Ba al da euskal wokismorik?


Woke (“esna”) hitzaren erabilera 1930eko hamarkadan AEBetako beltzen artean sortu eta zabaldu zen, afroamerikarrek pairatzen zuten diskriminazioari aurre egiteko asmoz “arrazakeriaren aurka esnatu!” esanahia zuela. 1960ko hamarkadan Martin Luther King ere hitz honetaz baliatu zen bere hitzaldi sonatuetan. 2014an, polizia batek Michael Brown lurrean itota hil zuelarik, sortu zen “Black Lives Matter” protesta-mugimendu zabalak berreskuratu eta indartu zuen hitzaren erabilera.

2017an Oxford Dikzionarioak woke hitza bere hiztegian txertatu zuen, esanahia honela azalduz: “Gai sozial eta politikoen inguruan, arrazakeriarenean bereziki, kontziente izatea”. Poliki-poliki hitzaren erabilera AEBetatik mundu zabalera hedatu zen eta esanahia ere. Lehen urratsetan arrazakeriari bakarrik lotu bazitzaion ere, gerora erabilera gainerako aldarrikapen sozialei zabalduz joan zen, LGTBIQ+, etorkin eta emakumeen aferei lotuta gehienbat. Hortaz, wokismoa era guztietako errebindikazio sozialei eta oro har ezkerreko alderdi politikoei lotutako pertsonak nahiz mugimenduak deskribatzeko erabiltzen hasi zen, eta zentzu positiboan beti.

2020ko hamarkadan, woke hitzaren inguruan eztabaida gordindu egin da eta egun jende asko da hitz horri eduki negatiboa ematen diona. Oxford Dikzionarioak berak azalpen batzuk ematen ditu: “Hitz hau maiz gaitzespen moduan erabiltzen da, gai hauen inguruan hainbat jende aise haserretzen delako edo deus aldatu gabe haietaz asko hitz egiten duelako”.

Beste ukitu desberdina ematen dio Merriam-Webster Dikzionarioak. Honen arabera, gai sozialez muturreko jarrera edo zentzugabea duena da woke.

Eztabaida piztuta dago. Batzuentzat woke hitzak kontzientzia soziala duen eta zapalkuntzari aurre egiten dion pertsona azalduko lukeen bitartean, beste batzuentzat bere burua besteen gainetik jartzen duen eta bere ideiak gainerakoei inposatu nahi dizkien fanatiko oldarkorra da.

Wokismoaren kritikoek beren ustez jarrera misogino, arrazista edo homofobikoa dituztenen aurka darabiltzaten bide koertzitiboak aurpegiratzen dizkiete gehienbat wokeei.

Samuel Hayat ikerlari frantziarrarentzat, mugimendu hau AEBetatik iritsi den inportazio jasanezintzat dute Frantzian sektore zabalek, bertako kulturaren balioak eta identitatea arriskutan jartzen dituelako.

Analista askok aipatzen ez badute ere, AEBetako alderdi demokrataren inguruko elite ekonomikoek indartu eta zabaldu dute woke mugimendu hau. Elite ekonomiko horien helburu nagusia gizartea zatitzea da. Herritar guztioi dagozkigun arazo ekonomikoen inguruan gizarte osoa batera mobilizatu beharrean, eliteek gizartea arazo identitarioen inguruan zatikatzea lortu dute. Klaseen arteko borroka alboratuta geratu da eta langile eta herritar xume guztion arazo ekonomiko orokorrak desaktibatuta.

Euskal Herrira ere ailegatu da wokismoa eta aldekoak eta aurkakoak antzeman ditzakegu geure inguruan. Baina honetaz ez da eztabaidatzen, eta nonbait arazoren bat sortzen denean emozioetan oinarritutako erreakzioak nagusitzen dira.

Woke al dira gure inguruan ditugun alderdi politikoak? “Bakarrik bai da bai” legearen sortzaile den PODEMOS alderdiari kalifikatibo hori badagokiola esan liteke. Bibliaren arabera Eva Adanen saihetsetatik bezala, PODEMOStik sortu zen SUMAR alderdiari ere, logikaren arabera. Eta Ezker Abertzalea?

Egin litekeen beste galdera: ba al da euskal wokismorik? Hau da, Euskal Herrian wokismoak ba al du berezko ezaugarri desberdinik? Wokismoa positiboa ala negatiboa da? Eztabaidatzeko gai aproposa hauxe.

Ba al da euskal wokismorik?

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

10 pentsamendu “Ba al da euskal wokismorik?”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2024-12-01 13:29

    Adibide batzuk bururatu zaizkit:

    Behin, ETB1eko umore saio batean, gizonezko bat transbestiturik eta beltzez margoturik atera zen, emakume beltz baten papera antzeztuz. Sekulakoa montatu zen. https://zuzeu.eus/euskal-herria/sos-umorea/

    Beste behin, Ekhi Erremundegi kazetariak “Itsu, mutu, gor segitzen du Parisek” goiburua paratu zion bere artikulu bati. Twitterren, EHUko ikerketa talde feminista* batek hizkera “kapazitista” erabiltzeagatik kargu hartu zion. Erramundegik bihotzez barkamena eskatzeko beharra sentitu zuen. https://twitter.com/EkhiErremundegi/status/1540613739967401984

    EiTBko programetan, emakume musulmanak beren esperientziez hitz egitera gonbidatzen dituztelarik (aniztasun kuota bat kunplitzeko eta hori guztia), litekeena da emakume musulman txintxoak izatea; alegia, hiyab-a egoki jantzi eta islamak emakumeei askatasun handia ematen diela dioten emakumeak. Badirudi Euskal Herrian ez dagoela arabiar, amazigh, pertsiar laikorik, homosexualik, ama ezkongairik, bere komunitatean imamek daramaten kontrol sozialarekin kokoteraino dagoenik. Uf, utzi, utzi, akaso ez ote diguten ISLAMOFOBIA leporatuko…

    “Woke” terminoa erabiltzen da Mendebaldeko moralismo mota berri bat izendatzeko. Moralismo guztiak bezala itxurazalea eta azalekoa.

  • freud Atzo

    Nonbait irakurrita. “Wokismoa iragana ezabatzeko ahalegin deliberatua da, izaki berri bat sortzeko saiakera, nazismoaren eskalan existentziaren funtsezko alderdi guztiak lantzen dituen eta jomugan dituen proiektu totalitarioa, bere amiltze intelektualaren bidez adoptatu behar diren izakiekin.”
    Pentsatzeko modukoa…

  • Aitor S. Atzo

    Bai, badago. Bi adibide aipatzearren; batetik Alex Sardui eta bere ideia “matxisten” sorgin-ehiza eta bigarrenik mendietan dauden gurutzeak kentzeko erra izatearekin batera islamarekiko ulertezinezko neurrigabeko onarpena.

  • Egurra Atzo

    Wokismoa masa-mugimendu kulturalki iraultzailea da: iragana suntsitu nahi du, zehatza eta zinezkoa den oro, batik bat historia, kultura eta gizarte mailan. Pultsio suntsitzaile bat da bere horretan, ez du ezer berririk proposatzen ere, ezta utopia mailan ere. abstrakzio zentzugabeetara jotzen du bere apeta suntsitzailea nolabait justifikatzeko. Jende gaixo, ahul eta toxikoaren erresuminaren indarraz baliatzen da. Edonola, ez dezala inork pentsa jendaila horrek bere horretan gaitasunik duenik eginiko triskantza antolatzeko. Mugimendu honen sustatzaileak boteregune hainbat dira, Estatu espainiarreko alderdi gehientxuetatik hasita, zeintzuek amankomunean duten herri, kultura eta instituzio europarrek eman duten hoberenarekiko mespretxua, beti ere endekapen zibilizazionalaren inertziaren baitan. Jende honek ez daki gelditzen, muga guztiak haustera doaz, taburik handienak ere. Errespeturik merezi ez duen pozoin ideologiko batez ari gara, Euskal Herriarentzat zinez kaltegarria, eta nola edo hala gelditu beharrekoaz alegia. Boz gehiegi eman zaio gurean, gehiegi onartu zaie, erakunde eta komunikabide guztien partaidetza izan duelarik, eta herritarrok gehiegi isildu gara beren negar eta garrasi histrionikoen aurrean.

  • Lokatz Atzo

    Nire ustez, Euskal Herrian , eta bereziki euskal kulturan, wokismoa mediatik gora dago inguruko lurraldeekin alderatuz. Artistak, bertsolariak, idazleak etab. ikusi besterik ez dago: wokeak edo iritzirik ematen ez dutenak.
    Zorionez gizartea beste norabide bat ari da hartzen.

  • Txuflari Atzo

    “nazismoaren eskalan”
    “nazismoa” alajaina. Alaaaaaa, eman frenoari pixkat,frenaaaa koontxo…

    https://www.youtube.com/watch?v=UDUnCQleH9o (amaierako segundoetan)
    “txufla txufla, frena frena
    hurrengoan eingo degu Urolako trena”

    Nazismoaren eskala litzateke, zer dakit. pixa zutik egiten dugunok (nik egiten dut, aukerarik erosoena baita) kartzelan edo exekutatuta egotea. Orain, besterik gabe, gerta liteke argumentazio aspergarri eta (niretzat) ridikulo bat entzun (eta paso egin) behar izatea hor nonbait, baina bueno…

  • MIE Atzo

    EHn bere burua “ezkertiartzat” duen jende gehienak amua ederki irentsita dauka woke-riarekin, hainbeste, non jende aurrean ideia hoiekin kritiko azaltzera ausartzen ez den.
    Xelebrea da “ezkertiar” askoren jokabidea, sistemaren erakunde, hedabide, alderdi eta tresna guztietatik bonbardatzen ari zaizkigun balio woke-en alde jardunez sistema woke honen kontra ari direlakoan.
    Esna gaitezen bai, baina benetan, artikuluan aipaten den bezala, benetako borroketatik guztiz aldentzen ari baikatuzte ke horma honekin.

  • Aitor S. Atzo

    Gaur Argian: “heteroenak ez, heteroegiak bai”. Eta “homosexualenak ez, homosexualegiak bai” agertuko balitz? Lekaime feministaren batek…

  • Aitor S. Atzo

    Gaur baita ere Argian: “Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza” Eta afrikarrek ez zuten lapurtu hala? Bizargorri itsas lapurrak, Saleko errepublika, afrikarrak orohar… zintzo-zintzoak eta on-onak ziren. Benetan?

  • Dinot Atzo

    – Euskal telebistaren kolaboratzaile bat trabestia izateagatik dago hor.
    – Korrikako animatzailea gorputz disidenteei(?) pankarta atzean jartzeko eskatzen aritu zen.
    – Mendekua eskatzen duen bertsolariak.
    – Haurdun dagoen beste bertsolari batek izango duen haurra mutila edo neska izango den ezin azaldu.
    – Feminismoaren instituzionalizazioa (diskriminazio positiboa barne). Genero ikuspegia etxebizitzen eraikuntzan ezartzen dute adibidez.
    – Gaztetxoek ikusten duten Goazen telesailean transexualitatea jorratzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude