdean, gernikarrez osatutako kolonia bat osatzeko baimena eskatu zion Kolonbiako gobernuari. Berrogeita bat urte lehenago, hau da, 1897an, beste bizkaitar batek, Florentzio Basaldua bilbotarrak Patagonian euskal kolonia handi bat egiteko baimena eskatu zion euskal jatorrikoa zen Jose Evaristo Uriburu argentinar lehendakariari. Patagoniako euskal koloniarentzat Euskal Berri izena proposatu zuten eta Kolonbian, Bolibar departamenduko Simiti eskualdean, egin nahi zuten koloniarentzat, berriz, Garnikabarri. Txarrerako edo onerako, gauza da bi proiektu horiek zapuztu  eta ez zirela inoiz burutu.

1.- Patagoniako proiektua

1897an, Florentzio Basaldua bilbotarrak Patagonia euskaldunekin kolonizatzeko plan zehatz bat aurkeztu zion euskal jatorrikoa zen Jose Evaristo Uriburu argentinar lehendakariari. Basalduaren asmoa zen, Euskal Berri / Nueva Vasconia izenez, Patagoniako lurraldeetan Euskal Herri berria sortzea. Lurralde zabala hartzen zuen bere plangintzan, 44º30’ H eta 47º30’ H arteko lurralde osoa hartuz. Osora, 166.000 km karratu. Eta lurralde horretan Ipar eta Hego Euskal Herriko 10.000 euskal familia, hau da, 50.000 pertsona inguru,  kokatu nahi zituen, aldizka, eta hiru urteko epean. Familia bakoitzari Lincoln arrazako 20 ardi eman behar zitzaizkion.

Florentzio Basalduak indar oroz defendatu zuen proiektu hori, baina ez zuen inoiz aurrera eramatea lortu. Azkenean, egitasmoa baztertuta gelditu zen.

2.- Kolonbiako Gernikabarri proiektua

1938an, Gabino Seijo Zarrandikoetxeak Bolibar departamenduko Simití y Santa Rosa del Sur herrietan, Magdalena ibaiaren ertzetan, 250 euskal familia bere baitan hartu behar zituen kolonia baten egitasmoa aurkeztu zion Kolonbiako lehendakariari. Aipatu familia horiek gernikarrak ziren eta Gernika suntsitu, eta Euzkadiko Gobernua erori ondoren, Iparraldean zeuden errefuxiatu gisa. Ez zuten Gernikara itzultzerik, eta noraezean zebiltzan bizimodu berrian egokitu nahian. Gehien-gehienak baserritarrak zirenez gero, Kolonbiako Gernikabarri kolonian nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzekoak ziren. Horrela hitzartu zuen Zarrandikoetxea bizkaitarrak Juan Manuel Santos kolonbiar lehendakariarekin.

1937ko apirilaren 26a. Gernika bonbardaketa ondoren.

 

Gabino Seijo Zarrandikoetxea euskaltzale handia zen, Eusko Ikaskuntzako partaidea, eta liburu zenbait plazaratu zuen; aipa dezagun hemen “Origen del vasco y de su idioma” (Euskaldunaren eta bere mintzairaren jatorria) izenekoa, non Euskal Herriaren eta euskararen defentsa sutsua egin zuen.  1936ko altxamendu faxistak Gernika erraustuta eta Euskal Herri osoa deseginda utzi zituen, inolako etorkizunik gabe, irabazleek euskal kutsua zuen guztia gorroto baitzuten. Horrela izanik, kolonia hura euskal arnasgune bat izan zitekeelakoan pentsatu eta bultzatu zuen Kolonbiako proiektua.

Gabino Seijo Zarrandikoetxea
Zarrandikoetxearen liburuetako bat

Kolonbiako gobernuan, ontzat hartu zuten bizkaitarraren eskaera, baina beste eskualde batzuetara aldatzen saiatu ziren, behin eta berriz. Zarrandikoetxeak ez zituen proposatu zizkioten eskualde berriak onartu, ez baitziren, inondik inora ere, laborantza eta abeltzaintzarentzat egokiak. Haren asmoa zen euskal familia bakoitzari ehun hektarea ematea, euskal baserrietan antzera, etxea eraiki eta lurrak landu zitzaten. Osora hogeita bost kilometro karratuko eremua eskatzen zuen Gernikabarri euskal kolonia eraikitzeko.

Simitiko 25 kilometro karratu hartuz, eraiki behar zuten Garnikabarri kolonia.

 

Azkenean, nahiz eta Eduardo Santos lehendakariaren oniritzia izan, egitasmoak ez zuen inoiz aurrera egin. Hor ba omen ziren euskaldunen aurkako interes ilunak, ekonomikoak eta baita politikoak ere. Obregón Flores gobernadorea Adolf  Hitlerren aldeko amorratua zen, eta diplomatiko gisa egindako urteetan gobernu naziaren Burdinazko Gurutzeaz sariztatua zen. Francoren altxamendu faxista defendatzen zuen, eta alemaniar hegazkineriak Gernikan egindakoa ez zuen begi txarrez ikusten. Hori dela eta, ez zituen euskaldunak maite, eta hasiera-hasieratik euskal kolonia egiteko urrats eta eginbehar guztiak desbideratzen eta uxatzen ahalegindu zen. Horrela izanki, Garnikabarri euskal kolonia ez zen inoiz egin eta Gabino Seijo Zarrandikoetxeak, gogoaren kontra, baina egitasmo hura behin betiko ahantzi behar izan zuen.

Gabino Seijo Zarrandikoetxea  Gabino Seijo Zarrandikoetxea

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude